Arartekoaren legea aldatzeko eskatu du Lezertuak bere agurrean

Karguari uko egiteko agiria aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean. Ines Ibañez de Maeztu izango da jarduneko arartekoa.

Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea eta Manuel Lezertua EAEko ararteko ohia, gaur. EUSKO LEGEBILTZARRA
Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea eta Manuel Lezertua EAEko ararteko ohia, gaur. EUSKO LEGEBILTZARRA
jakes goikoetxea
2025eko ekainaren 10a
13:00
Entzun 00:00:0000:00:00

EAEko Arartekoaren Legeak 40 urte ditu. 1985ean onartu zuten. Gizartea aldatu da, herritarren eskaerak aldatu dira, arartekoaren lana aldatu da, baina legea bere horretan dago oraindik. Horregatik, arartekoaren legea aldatzeko eskatu du gaur Manuel Lezertua EAEko arartekoak, karguari uko egiteko agerraldian: alde batetik, eragin politikoekiko independentzia bermatzeko; bestetik, funtzionamendua egokitzeko, gero eta esku hartze gehiago egiten baititu —15.000 iaz—. 

Lezertuak beste eskaera bat ere egin du: haurrentzako ararteko bat sortzea, gaur egun erakundeak haurren alde egiten duen lana indartzeko. Ararteko ohiak nabarmendu du haurren babesa izan dela bere kezka nagusietako bat: «Abusuen kasu batzuk iritsi zaizkit, asko kezkatu naute, eta, zoritxarrez, ezin izan ditut itxi».

Manuel Lezertuak Eusko Legebiltzarrean aurkeztu du karguari uko egiteko agiria. Hamar urte bete ditu karguan. Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentearekin eta erakundeko Mahaiko ordezkariekin bildu da.

Aurrerantzean Ines Ibañez de Maeztu izango da jarduneko arartekoa. Ibañez de Maeztu EAEko arartekoaren ondokoa izan da 2021etik. Legearen arabera, sei hilabete barru bukatuko da jardunean ararteko izateko epea. 

Gizarte hezitzailea

Ibañez de Maeztu Geografia eta Historian lizentziaduna da, eta gizarte hezitzaile lanean aritu da, adingabeekin. Adingabeen epaitegietan diseinatu eta barneratu ziren lehenbiziko lantalde teknikoetako partaide izan zen. Hezitzaile eta bitartekari izan da Bilboko lantalde psikosozial judizialean, eta lantalde teknikoko hezitzaile Gasteizko Adingabeen Epaitegian eta Pontevedrako Adingabeen Zentroan (Galizia). Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendari izan zen 2009tik 2013ra.

Eusko Legebiltzarrak ararteko berria aukeratzeko prozesua abiatuko du. Bost urterako aukeratzen dute, eta gehienez hamar urtez bete dezake kargua. Arartekoa aukeratzeko bost legebiltzarkidetik hiruren babesa behar dute, hau da, 75 legebiltzarkideetatik 45ena. Eusko Jaurlaritzan agintzen duten bi alderdiek, EAJk (27 ordezkari) eta PSE-EEk (12), ez dute gehiengo nahikoa arartekoa aukeratzeko; PPren zazpi ordezkariak gehituz gero, bai. EAJk eta EH Bilduk ere izango lukete arartekoa hitzartzeko eta onartzeko gehiengoa. 

Lezertuak uste du beste pertsona bat behar dela karguan, «ideia berriak eta luzera begirako proiektua izango dituena». Arrastoa utzi duela esan du gaurko ekitaldian: erakunde «sendoagoa» da, «sinesgarritasun garrantzitsua» du, eta independentea da. Nabarmendu du talde politiko guztien eta Eusko Legebiltzarraren babesa izan duela, arartekoaren lana erakundeentzat «desatsegina» izan badaiteke ere.

COVID-19aren pandemia izan zen ararteko ohiaren garairik gogorrena, erakundeek herritarrei eman beharreko erantzunak atzeratu egin zirelako. Erakundeei gogorarazi zien EAEko Arartekoari lagundu egin behar diotela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.