Ardanzari azken agurra emango diote gaur

10:00etatik 14:00etara hil kapera jarriko dute Ajuriaenean, eta hileta elizkizuna Elorrion egingo dute, 19:00etan. ETBk zuzenean emango du hileta, eta zuzeneko emankizunak egingo ditu goizean Gasteiztik.

Ajuria Eneako atarian kazetariak eta herritarrak, goizean. AITOR BIAIN
Ajuriaeneko atarian, kazetariak eta herritarrak, goizean. AITOR BIAIN
2024ko apirilaren 10a
09:51
Entzun

Herritarrek aukera izango dute gaur Jose Antonio Ardanza lehendakariari azken agurra emateko, 10:00etatik 14:00etara, Ajuriaenean jarritako hil kaperan. Astelehenean zendu zen lehendakaria, eta Gernika-Lumoko (Bizkaia) beilatoki batean eduki dute gorpua gaur arte.

08:15 aldera abiatu da segizioa Gernikatik, eta 09:50 aldera iritsi da Gasteizera. Iñigo Urkullu lehendakariak harrera egin die han, eta Ardanzaren alarguna, seme-alabak eta ilobak ere bertan izan dira. Jaurlaritzako kideak ere bertan ziren ordurako, baita Andoni Ortuzar EBBko burua eta Eusko Legebiltzarreko Mahaiko kideak ere.

Dolu egun ofiziala izango da, 15:00ak arte, eta protokoloa martxan jarri dute. Ertzainek zainduta eramango dute gorpua Gasteizerako bidean, eta Ajuriaenean ere zainduko dute hilkutxa. Eraikin publikoetako banderak makila erdiraino jaitsiko dituzte.

Iluntzean, berriz, hileta elizkizuna egingo dute, Ardanzaren sorlekuan, Elorrion (Bizkaia). Hango basilikan izango da, 19:00etan. Bilboko, Donostiako eta Gasteizko gotzainek gidatuko dute meza.

EITBk bere programazioa aldatu du, lehendakariaren agurra zuzenean emateko. ETB1en albistegi bereziak egingo dituzte goizean, Ajuriaenetik, eta Elorrioko hileta zuzenean emango dute, 18:50etik aurrera.

Espainiako Kongresuaren aitortza

Alde askotatik jaso ditu doluminak familiak, eta gaur ere badira haren oroitzapenez egindako mezuak. Espainiako Kongresuko presidente Francina Armengolek gogoan hartu du Ardanza, eta aitortza egin dio. Espainiako Gobernuak Araban duen ordezkari Mar Dabanek sare sozialen bidez eman dio dolumina haren familiari eta lagunei: «Agur eta ohore», idatzi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.