Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak Europako Batasunean lobby gisa aritzeko fundazioa aurkeztu du gaur: eAtlantic. Haren hitzetan, «ardatz atlantikoa» indartzea izango du helburu. Europako ardatz atlantikoko «oparotasuna» sustatu nahi dute, eta bermatu «Europako Batasunaren gobernantza eraginkorra» izan dadila eta «herritarrengandik hurbil» egon dadila.
Urkullu bera izango da eAtlanticen presidentea, eta 27 patronatukidek osatuko dute. Besteak beste, fundazioaren parte izango dira finantza erakundeak, unibertsitateak, merkataritza ganberak eta gizarte erakundeak. Patronatukide sustatzaileak, berriz, Kutxabank, Petronor, Iberdrola eta BBVA izango dira, Urkullurekin batera.
Izan ere, fundazioa aurkeztu aurretik, patronatukideen eta laguntzaileen arteko bilera egin dute, eta bost gizonek zuzendu dute. Urkulluren aldamenean izan dira Kutxabankeko Anton Arriola, BBVAko Peio Belaustegigoitia, Iberdrolako Asis Canales eta Petronorreko Emiliano Lopez.
«Europako herritarrak erakundeekin identifika daitezen, hurbiltasun eta partaidetza mekanismo argiak behar dira»
IÑIGO URKULLUEusko Jaurlaritzako lehendakari ohia eta eAtlantic fundazioko presidentea
Lehendakari ohiaren arabera, «ardatz atlantikoaren interesak Europako agendan» kokatu nahi ditu lobby berriak. Eta «gogoeta» eta «ekintza» uztartu nahi ditu: «eAtlantic fundazioak balio erantsia emango duen tresna izan nahi du; hausnarketa eta ekintza proposamen zehatz eta egingarriak uztartu nahi ditu».
Jarduera plan bat landu du fundazioak, bi ardatz nagusi oinarri hartuta: «ardatz atlantikoaren oparotasuna» eta «gobernantza». Lehenengo ardatzari dagokionez, Urkulluk azaldu du ardatz atlantikoak «ondare eta gaitasun asko» dituela, baina, Europako Batasunaren kanpoaldean kokatuta dagoenez, «baztertuta geratzeko arriskua» duela. Hori dela eta, martxan dauden trantsizioak kontuan hartuta, lurralde hori indartzeko proposamenak egin nahi dituzte.
Bi lantalde
Lantalde bat martxan jarri nahi dute horretarako. Letta eta Draghi txostenen proposamenak ardatz atlantikoan txertatu nahi dituzte. Merkatu bakarraren eta lehiakortasunaren planteamendua ageri da lehenengo txostenean, eta berrikuntza eremua zein den azaltzen da bestean. «Oztopoak» eta «aukerak» identifikatzea izango dute helburu, eta haiek kontuan hartuta proposamenak egitea. Urkulluk esan duenez, «inbertsioak Europako agendarekin lerrokatu» nahi dituzte: «berrikuntza arloko defizita murriztu, deskarbonizazioan aurrera egin lehiakortasuna galdu gabe, eta interkonexioak indartu».
Beste lantalde bat sortu nahi dute Europako Batasunean gobernantza parte hartzailea sustatzeko. «Europako herritarrak erakundeekin identifika daitezen, hurbiltasun eta partaidetza mekanismo argiak behar dira», esan du Urkulluk. Are, jakinarazi du lan egingo dutela herritarrek hobeto uler dezaten Europako Batasunaren jarduera.
Helburu horiek guztiak lortzeko fundazioak «posizionamendu sendoa» behar duela iritzi du Urkulluk. Eragile publiko zein pribatuekin «aliantza estrategikoak» egitea ere ezinbestekotzat jo du. Haren iritziz, erakunde publikoen lana da «makroeskualde atlantikoa» sortzea. Ildo horretatik, prest agertu da Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean aritzeko, eta aipatu du euren lana, fundazio gisa, «osagarria» izango dela.