Arazo indibidualak kolektibo bilakatzeko deia egin du etxebizitza sindikatuen sareak

Etxebizitza Sindikatuen Sarearen topaketa irekiak egin dituzte Bilbon, «desjabetuen eta militanteen arteko elkarreragina» sustatzea helburu. Sarearen oinarri politikoak aurkeztu dituzte, baita grebaren «arriskuak eta erronkak» aztertu ere.

Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarearen V. topaketak, gaur, Bilbon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarearen V. topaketak, gaur, Bilbon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Maddalen Omaetxebarria
Bilbo
2026ko azaroaren 7a
18:36
Entzun 00:00:00 00:00:00

Greba orokorraren aurreko asteburua baliatu du Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak (EHESS) lehen topaketa irekiak antolatzeko. Ehun lagun baino gehiago bildu dira Bilboko Santutxu auzoko Karmela gunera, egitarauaren egun osoko eskaintzaz probestera. «Desjabetuak eta militanteak» auzoan edota auzotik kanpo sarean antolatzera deitu dituzte goizeko hitzaldietan, «arazo indibidualak kolektibo bilakatzeko» eta horrela «borrokaren ziklo berri bati» ekin ahal izateko.

Asteazkeneko greba orokorra «mugarri» izan daitekeela azaldu dute sareko kideek, baina greba Madrildik deitu izanak dakartzan «arriskuen» jakitun dira. Horregatik, sarearen apustua zera da, deialdia Euskal Herriratzea, «bertoko borroka moldeak» erabiliz diskurtso propioa eraikitzen eta elikatzen jarraitzeko. Greba hartzen ari den kanpaina kutsua arbuiatu badute ere, uste dute grebaren aurkako jarrera hartzea «arduragabekeria politikoa» litzatekeela: «Arrisku asko dauden arren, horiei aurre eginez gero, borroka ideologikorako aukera handiak eskain diezazkioke Euskal Herriari». Sindikatu sarearen helburua ez da greba bera; haragoko erronkei ekiteko «palanka» gisa ikusten dute ekinaldia.

«Komunitate politikoa»

Bost urte bete ditu sareak: Auzoan Bizi arabarra, AZET eta Batu bizkaitarrak, Saretxe gipuzkoarra eta Haritu nafarra. Bosturtekoan urtero egin izan dituzte topaketak kideek, sarearen oinarri politikoak ehuntzeko eta mobilizazioak antolatzeko. Baina, urteurren honetan, herrira zabaldu gura izan dute bilkura, etxebizitzaren egungo testuinguru zaurgarriak bultzatuta, garrantzizkoa begitandu baitzaie «komunitate politikoa bermatzea».

EHESSko kideek argi ikusi dute etxebizitza sindikatuak «politizazio eskola» gisa jokatzen ari direla azkenaldian. Azaldu dutenez, jabetu dira sindikalismoaren forma honek baduela bestelako potentzialik: «Orain arte herri mugimenduen parte ez zen jende asko mobilizatu dute». Hori ez ezik, langileen artean espero bako batasun bati ere bide eman dio etxebizitza eskubideari arreta jartzeak: «Duela bi hilabete sinestezina zirudien etxebizitzaren aldeko greba orokor bat egiteak, eta, are gehiago, etxebizitza sindikatuek eta klase sindikatuek deialdi bateratua egiteak».

EHESSren V. topaketak, Bilboko Karmele espazioan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
EHESSren V. topaketak, Bilboko Karmela gunean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU

«Pobreen arteko borroka» sustatu nahi den honetan, etxebizitza sindikalismoak «etsai komun bat» identifikatzea erraztu duela adierazi dute sareko kideek. Pozik mahaigaineratu dituzte borrokaren «garaipenak», azkenaldian hainbat etxegabetze bertan behera gelditu baitira «ehunka lagunek haien gorputzak jarri» dituztelako etxegabetzeak oztopatzeko. «Etxebizitzaren erabilera eskubidearen eta negozio eskubidearen arteko lehia irabazi eta eskubide hori geureganatzeko, ezinbestekoa da azaroaren 11n lantokiak hustea eta kalera ateratzea».

Armosutik afarira

Luze joan da eguna Santutxun. 10:30ean zabaldu dituzte Karmelako ateak, jakiz eta musikaz girotzeko hurbildu dira lehen goiztiarrak. Azken hamabostaldian Bilbo inguruan izan diren etxegabetze saiakerak geldiarazten ibilitako zenbait aurpegi ikus zitezkeen gaurkoan ere. Adin eta kultura askotariko jendeak osatu du publikoa.

Frontoiak aterpetu ditu goizeko ekitaldi gehienak. Sindikatuen sarearen aurkezpenarekin ekin diote egitarauari, 11:30 aldera, ordubete geroago heltzeko greba orokorraren inguruko analisia egiteari. Berbaldien ostean, herri bazkaria egin dute, indarrak hartu eta arratsaldean, tripa berotan, grebarako materialak prestatzeko auzolanean. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA