'Aramburu auzia'

Armaren kartutxoak husteak «gehienetan» hiltzeko «borondatea» erakusten du, inkestatzailearen arabera

Parte zibilendako bereziki gogorra izan da goizeko auzi saioa. Arma ugari, polizia plakak, kaskoak eta besotakoak atzeman zituzten inkestatzaileek Arambururen hilketaren ondotik akusatuen etxeak miatu zituztenean.

Xavier Nogueras, Loik Le Priolen abokatua. FIRAS ABDULLAH
Xavier Nogueras, Loik Le Priolen abokatua. FIRAS ABDULLAH
Oihana Teyseyre Koskarat.
Paris
2026ko irailaren 9a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Federico Martin Arambururen hilketari buruzko xehetasun teknikoak eman ditu tiroketaren ondotik ikerketaz arduratu zen poliziak goizean. Saioa izugarri gogorra izan da parte zibilendako, Arambururen hilketaren inguruko xehetasun teknikoak azaltzera etorri baita inkestatzailea. Hilketa gertatu zen lekuko argazkiak erakutsi dituzte lehenik, gaualdi hartan bideokamarek grabatutakoak ondotik, eta, azkenik, hilketa eta gero poliziek hartutakoak. Arambururen gorpua erakutsi duten argazkiak baino lehen gelatik atera dira parte zibilak. Irudiak hedatu dituztenean, Loik Le Priol erailketaz akusatutakoak ez ditu begiratu: zolari so egon da. Bouvier erailketa saiakeraz akusatutakoak irudiak begiratu ditu, baina begiradak ihes egiten zion ikusi orduko. Lekuko gisa deklaratu duen poliziak parte zibilen abokatuen galderei erantzunez erran du armaren kargatzailea erabat husteak «gehienetan hiltzeko borondate bat» erakusten duela. Bouvierrek lau aldiz egin zion tiro Arambururi: armako kartutxa guziak. Le Priolek sei aldiz egin zuen tiro, hark ere kartutxoa hustuz. Justuki, hori izanen da auziaren funtsa: erailtzeko borondatea izan zutenetz ikertzea. Inkestatzaileak erran du polizia gisa ez dela ohikoa erailketa aferetan gisa horretako profilak ikertzea, Le Priolek eta Bouvierrek beren etxean zeuzkaten objektuei erreferentzia eginez. 

Bestalde, ikerketaz arduratu zen poliziak inkestaren lehen elementuak zein ziren azaldu du. Le Priolen eta Bouvieren etxeen miaketen irudiak hedatu dituzte, beraz. Bereziki deigarria izan da Bouvierren apartamentuko irudi sorta: zikinontziak zeuden denetan, eta nolanahika pausaturik armak denetan: sofa gainean, ohe gainean, tiraderetan... Denetara, hamabost arma atzeman zituzten, eta 1.089 kartutxo. Poliziari dagozkion objektu anitz ere identifikatu zituzten: plaka bat, besoko bat, kasko bat, balen kontrako barnekoak... Eta baita Hitlerren estatua bat ere. Inkestatzaileak erran du arma horiek gisa horretan aurkitu izanak ez duela «bat egiten» kolekzionista batek izan ohi duen egin moldearekin. Argazkiak hedatzean nardatua iduri zuen Bouvierrek. 

Le Priolen etxean ere atzeman zituzten arma batzuk, eta poliziari dagozkion objektuak ere bai. Inkestatzaileak aitortu du ez dela ohikoa halako materiala atzematea hilketei lotuta ikertzen dituzten susmagarrien etxeetan. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA