Aroztegiko Elkartasun Komiteak salatu du epaiak «argi-ilun anitz» utzi dituela

Ontzat jo dute «talde kriminal» bat osatzen zutelako akusazioa bertan behera utzi izana. Datozen asteetan elkartasun kanpaina bat abiatuko dutela iragarri dute, eta herritarrei parte hartzera dei egin diete.

Aroztegiko Elkartasun Komitearen prentsaurreko jendetsua gaur, Elizondon. AITOR KARASATORRE / FOKU
Aroztegiko Elkartasun Komitearen prentsaurreko jendetsua gaur, Elizondon. AITOR KARASATORRE / FOKU
Isabel Jaurena.
Elizondo
2025eko irailaren 22a
20:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Zazpi herritar kartzela zigorraren mamuaz libratzeaz gain, Euskal Herriko antolakuntza demokratikoaren eta desobedientzia zibilaren kriminalizazioa saihestu dugu, baita etorkizuneko borroketan aurrekari arriskutsu honek ekarriko lituzkeen zigortze neurri larriak ere. Beraz, herri mugimenduek gaur badugu zer ospatu». Horrela mintzatu da Aroztegiko Elkartasun Komitea joan den ortziralean publiko egin zen epaiaz. Esplikatu dute, halere, erabaki horrek «argi-ilun anitz» utzi dituela, eta, kartzela zigorra saihestu badute ere, milaka euroko kalte ordaina eta 62.000 euroko isuna ordaintzeko zigorra ez dela «ez bidezkoa, ezta onargarria ere»: «Argi erran nahi dugu: desobedientzia zibila ez da delitua!».

Gaur egin du komiteak epaiaren balorazioa Elizondon (Nafarroa), ehunka herritarren babesean. Joan den aste hondarrean zabaldutako epaiaren arabera, zazpi auzipetuek obrak gelditu zituzten eta langileen lana oztopatu zuten, eta, hortaz, derrigortze delituagatik akusatu dituzte; baina ez dago froga nahikorik «talde kriminal» bat zirela ondorioztatzeko. Sententzia ez da irmoa, eta helegitea aurkeztu daiteke. Hain zuzen, hori ere nabarmendu dute gaur, zehaztuta balorazioa lehen instantziako epaiari buruzkoa izanen dela. 

2021eko apirilean egin zituzten Aroztegiko protestak, Lekarozen (Baztan, Nafarroa), obrak geldiarazteko: Palacio de Arozteguia SM enpresaren proiektu urbanistikoari aurre egiteko batu ziren herritarrak, enpresa sustatzaileak luxuzko 228 etxebizitza, golf zelai bat eta lau izarreko hotel bat eraiki nahi zituelako 350 biztanleko Lekaroz herrian. Bada, horregatik, guztira hogei urteko kartzela zigorra eta 56.000 euroren isunak eskatzen zituzten zazpi baztandarrendako.

«Ez da bidezkoa makroproiektu espekulatzaileak inposatzen dituztenek, ehunka urteko zuhaitzak botatzen dituztenek, errekak eta bazterrak hondatzen dituztenek inolako ondoriorik jaso ez, eta guk, momentu batez sarraskia geldiarazi izanagatik, zigorrak pairatu behar izatea»

AROZTEGIKO ELKARTASUN KOMITEA

Komiteak nabarmendu du kasuaren absoluzioa dela «epai justu bakarra»: «Euskal Herrian historikoki errepresioa pairatzea normalizatzera ailegatu bagara ere, edozein zigor neurrigabekoa da». Are, adierazi dute «espekulatzaileak» eta horiek laguntzen dituzten «Nafarroako Gobernua eta hura sostengatzen duten alderdi politikoak» direla Aroztegiko auzian «erantzule zuzenak», eta horiek ez dutela ondoriorik jaso.

Salatu dutenez, prozesua «barrabaskeria galanta» izaten ari da, eta ez da onargarria «denen lurra defendatzeagatik bortxa eta derrigortze delituengatik kondenatzea». «Ez da bidezkoa makroproiektu espekulatzaileak inposatzen dituztenek, ehunka urteko zuhaitzak botatzen dituztenek, errekak eta bazterrak hondatzen dituztenek inolako ondoriorik jaso ez, eta guk, momentu batez sarraskia geldiarazi izanagatik, zigorrak pairatu behar izatea», borobildu dute.

«Erresistentziaren indarra»

Epaia «herri oso baten borrokaren testuinguruan» kokatu behar dela erran dute, eta «erresistentziaren indarra eta auzolanaren balioa» nabarmendu. «Marea horia indartsu agertu da otsoaren hortz zorrotzen aitzinean. Aroztegiko borroka ez da soilik tokiko auzia, gure etorkizuna eta gure herriaren erabakitze eskubidea jokoan dago», adierazi dute.

Hain zuzen, lortutakoa herri mugimenduaren lanaren emaitza dela esplikatu dute, eta hemendik aitzinera ere bide horretan segituko dutela nabarmendu. Hala, iragarri dute datozen asteetan elkartasun kanpaina bat abiatuko dutela, eta parte hartzera dei egin diete herritarrei, «bakoitzak ahal duen ekarpena eginez». «Orain arte egin dugun bezala errepresio ekonomikoari modu kolektiboan erantzunen diogu».

UGEP indarrean

Aroztegiko UGEP udalerriz gaindiko eragina duen plana indarrean dagoela gogorarazi dute agerraldian, eta erantzuleei behin betiko bertan uztea galdegin diete. «Gaur hemen bildurik, berriz ere baieztatzen dugu gure konpromisoa: Aroztegia geldituko dugu, eta gure herriaren alde segituko dugu lanean, tinko eta elkarrekin», borobildu dute txalo artean. 

(ID_15344785) (aitor Karasatorre/@FOKU) 2025-09-22, Elizondo. Aroztegiko Elkartasun Komitearen agerraldia, epaia baloratzeko
Aroztegiko Elkartasun Komitearen prentsaurreko jendetsua gaur, Elizondon. AITOR KARASATORRE / FOKU

Hain zuzen, 2015eko hauteskundeetarako bortz egun bakarrik falta zirela, Yolanda Barcinaren gobernuak proiektuaren UGEPa tramitatzea onartu zuen. Horren bidez, bertan behera gelditu zen Baztango Udalak lur horien gainean zuen hirigintza arloko eskumena, eta Nafarroako Gobernuaren eskuetara pasatu zen. Hau da, udalak ez du arlo horretan erabakitzeko ahalmenik.

2015eko mugimendu haren ondotik, UPNk gobernua galdu zuen, eta Geroa Bairen esku gelditu zen. Horrek, ordea, apenas izan zuen eraginik, Uxue Barkosen alderdiak Aroztegiko proiektua defendatu baitu, bai Baztanen eta bai Nafarroan.

Plan hori indarrean badago ere, obrak gelditu zirenean TEX enpresa auzitik erretiratu zen, eta lanen ebazpena hutsik dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.