Klima aldaketaren aurkako borrokan, funtsezko rola dute zuhaitzek eta berdeguneek. Izan ere, udalerri handietan halako guneek onura ugari ekartzen dituzte: besteak beste, laguntzen dute bero boladen eragina arintzen, airearen kalitatea hobetzen eta bizilagunen ongizatea bermatzen. Hala ere, azken urteetan Euskal Herriko hiri askotan kontrako joera indartzen ari da: espazio naturalak urbanizazio proiektuen mesedetan sakrifikatzea. Zuhaitzak moztea eta berdeguneen desagertzea eragin dute zenbait lanek, eta, hala, eztabaida sozial eta politiko garrantzitsua piztu duten fenomeno zabalago baten parte bilakatu dira.
Joan den hilabetean, Berangoko Udalak (Bizkaia) 60 zuhaitz inguru moztu zituen Lantzarteko zelaian, aparkaleku bat eraikitzeko asmoz. Ordura arte jaietarako, jolasetarako eta auzo topaketarako lekua zen, baina egun batetik bestera zuhaitz gehienak moztu dituzte. «Prozedura nahiko irregularra izan da», salatu du Hodei Rodriguez Jauzi Ekosozialaren bozeramaileak, eta gogorarazi du oraindik ebazteke zegoen lege errekurtso batekin egin zela espazioaren eraldaketa. Elkartearen ustez, zuhaitzak mozteak, bermeak urratzea ez ezik, urte askotako ondare begetala desagertzea ekarri du, eta auzokideen atsekabea sortu.
Hainbat kasu
Berangoko kasua, baina, ez da bakarra. Iruñean, Donostian, Gasteizen eta Bilbon ere gertatu dira halakoak, eta hirigintza proiektu berrietarako lanek zuhaitz eta berdegune batzuk desagerrarazi dituzte. Udako beroaldietan, berpiztu egiten da horren gaineko eztabaida, noiz eta hirietan termometroak berrogei gradu baino gehiagotara iritsi direnean. Adituek diotenez, zuhaiztiak murriztuta, klima aldaketaren aurkako babesik handiena galtzen da eta, aldi berean, bizi kalitatea.
Gasteizen, esaterako, gizartearen presioak hirigintza proiektu bat gelditzea lortu zuen; izan ere, lanek kalte egingo zioten berdegune historiko bati. Andres Illana Arabako Ekologistak Martxan-eko bozeramaileak azaldu duenez, herritarrek eta talde ekologistek herri plataforma bat osatu zuten Arriagako parkean autobus geltokia eraikitzeko proposamenaren aurka. Mobilizazio horri esker, geltokia beste leku batean eraiki zuten. Illanaren arabera, «borroka indartsua izan zen hiriko berdeguneen defentsan». Adibide horrek erakusten du gizarte presioak hirigintza proiektu kaltegarriak geldiarazi eta komunitate espazioak babes ditzakeela.
«Toki batean egiten diren ahaleginak oso ondo daude, baina gauza batzuk irabaz daitezke eta beste batzuk ez»
EDUARDO RENOVALES Bizkaiko Ekologistak Martxan-eko bozeramailea
Bilboko Deustu auzoan, berriz, gatazka Madariaga etorbidea berritzeko proposamenak sortu zuen: zenbait zuhaitz mozteko plangintza aurkeztu zuten, espaloiak handitzeko. Proiektu honek gogora ekarri zuen Lehendakari Agirre etorbidea berritzeko egin zutena, eta orduan zuhaitz asko moztu zituzten. Eduardo Renovalesek, Bizkaiko Ekologistak Martxan-eko bozeramaileak azaldu duenez, Stop Tala Deusto plataforma mobilizatu egin zen, eta lortu zuten Madariaga etorbideko zuhaitzak babestea. Erreforma erabat gelditu ez bazen ere, proiektuan aldaketak egitea lortu zuten, eta, hala, hainbat zuhaitz babestu. Renovalesek gogoeta egin du: «Toki batean egiten diren ahaleginak oso ondo daude, baina gauza batzuk irabaz daitezke, eta beste batzuk ez. Mugitu beharra dago, baina kontuan hartuta borrokak askotarikoak direla eta bizitzak jarraitzen duela». Kasu horrek erakusten du militantziak konpromisoak eta hobekuntzak lor ditzakeela, nahiz eta proiektu bat erabat gelditzea ez lortu.
Donostiako Gros auzoko kasua zailagoa izan da, eta, nahiz eta mobilizazio ugari egin, hirigintza garapena herritarren interesaren gainetik jarri da. Felix Soto Groseko Auzo Elkarteko egungo presidentea da, eta Donostiako Udaleko hirigintzako arduradun gisa jardun zen 1979tik 1986ra. Sotok salatu du ez dela batere gardena izan mendeurreneko parkea Basque Culinary Centerri lagatzeko prozedura. Parke zaharraren gainean 9.500 metro koadro eraiki dituzte, eta badira planak inguruko zuhaitz gehiago. Sotok kritikatu du udalarekin elkarrizketarik ez izatea: «Saiatu eta saiatu, baina ezinezkoa da alkatearekin hitzordua lortzea. Manifestazio ugari egin ditugu 1.000 pertsona baino gehiagorekin, eta erantzunik gabe jarraitzen dugu». Auzokoek auzitara jo, eta helegitea aurkeztu zioten proiektuari, baina auzitegi nagusiek ez diete arrazoia eman, nahiz eta Basque Culinary Centerri emandako lizentzia berrikusteko dagoen oraindik. Kasu honek erakusten du gardentasun eta borondate politiko faltak nola muga dezakeen herritarren mobilizazioaren arrakasta, baita komunitatea aktiboki antolatu eta protestatzen duenean ere. Azpimarratu behar da ere garrantzitsua dela presioa etengabe egitea agintariei.
«Europako Batasunak horren aldeko apustua egiten zuen lehen eta, zoritxarrez, orain ez»
ANDRES ILLANA Arabako Ekologistak Martxan-eko bozeramailea
Berangon ere auzokoen mobilizazioek ez dute lortu hirigintza proiektua geldiaraztea, eta horrek askotan frustrazioa eragiten die plan horien aurka ari direnei. Renovalesek ohartarazi duenez, protesta modurik gogorrenek —hala nola zuhaitz bati edo hondeamakina bati kateatzeak— zenbait prozesu judizial ekar ditzakete, eta 30.000 eurorainoko isunak. Horrek guztiak mugimendu sozialak desanimatzea eta higadura emozional eta ekonomikoa dakar. Haren ustez, udal askok berdegune gehienak urbanizatzeko dituzten asmoak bereziki zailtzen du horien defentsa.
lllanak Europako eta tokiko esperientziatik abiatuta azaltzen du erabaki politikoak ideologiarekin oso lotuta daudela, eta ulertezina dela klima aldaketa ukatzea: «Europako Batasunak horren aldeko apustua egiten zuen lehen, eta, zoritxarrez, orain ez. Bruselak eman duen bira honekin, berderantz egin ziren urrats guztiek atzera egiten dute orain, modu lotsagarrian. Naturan oinarritutako konponbideak behar ditugu. Hiriak bizigarriago egiteko».