Arartekoak Nafarroako Gobernuari gomendatu dio euskarazko eskaintza zabaltzeko Lanbide Heziketan

AET Administrazioan Euskaraz Taldeak egindako eskari baten ondorioz heldu da gaia erakundera; izan ere, ikasle batzuk euskaraz ikasteko hautua egin ezinik daude, «eskaintza faltarengatik».

Hezkuntza konseilari Carlos Gimeno, agerraldi batean, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Hezkuntza konseilari Carlos Gimeno, agerraldi batean, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU
arantxa iraola
2026ko urriaren 16a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urriaren 7an Nafarroako Arartekoak ebatzitako espediente bat da, eta honako gomendio hau du Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenduarentzat: «Euskarazko Lanbide Heziketako ikasketen eskaintza zabaltzeko». AET Administrazioan Euskaraz Taldeak ezagutarazi du gaur gomendioa. Izan ere, haien bidez heldu zen gaia administraziora. «Eskaintza faltarengatik» euskaraz ikastea hautatu ezinik dauden ikasleen gaineko ardura adierazi zuten aurrena departamentuan, baina han ez zuten erantzunik jaso, eta horregatik heldu zen gaia Arartekora. Eta eman du irizpidea: euskarazko eskaintza handitu egin behar du departamentuak. 

AET elkarteko kideek gomendioaren berri emateko atera duten oharrean gogora ekarri dute PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak 2025erako hitzartu zuten aurrekontu akordioan lortu zela Lanbide Heziketa euskaraz zenbat ikaslek egin nahi duten jakin ahal izateko aurrerabide bat: izan ere, ikasleei modua eman zitzaien aurrematrikulazioan adierazteko ea euskaraz ikasteko prest zeuden. Eta horra iazko ikasturteko aurrematrikulazioan zer jaso zuten: 814 ikaslek azaldu zuten ikasketak euskaraz egiteko nahia.

AETren arabera, datu hori aintzat hartuta, euskarazko eskaintza handitzeko aukerak sortu ziren iazko ikasturtean: «Hamabost ziklo euskaraz eskain zitezkeen, lehenengo lehentasuna soilik kontuan hartuta hamabost ikasle edo gehiago zeudelako». Hori kontuan hartuta, martxoan eskea egin zion AETk Hezkuntza Departamentuari: «Hamabost ziklo horietan euskarazko eskaintza egitea, eta gainerako 71 zikloetan eskaintza egiteko aukera aztertzea».

Ez zuten erantzunik jaso, ordea. Eske hori bera hauspotu zuen martxoaren amaieran Euskalgintzaren Kontseiluak ere agerraldi batean: gogora ekarri zuten 800dik gora ikaslek adierazi zutela euskaraz ikasteko borondatea: «Baina gazteleraz ikastera behartu dituzte». Euskalgintzako ordezkariek gogora ekarri zuten gertakari horrek agerian utzi zuela euskarazko eskaintza «oso mugatua» dela arloan. 

Argudioak

Behin gaia Arartekora helduta, orduan hartu zuen gaiari buruzko argibideak emateko ardura Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak. Eman zituen azalpenetan, funtsean, argudiatu zuen euskaraz ikasteko hautua egitea ez dela aski horren aldeko urratsak egiteko. «Erantzun zion adierazle bakar bat ezin dela kontuan hartu, beste batzuk ere kontuan hartzekoak baitira: eskaria, matrikularen bilakaera, ikastetxe eta espazioen eskuragarritasuna, behar diren irakaskuntza baliabideak...», azaldu dute gaur AETko kideek. Hezkuntza Departamentuak adierazi zuen, baita ere, euskarazko ikasketen «eskaria eta haren bilakaera» aztertzen jarraituko duela. Hori, betiere, «eskaintzaren konfigurazioa zehazten duten faktore guztiak kontuan hartuta eta taldeen bideragarritasuna bermatuta». Erantsi zuen, halaber, aurrematrikulazioan hizkuntzaren gaineko «informazioa» biltzen jarraituko duela: «Eskaintza planifikatzeko elementu gisa». 

Arartekoak orain Hezkuntza Departamentuari gogorarazi dio, ordea, euskarazko ikasketak onartzeko «legezko betebeharra» duela. Halaxe jaso du espedientean: «Hezkuntza arloko administrazioari dagokio euskarazko irakaskuntza eskaintza antolatzea, hizkuntza horretan eskolatu nahi duten interesdunen eskariari erantzuteko aukera izan dadin». 

Eskariak

Euskalgintzak adierazia du egiturazko aldaketak egin behar direla. Euskalgintzaren Kontseiluak martxoan egin zuen agerraldian aurrerabideak egiteko eskari zehatzak zerrendatu zituen. Bat, Lanbide Heziketan euskarazko eskaintza «modu planifikatu eta progresiboan zabaltzea», eta euskaraz ikasteko aukera lurralde osoan bermatzea; bi, neurriak ezartzea euskaraz ikasi nahi duten ikasle guztiek horretarako aukera izan dezaten; hiru, euskarazko ibilbide osoak garatzea, oinarrizko mailatik goi mailako zikloetaraino, «jarraitutasuna ziurtatzeko»; eta lau, baliabide eta azpiegitura egokiak aurretik planifikatzea, «euskarazko eskaintzaren kalitatea eta iraunkortasuna bermatze aldera». 

AETk gaur publiko egin duen oharrean gogora ekarri du gai hau Nafarroako Parlamentura ere eraman zutela, eta hango ordezkariei eskatu zietela «presioa» egiteko eskabidearen inguruan. Erantzunik ez zutela jaso azaldu dute, arranguraz: «Momentuz, horren inguruan hausnartzen egongo dira, orain arte ez baitira mugitu. Agian, orain Arartekoaren gomendioaren oihartzuna iritsiko zaie».

Gogora ekarri dute, baita ere, gai honen jarraipen egokia egite aldera, ikasturte honetako aurrematrikulazioan ikasleek egindako hizkuntza hautuen berri izatea ere garrantzitsua dela. Salatu dute, ordea, Carlos Gimeno kontseilariak ez diela horren gaineko argibiderik helarazi. 

Arloan protesta gehiago ere izan dira euskaraz ikasteko trabak salatzeko. Ekainean, esaterako, Lekarozen egin zituzten, Hezkuntza Departamentuak ebatzi zuelako Lekarozko Bigarren Hezkuntzako Institutuko bost lanpostu ematea beste horrenbeste irakasle erdaldun elebakarri. Neurriak haserrea eragin zuen Baztango hezkuntza komunitatean, eta herritarrek mobilizazioak egin zituzten D eredua eta integrazioa bermatu. Euskaraz bizi nahi dugu! leloa ozentzeko. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA