PSOE-UP akordioa

Arnaldo Otegik "demokratizazio programa bat" eskatu die PSOEri eta UPri

Autodeterminazio eskubidea gauzatzea eta euskal presoak jarri ditu ardatz EH Bilduko koordinatzaile nagusiak.

Arnaldo Otegi, EH Bilduko koordinatzailea nagusia, gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA, FOKU
2019ko azaroaren 13a
18:05
Entzun

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak esan du gaur-gaurkoz ez duela posible ikusten bere taldeak Espainian PSOEren eta UPren arteko gobernuari bide ematea, eta horretarako beharrezkoa izango dela "demokratizazio programa bat". Ez du iragarri, beraz, EH Bilduren bost diputatuek zer-nolako botoa emango duten Pedro Sanchezen inbestiduran.

PSOEren eta UPren gobernu koaliziorako aurreakordioak "bizikidetza arazoaz" hitz egin izana deitoratu du Otegik, "Katalunian ez baitago bizikidetza arazorik; arazo politiko bat dago, Euskal Herrian bezala, eta hori autodeterminazio eskubidearen gauzatze demokratikoaren bidez konpontzen da. Pilota ez dago independentismoaren teilatuan, baizik eta haienean; argitu dezatela zer egin nahi duten". Haren arabera, 1978ko erregimena aldatu nahi ez badute, EH Bildu ez da hizketan hasiko.

Euskal presoen auziaz, gogoratu du UP urruntzearen aurka azaldu izan dela. "Ikusiko dugu [haien] gobernuak posizio hori defendituko duen". Otegik azaldu du EH Bilduk Llotja de Marreko adierazpeneko puntuak ardatz izango dituela hor ere; adierazpenean, hirugarren puntuak "preso politikoen askatasuna eta iheslarien itzulera" aldarrikatzen du.

EH Bilduren zuzendaritzak bilera egin ondoren eman du prentsaurrekoa Otegik, Donostian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.