Asfaltoaren eta zarataren erdian, berdeguneak hiriko bizitza arintzen duten arnasgune txikiak dira. Itzala eta paseatzeko guneak eskaintzeaz gain, airea garbitu, beroa eta estresa apaldu, eta herritarrak naturarekin lotzen dituzte. Halako gune gutxi dauden edo hiri plangintza txarra den lekuetan, agerian gelditzen da berdegunerik ez izateak eragina duela bizi kalitatean, txarrerako.
Euskal Herriko biztanle gehien-gehienak 10.000 biztanletik gorako udalerrietan bizi dira, eta Theo Oberhuber Ekologistak Martxan taldeko Naturaren Kontserbazioaren Arloko koordinatzaileak adierazi duenez, «berdegune egokirik ez izatea egiturazko arazoa da». Elkarteko kideen aburuz, «hiri plangintzek oro har porrot egin dute alderdi askotan, batez ere hiriguneak berdeguneekin bateragarri egiten». Europako Batasunak eta nazioarteko erakundeek gomendatzen dute eremu horiek handitzea eta haien kalitatea eta konektibitatea handitzea, baina, Oberhuberrek ohartarazi duenez, gomendio hori «ez dira behar bezala betetzen ari».
Apaingarri hutsa
Berdeguneei buruzko eztabaidari heltzeko orduan, ezin da apaingarri gisa duten balioa soilik aipatu. «Parke bat egiten den bakoitzean, lehendik dauden zuhaitzetatik abiatu behar da, eta ahal den neurrian errespetatu», nabarmendu du Eduardo Renovalesek, Bizkaiko Ekologistak Martxan-eko bozeramaileak. Haren ustez, hanka sartzea da hiri lorezaintza apaingarri soiltzat hartzea: «Ia itzalik ez duten kale zabalak ikusten ditugu askotan». Renovalesek adierazi du kudeaketa egokiagoa eginez gero errazagoa izan daitekeela orkideak, intsektu polinizatzaileak eta, oro har, biodibertsitatea handitzea hiri inguruneetan.
Arabako Ekologistak Martxan-eko bozeramaile Andres Illanak ohartarazi duenez, beharrezkoa da Gasteizko hirigintza berriro pentsatzea klimara eta hiri faunara egokitzeko. Gaur egun, hiriko lurzoruak hain trinkotuta daudenez, «ia ez da urik iragazten, eta zuhaitzek asko sufritzen dute». Eta ia urik ez iragazteak hiriko faunari ere eragiten dio. Illanaren arabera, «hiriak birnaturalizatu egin behar du alderdi guztietan, bai pertsonentzat eta bai faunarentzat, bero uharte gutxiago izan daitezen, eta babesleku klimatikoak izan daitezen, baita ura xurgatu eta euri jasen inpaktuak arintzeko moduko lurzoruak ere».
«Hiri biodibertsitatea funtsezkoa da: intsektuek, hegaztiek eta ugaztun txikiek eusten diete ekosistema prozesu batzuei»
THEO OBERHUBER Ekologistak Martxan taldeko Naturaren Kontserbazioaren Arloko koordinatzailea
Bide beretik, Oberhuberrek gogorarazi du ondo diseinatutako berdeguneak aisialdirako guneak baino askoz gehiago direla. «Espezie askorentzako habitatak ere bilakatzen dira, eta, aldi berean, herritarren bizi kalitatea hobetzen dute», azaldu du. Funtsezkoa da ikuspegi estetiko hutsa atzean uztea, eta arlo soziala eta ekologikoa integratzen dituzten kudeaketa ereduak ezartzea pixkanaka: belardiak etengabe ez moztea, klimara egokitutako espezieak txertatzea, landare inbaditzaile gutxiago erabiltzea eta inausketak hobeto arautzea. «Hiri biodibertsitatea funtsezkoa da: intsektuek, hegaztiek eta ugaztun txikiek eusten diete ekosistema prozesu batzuei. Gainera, praktika horien bitartez, apaldu egiten dira udalentzako kostuak», gehitu du.
Zuhaitz konpentsazioa
Hirietan zuhaitzak mozten direnean, promes egin ohi dute beste batzuk jarriko dituztela. Are, udalek ziurtatzen dute kendutako zuhaitz bakoitzeko beste ale batzuk landatuko direla. Baina, talde ekologistentzat, konpentsazio hori azalekoa da.
«Hamarkadak dituzten zuhaitzak erauzi eta, trukean, ale gazte batzuk landatzen dira. Hori ez da konpentsatzea», kexatu da Hodei Rodriguez Jauzi Ekosoziala taldeko bozeramailea. «Udalek aho betean hitz egiten dute iraunkortasunaz, baina ditugun berdegune apurrak suntsitzen dituzte», salatu du.
Renovalesek gauza bera azpimarratu du: «Etengabe inausi beharrik gabe garatu daitezkeen espezieak aukeratu behar dira». Renovalesen ustez, konpentsazioa zuhaitzak handitzeko eta hobetzeko aukera gisa baino ezin da baliatu; hau da, ez du izan behar kantitatean bakarrik oinarritua.
«Hamar urteko zuhaitz bat kentzen bada, ez da nahikoa urtebeteko zuhaitz gazte bat landatzea; hamar landatu beharko lirateke, eta hamar urteko zuhaitza zegoen ingurune berean, gainera»
ANDRES ILLANA Arabako Ekologistak Martxan-eko bozeramailea
Gasteizko egoera hizpide hartuta, Illanak gogorarazi du jakinarazpen ofizialetan eman ohi dituzten datuek ez dutela beti errealitatea islatzen. «Hirian zuhaitzak kentzen direnean, udalak esaten du Eraztun Berdean gehiago landatu dituztela, baina hori ez da benetako ordaina. Eraztun Berdea ez baita hiri eremua: han ez da jenderik bizi». Illanak esan du zuhaitzen ordezkatzeak proportzionala izan beharko lukeela zuhaitzen adinari eta funtzioari dagokienez: «Hamar urteko zuhaitz bat kentzen bada, ez da nahikoa urtebeteko zuhaitz gazte bat landatzea; hamar landatu beharko lirateke, eta hamar urteko zuhaitza zegoen hiri ingurune berean, gainera. Bestela, konpentsazioa estatistikoa besterik ez da».
Oberhuberrek gehitu du faktore teknikoek ez ezik ideologiak eta interes ekonomikoek ere pisu handia dutela auzi horretan. «Udalerri batzuetan nahiago dute plazak asfaltatu terrazak jartzeko eta diru sarrerak izateko, nahiz eta horren eraginez bero handiagoa izango den, biodibertsitate txikiagoa, eta bizi baldintza okerragoak. Gero, hiri eraldaketa gisa edo jasangarritasun gisa saltzen dute, baina zuriketa besterik ez da». Haren ustez, zuhaitzen benetako balioari buruzko pentsamolde politiko eta soziala aldatzen ez den bitartean, konpentsazioa baliabide erretorikoa izango da, konponbidea baino gehiago.
Horiek horrela, talde ekologistek funtsezko zeregina dute. Gizartearen presioak eta auzoetako biztanleen mobilizazioak ez dute beti emaitza bera, testuingurua eta agintarien zer-nolakoak diren. Batzuetan, protesten bidez, lortzen dute hirigintza proiektu kaltegarriak geldiaraztea eta berdeguneak zaintzea; beste batzuetan, ordea, antolaketa eta protestak gorabehera, interes politikoak eta ekonomikoak nagusitzen dira.