Tortura salaketak. Garazi Subiza. Jon Patxi Arratibelen neska-laguna

«Argi geratu da inolako babesik gabe zegoela»

joxerra senar
Iruñea
2011ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Atxiloketa unearen eta hurrengo egunen testigantza eman du Patxi Arratibelen neska-lagunak, Garazi Subizak.

Nolakoa izan zen atxiloketa?

03:00etan sartu ziren. Hainbeste oihurekin, berehala ate-joka genituen, bortizki, oihuka... Berak ireki zuen atea.Epaileak agindutakoa irakurri, inkomunikatuta zegoela esan eta bereizi egin gintuzten.Etxeko alde batean jarri zuten eta ni bestean, elkar ez ikusteko. Berak zazpi edo zortzi zituen gainean. Pasadaz ikusi nuen bitan eta pare bat gauza esan nion. Ohartarazi zidaten inkomunikatuta zegoela. Ez nuen ikusi ezta joan zenean ere.

Nola bizi zenuen inkomunikazioko garai hori?

Hasieratik hasten zara barneratzen, eta ez dakit nondik indarrak hartzen. Nire bizitzako egunik okerrenak izan dira. Bahiketa bat da. Badakizu normalean gertatzen dena: ateratzen direnean behin eta berriro salatzen dituzte torturak. Imajinatzen duzu zertan eta nola ariko den, eta egiten duzuna da indar pila bat bidali. Ez du ezertarako balio; berez, ezerk ez du ezertarako balio. Dena den, horregatik atera nituen indarrak eta pentsatu nuen: 'Izorratu gaituzte, baina gehiago ez'.

Nolakoa izan da herritarren babesa?

Gogotik eskertzen da. Larrituta zaude, gauza asko dituzu buruan, ezin diezu denei gauza bera kontatu eta okerrena da ez duzula ezer kontatzerik. Ez dakizu zer esan, ez dagoelako ezer. Eskertzen da asko, asko, asko, edozer gauza.

Gerora jakin da Arratibelek polizien aurrean deklaratzean bere izenaren ordez laguntza hitza idatzi zuen euskaraz alderantziz.

Zur eta lur geratu gara. Beti egon behar gara harro berarekin eta beste guztiekin, baina orain are gehiago, zeren guardia zibilen gainetik jarri da. Bestetik, kezka handia duzu. Imajinatu zer indar zuen hori jartzeko, zeren harrapatu izan balute... Horrekin argi geratu da, laguntza ari zela eskatzen,inolako babesik gabe zegoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.