Jose Antonio Ardanza Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia hil da

Carlos Garaikoetxeak dimisioa eman ondoren heldu zen lehendakaritzara, eta 1985etik 1999ra zuzendu zuen Jaurlaritza. PSErekiko koalizioek eta Ajuriaeneko Itunak ezaugarritu zuten haren agintaldia. 82 urte zituela hil da.

Jose Antonio Ardanza, 2011ko urrian, Euskadi bihotzean liburuaren harira BERRIAk eginiko elkarrizketan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Jose Antonio Ardanza, 2011ko urrian, Euskadi bihotzean liburuaren harira BERRIAk eginiko elkarrizketan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
gotzon hermosilla
2024ko apirilaren 8a
15:25
Entzun

Jose Antonio Ardanza Eusko Jaurlaritzako lehendakaria gaur hil da, bere etxean. Hala baieztatu du EAJk sare sozialetan: «Jose Antonio Ardanza Garro gaur zendu da, Kanalan, etxean. Min eta atsekabe handiz hartzen dugu berri hau. EAJ-PNV osatzen dugun gizon eta emakumeok gure doluminak luzatu nahi dizkiegu bere emazteari, Mari Glori Urtiaga, alaba-semeari, Nagore eta Aitor, eta familia osoari. Goian bego Ardanza Lehendakaria, pertsona ona, zintzoa, bakezalea, jeltzalea, abertzalea». 1985etik 1999ra bitartean izan zen lehendakari, Carlos Garaikoetxearen lekukoa hartuta. Aurrez, Arrasateko alkatea (Gipuzkoa) izan zen, eta baita Gipuzkoako ahaldun nagusia ere.

Ardanza (Elorrio, Bizkaia, 1941) Ajuriaenera iritsi zenean, askok uste zuten ez zuela luze iraungo. Inork espero ez zuelarik eta kasualitatez heldu zen Eusko Jaurlaritzaren lehendakari izatera, EAJn izandako barne tirabiren ondorioz Carlos Garaikoetxeak dimisioa eman zuenean. Baina orotara hamalau urte egin zituen lehendakaritzan, inork baino gehiago Franco hil ostean instituzioa berriro ezarri zenetik. Nortasun gutxikoa zirudien politikari apal eta ezezagun hark lorratz sakona utzi zuen euskal politikagintzan, eta EAJk urte haietan hartutako norabidearen ikur bilakatu zen.

Euskadi bihotzean izeneko bere memoria liburuan, Ardanzak kontatzen du 1961ean, Deustuko Unibertsitatean Zuzenbide ikasketak hasi eta gutxira, harremanetan jarri zela EGIrekin, EAJren gazte erakundearekin, eta hango zuzendaritzako kide izatera ere iritsi zela. Kide gazteena zela eta, Pimpinela ezizena jarri zioten, eta haren egitekoa zen antolakunderako gazteak erakartzea eta «ekintzak antolatzea»; nagusiki, ikurrinak jartzea, «pintaketak egitea edo istiluren bat sortzea». Edonola ere, frankismoaren garaian, Ardanzaren jarduerarik esanguratsuena lan arlokoa izan zen: Lan Kide Aurrezkian beharrean hasi zen zuzenbide aholkulari gisa, eta horretan aritu zen 1969tik 1983ra.

Franco hil osteko lehenengo udal hauteskundeetan Ardanza zerrendaburu aurkeztu zen Arrasaten (Gipuzkoa), EAJren hautagaitzan, bai eta hango alkate bilakatu ere, eta urte berean Gipuzkoako Batzar Nagusietako kide ere hautatu zuten. Lau urtez jardun zuen alkate: hurrengo hauteskundeetan, 1983an, EAJk Batzar Nagusietako aukera hobetsi zuen eta Ardanza Gipuzkoako ahaldun nagusi hautatu zuten.

Ronald Reagan Ameriketako Estatu Batuetako presidentearekin, Etxe Zurian, 1988ko martxoan.
Ronald Reagan Ameriketako Estatu Batuetako presidentearekin, Etxe Zurian, 1988ko martxoan.

Ardura horretan zegoen EAJren barne gatazkak eztanda egin zuenean, 1985eko urtarrilean. Garaikoetxeak dimisioa eman zuen, eta EAJren EBBk Ardanza proposatu zuen hura behin-behinean ordezkatzeko. Eusko Legebiltzarrean, bozketa sekretua izan zen: antza denez, EAJko batzuek, geroago EA osatuko zutenek, ez zuten Ardanzaren aldeko botoa eman, eta PSEko beste batzuek, aldiz, hautagai jeltzaleari eman zioten botoa. Ardantza lehendakari izendatu zuten.

«Sasoi hartan, euskal gizarteak lider instituzional indartsuak nahi zituen, eta neu, egia esan, ez nintzen politikari ezagun bat», esan zion Ardanzak BERRIAri 2020ko apirilean. Ematen zuen haren eginkizun bakarra izan behar zuela Jaurlaritza gidatzea berriro bozak egin arteko hilabeteetan, argi baitzegoen lehendakariak hauteskundeen deialdia aurreratuko zuela. Azkenik, bozak 1986ko azaroan egin ziren: EAJk Ardanza aurkeztu zuen lehendakarigai, eta jeltzaleak bigarren gelditu ziren legebiltzarkide kopuruan –17, PSEk baino bi gutxiago–.

PSE, EE eta EAren arteko koalizio gobernua osatzeko saioak porrot egin zuen; azkenik, EAJ eta PSE ados jarri, eta Ardanza ostera ere lehendakari izendatu zuten, oraingoan koalizio gobernu baten buru. Euskal politikan aro berri bat zabaltzen ari zen: hurrengo urteetan eta Lizarra-Garaziko akordioak iritsi arte, EAJren eta PSEren arteko elkarlana izan zen ezaugarri nagusia, eta bi alderdiek –zenbaitetan, beste bazkide batekin– eratutako koalizio gobernuak izan ziren horren adierazpiderik behinena.

