Oihana Teyseyre Koskarat.

Armatuak, eta beldurrik gabe

2026ko irailaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zer egingo dute faxistek babes osoz jarduteko aukera izanen dutenean? Eskuin muturra boterera iritsiko balitz, edo iritsiko denean, zer eginen dute? Zeren eta armatuak baitaude. 

Romain Bouvier Federico Aramburu errugbilari ohia erailtzen saiatzeagatik epaitzen ari dira asteotan Parisen. Haren etxean, Parisko auzo burges bateko apartamentuan, hogei bat arma atzeman zituzten, horietarik sei kargatuak. Eta 1.089 kartutxo. Bildumakoak, omen. Zaletasunez erosiak, liburu edo zigilu bilduma bat osatzen den gisan. Denetara, ia 25.000 euroko materiala. 

Loik Le Priol Arambururen erailketagatik epaitzen ari dira. Haren etxean ere bi arma atzeman zituzten. Eta haren aitaren etxean beste sei: kontrol judizialpean egona da Le Priolen aita, armak legez kanpo eskuratzeagatik —militar ohia da—.

Kolekzioko armak direla argudiatu du defentsak auzian, baina ongi erakusten du eskuin muturreko gizonek armekiko duten lilura, eta gizonkeriaren gauzatzean betetzen duten rola. Armak ditut, beraz gizona naiz. Le Priolen eta Bouvierren ingurukoek auzi saioan kontatu dute «mutiko ttipi guziek bezala armak maite» zituztela. «Mutiko ttipiek autoak eta armak maite dituzte», zehaztu zuen Le Priol aitak. 

Eta hori aski ez balitz, Frantziako Poliziari dagozkion hainbat objektu atzeman zituzten haien etxeetan: besokoak, kasko bat, plakak, balak gelditzeko txalekoak... Eta hain zuzen ere, Poliziaren besoko bat atera zuen Le Priolek Arambururekin borrokatu ondoan.

Beste zenbat aldiz egin ote du hori? Zenbat aldiz sinetsarazi ote du polizia dela? Non lortu ditu objektu horiek? Zertarako baliatzen zituen? Gainera, Le Priolen etxean Aljeriako dozena bat gizonen pasaporteak eta nortasun agiriak atzeman zituzten —eta 8.000 euro, xehez—. Zergatik, ba? Lan zikinak egin zituelako? Nork agindurik? Zeren truke? Gaualdi hartan, polizia den beren lagun batekin elkartu ziren. Polizia hori ez dute auzian deklaratzera deitu. Zergatik?

Kezkagarria da, are gehiago jakinda eskuin muturra gainordezkatua dela polizien eta soldaduen artean; Frantziako Armadako soldadu izandakoa da Le Priol, eta armadan sartzeko ikastaro bat egin zuen Bouvierrek. Horrek armak ukaiteko bidea errazten die, eta, gainera, armak erabiltzen ikasten dute: urtean 15.000 kartutxo tirokatzen zituen Le Priolek armadan, eta tiroketa ikastaroak egiten zituen Bouvierrek, zehaztu nahi izan ez duen leku batean.  

Galdera anitz daude dilindan, baina auzian ez dute horri buruzko azalpenik eman behar izan. Gauza bakarra erran dute: hedabideek kutsu politikoa eman nahi diola aferari. Haien kontrako konplot bat dela, alegia. Segur dena da 2022ko martxoaren 19an arma kargatuekin atera zirela karrikara eta kargagailuak hustu zituztela. Beren burua defendatzeko, omen. Ez zuten Parisen izateko eskubiderik, ez zuten elkartzeko eskubiderik eta ez zuten armarik izateko eskubiderik. Zenbateraino babestuak sentitu ziren lege horiek guziak urratzeko?

Aldeko haize bat sentitzen dute. Euskal Herrian ere, tindaketa faxistak egiteko neholako beldurrik ez dute: ez Ainhize-Monjolosen, ezta Itsasun, Irurtzunen, Lekunberrin, Leitzan eta Iruñean ere. Donostiako Egia auzoan migratzaile bat aire konprimituko arma batekin tirokatzean ere, beldurrik ere ez dute. Uda honetan Donostiako Alde Zaharreko balkoi batetik beste migratzaile bati tiro egiteko ere ez zuten beldurrik sentitu. Duela zenbait urte, 2019an, Baionako meskitaren kontrako atentatu bat egiteko ez zen beldurtu Claude Sinke Batasun Nazionaleko militantea: bi eskopetarekin tiro egin zien meskitara zihoazen bi gizoni. Argi da eskuin muturreko eraso armatuak emendatzen ari direla, eta gero eta beldur gutiagoz ari direla. Aldeko haizeak ez ditzala gehiegi harrotu, eta senti dezatela kontrako ufada. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA