ETAren armagabetzea. Iragarpena

Armagabetzea, apirilaren 8an

Txetx Etxeberri gizarte ekintzaileak 'Le Monde'-n iragarri du ETA gaur hiru astera desarmatuko dela guztiz. Espainiak desegiteko ere eskatu dio erakunde armatuari; Frantziak ez du adierazpenik egin

Txetx Etxeberri, iazko abenduaren 21ean, Baionako tren geltokian, Parisko auzitegitik bueltan. Harrera beroa egin zioten herritarrek eta eragileek. BOB EDME.
enekoitz esnaola
2017ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
21 egun barru, apirilak 8, larunbatarekin. Orduan armagabetuko da ETA. Jean Noel Etxeberri Txetx gizarte ekintzaileak eman zuen atzo berria, Le Monde Frantziako egunkarian: «ETAk bere arma biltegia armagabetzeko ardura eman digu, eta apirilaren 8an, arratsaldean, ETA guztiz armagabetuta egongo da». Euskal Herriko bake prozesurako beste mugarri bat izango litzateke.

Ez da harritzekoa izan Etxeberrik egitea jakinarazpena. Joan den abenduaren 16an, beste laulagunekin batera ETAren arma batzuk suntsitzear zela atxilotu egin zuen Frantziako Poliziak, Luhuson (Lapurdi). Epaileak egun batzuetara aske utzi zituen, Justiziaren kontrolpean, baina Etxeberrik-eta azaldu zuten gizarte zibilak eutsi egiten diola ETAren armagabetzea bururaino eramateko engaiamenduari. Ipar Euskal Herriko ehunka hautetsiren eta eragileren babesa jaso zuten. Gainera, Luhusoko operazioa zela-eta bakearen artisauen eta ETAko zuzendaritza batzordearen artean aurrez gurutzatutako gutunetan ikusi zen erakundearmatuak «armagabetzearen ardura politikoa eta teknikoa gizarte zibilaren esku» utzi zuela.

Eman du apirilaren 8ko data Etxeberrik, baina ez du berri eman bere kabuz. Askotariko eragileak daude armagabetze prozesuan inplikatuta. Luhusokoaren aurretik Frantziako Gobernuak zeozer bazekien ekintzaile sozialak zertan zebiltzan, baina Guardia Zibilak ere jakin zuen beste modu batera, eta polizia operazioa egon zen. Oraingo egoera ere, beraz, konplexua da.

Jean Marc Ayrault Frantziako Atzerri ministroak duela bost aste Miarritzen (Lapurdi) esan zuen «armen itzultzea estatuko kontrolpean» egin behar dela, eta «ahalik eta azkarren». «Arau batzuk daude eta errespetatu behar dira. Gauzak ordena egokian egin behar dira». Baina François Hollanderen gobernuak ez du hori ahalbidetzeko pauso erangikorrik eman orain arte; men egin izan dio Espainiako Estatuaren jokabideari. «Gure jarrera 2011ko abendutik ez da zentimetro bat ere aldatu», azaldu zuen atzo,Le Monde-ko berria jakin ondotik, Iñigo Mendez de Vigo Espainiako Gobernuko bozeramaileak, Ministroen Kontseilu bileraren ondorengo prentsaurrekoan. Haren arabera, bilduta zeudela jakin zuten albistea. Aldiz, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak adierazi zuen berak aurretik bazuela «informazio zuzena».

Hollande-Rajoy batera aurki

2011ko bukaeran hartu zuen Mariano Rajoyk Espainiako presidente kargua, ETAk jardueraarmatua bukatutzat eman eta bi hilabetera, eta Moncloak mahai gainean zeukan Oslon harekin gatazkaren ondorioez hitz egiteko aukera. Uko egin zion, eta jokabide horrekin segitzen du. «Armagabetzea eta desegitea da ETAk egin behar duena», esan zuen atzo Mendez de Vigok. Gauza bera zioen Rajoyk geroago. «Gure helburua ETA erakunde ez armatutzat ahal bezain laster deklaratzea da», iragarri zuen ETAk Luhusoko eskutitzetan. Frantziako Gobernuak, berriz, atzo ez zuen deus esan. Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak bai: «elkartasuna» agertu die gizarte zibileko kideei, eta azaldu du armagabetzean «ardura» hartzeko prest dagoela.

Luhusukoaz geroztik Hollandek eta Rajoyk bi aldiz ikusi dute elkar: joan den otsailaren 20an Malagan (Espainia) eta martxoaren 6an Versaillesen (Frantzia). ETAren gaia izan dute hizpide, hari atzemandako materiala Frantziak Espainiari emateko aukeraz mintzatu baitziren Malagan, esan zutenez. Gaur zortzi ikusiko dute berriro elkar, Erroman, Europako Batasuneko 28 kideen goi bilera batean. Harritzekoa izango litzateke hizpide ez izatea apirilaren 8koa.

Ikusteko dago datozen hiru aste hauetan zer egingo duten Parisek eta Madrilek. Zer Guardia Zibilak. Eta ikusteko dago prozesua bururaino eramateko artikulazio plural bat eratuko den Euskal Herrian. Euskal eragileak eta nazioarteko bitartekariak elkarrekin aritzeko lanean ari dira.

ETAren arma biltegiak Frantziako Estatuan baldin badaude —eta hala daudela uste da—, Frantziak kokapenaren berri jasoko du halako batean; ez da zabaldu norenaldetik eta noiz. Atzo eguerdian Le Monde-koa jakin ostean hedabide batzuek iragarri zuten ordu gutxira BBCk ETAren bideo bat emango zuela, eta bideoan esango zela arma biltegiak non dauden. Armagabetzeaz BBCnalbistea egitekoa zen kazetariak arratsaldeko laurak aldera BERRIAri aitortu zion Le Monde-k argitaratutakoa baizik ez zekiela berak. Ez zen bideorik izan. ETAk Luhusoko gutunetan idatzitakoa kontuan hartuta —armagabetzearen ardura politikoa eta teknikoa, gizarte zibilak—, ez zukeen logika handirik izango bideo horrek. Gainera, eta batik bat 2014ko otsailean armagabetzeko lehen ekinaldiaz nazioarteko bi egiaztatzailerekin egindako bideoaren ostean, indarra hartzen joan da prozesua ETAren presentziarik gabe burutzeko aukera. Le Monde-k dio ekinbide zabal batek ahalbidetuko duela armagabetzea. Joan den abenduko operazioan atzemandakoa ETAren arma biltegi guztiaren %15 zen, atxilotu aurretik Michel Tubianak, Mixel Berhokoirigoinek eta Etxeberrik idatzi batean ziotenez.

Tubiana Frantziako Giza Eskubideen Ligako buru ohiak Le Monde-n azaldu du euren nahia ETAren armak Frantziak berreskuratzea dela, eta horretarako egin dutela «frantziar agintariekin hartu-eman ugari», «baina badirudi ez dutela ezer entzuten». Parisi ohartarazi dio jarrera ez badu aldatzen aurrean izango duela euskal gizartea eta politika.

21 egun falta dira apirilaren 8rako. ETA armagabetzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.