Jose Antonio Ardanzaren bigarren gobernua EAJ, EA eta EE alderdien ordezkariekin. Argazkian, besteren artean, goiko lerroan ezker-eskuin: Josu Bergara (2.), Joseba Arregi (3.), Mari Carmen Gallastegi (4.). Behean Iñaki Azkuna (1.), Inazio Oliveri (2.), Juan Maria Atutxa (3.), Jon Azua (4.), Jose Antonio Ardanza (5.), Martin Auzmendi (9.). OLALDE / EUSKALDUNON EGUNKARIA
Jose Antonio Ardanzaren bigarren gobernua EAJ, EA eta EE alderdien ordezkariekin. Argazkian, besteak beste, goiko lerroan ezker-eskuin: Josu Bergara (2.), Joseba Arregi (3.), Mari Carmen Gallastegi (4.). Behean Iñaki Azkuna (1.), Inazio Oliveri (2.), Juan Maria Atutxa (3.), Jon Azua (4.), Jose Antonio Ardanza (5.), Martin Auzmendi (9.). OLALDE / EUSKALDUNON EGUNKARIA

Alderdiak hartutako norabideari 1988an eman zioten bedeinkazioa, Bilboko Arriaga antzokian egindako batzarrean. Arriagako espiritua izendatu zuten horren arabera, ez zen abenturetarako garaia, eta ituna, moderazioa eta instituzio autonomikoen garapena lehentasuntzat hartu zituzten. Hurrengo hamarkada luzean, Ardanza izan zen estrategia hori Jaurlaritzara eramatearen arduraduna eta haren pisu politikoa izugarri handitu zen: berak ordezkatu zuen beste inork baino gehiago EAJren irudi autonomista eta moderatua.

Ardanzak gidatutako gobernuek arazo askori buru egin behar izan zioten: krisi ekonomikoa, Gernikako estatutuaren garapenari jarritako oztopoak eta abar. Baina, dudarik gabe, gatazka politikoari lotutako indarkeria izan zen korapilo nagusia. Horren harira, Ardanza lehendakariaren jarrera argia izan zen: Ajuriaeneko Ituna eta hortik eratorritako Ajuriaeneko Mahaia «demokraten batasuna» bermatzeko tresna gisa, eta aurrez aurreko konfrontazioa ezker abertzalearekin.

Arlo horretan, hamarkada gogorra izan zen 1990ekoa, eta, egoera kale itsu batean sarturik zegoela iritzita, lehendakariak proposamen bat egin zuen 1998ko otsailean, Ardanza plana deiturikoa, alderdien arteko elkarrizketa bultzatu nahian. Planak oso bide motza egin zuen, baina esanguratsua izan zen, Ardanzak EAJren barruan eskuraturiko autonomiaren adierazgarri izan zelako: EAJren EBBren presidente Xabier Arzalluzek bere memorietan idatzi zuenez, Ardanzak «alderdiari aholkurik eskatu gabe» idatzi zuen plana, eta jeltzaleek gainerako alderdietako ordezkariekin batera izan zuten haren berri, lehendakariak dokumentua Ajuriaeneko Mahaian aurkeztu zuenean.

Ajuriaeneko Mahaiaren bilera itunaren 10. urtemugan. Ezker-eskuin: Alfredo Marco Tabar (CDS), Inaxio Oliveri (EA), Txiki Benegas (PSE), Jose Antonio Ardanza (Eusko Jaurlaritzako lehendakaria), Kepa Aulestia (EE), Xabier Arzalluz (EAJ), Julen Guimon (AP).
Ajuriaeneko Mahaiaren bilera itunaren 10. urtemugan. Ezker-eskuin: Alfredo Marco Tabar (CDS), Inaxio Oliveri (EA), Txiki Benegas (PSE), Jose Antonio Ardanza (Eusko Jaurlaritzako lehendakaria), Kepa Aulestia (EE), Xabier Arzalluz (EAJ), Julen Gimon (AP).

Garai hartan bazegoen gatazka ataka zail hartatik ateratzeko ahaleginik, baina ez Ardanzak bere planean marrazten zuen norabidean: 1998ko irailean indar subiranistek —EAJ barne— Lizarra-Garaziko akordioak sinatu zituzten, eta handik gutxira, 1999ko urtarrilean, Ardanzak utzi egin zion lehendakari izateari, ardura horretan lau agintalditan jardun ostean.

Politikaren lehenengo lerroa alde batera utzita, enpresa munduan aritu zen buru-belarri. Tubacex enpresako aholkulari izan zen, eta, informazio batzuen arabera, hiru herrialdeetako aurrezki kutxen fusiotik sortu beharreko finantza erakundea berak zuzendu behar zuen, baina, azkenean, Euskalteleko presidente izendatu zuten lehendakaritza utzi eta urtebetera.

Jose Antonio Ardanza Euskaltelen 2004ko emaitzak aurkezten. 1999tik 2011ra bitartean izan zen telekomunikazio enpresako presidente. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Jose Antonio Ardanza Euskaltelen 2004ko emaitzak aurkezten. 1999tik 2011ra bitartean izan zen telekomunikazio enpresako presidente. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Hamabi urte eman zuen telekomunikazio enpresa horretan. Izan ere, 2010eko martxoaren 3an bihotzekoak eman zion, eta ospitaleratu behar izan zuten. Sendatu zenean, bere ardurak apurka-apurka uzteko asmoa agertu zuen, eta, azkenean, 2011ko abenduan utzi zuen Euskalteleko presidentetza.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.