Aroztegiko zazpi auzipetuek ez dute kartzela zigorrik bete beharko, baina isunak ordaindu beharko dituzte

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak eman du erabakiaren berri, eta adierazi du ez dagoela frogarik «talde kriminal» bat zirela ondorioztatzeko.

Aroztegiko auzipetuak, Iruñeko epaitegiaren kanpoaldean, euren aurkako epaiketa bukatuta. ION ORZAIZ
Aroztegiko auzipetuak, Iruñeko epaitegiaren kanpoaldean, euren aurkako epaiketa bukatuta. ION ORZAIZ
Isabel Jaurena.
2025eko irailaren 19a
09:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iritsi da Aroztegiko epaia: Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi duenez, auzipetuek ez dute kartzelara joan beharko, eta guztiek isunak ordaindu beharko dituzte: protestetan identifikatu zituzten aldien araberako isuna izanen da, gehienez 9.900 eurokoa. Epaiaren arabera, zazpi auzipetuek obrak gelditu zituzten eta langileen lana oztopatu zuten, eta, hortaz, derrigortze delituagatik akusatu dituzte; baina ez dago froga nahikorik «talde kriminal» bat zirela ondorioztatzeko. Sententzia ez da irmoa, eta helegitea aurkeztu daiteke.

2021eko apirilean egin zituzten Aroztegiko protestak, Lekarozen (Baztan, Nafarroa), obrak geldiarazteko: Palacio de Arozteguia SM enpresaren proiektu urbanistikoari aurre egiteko batu ziren herritarrak, enpresa sustatzaileak luxuzko 228 etxebizitza, golf zelai bat eta lau izarreko hotel bat eraiki nahi zituelako 350 biztanleko Lekaroz herrian. Bada, horregatik guztira hogei urteko kartzela zigorra eta 56.000 euroren isunak eskatzen zituzten zazpi baztandarrendako.

Maiatzaren 19tik 23ra bitarte izan zen epaiketa, eta «talde kriminal antolatu bat izatea, eta derrigortze eta bortxa delitu larriak» leporatzen zizkieten, zehazki. Epaiketaren hondar egunean auzipetuek berek adierazi zuten «arras posible» zela talde kriminalaren kondena ezartzea, baina ez da hala izan. 

Hain zuzen, epaileak erabaki du egunero hamabortz euroko isuna ordaindu beharko dutela zazpi auzipetuek: 22 hilabetez ordaindu beharko du horietako batek, guztira 9.900 euro; 21 hilabetez auzipetuetako hiruk, guztira 9.450 euro; hogei hilabetez bik, guztira 5.850 euro; eta hamahiru hilabetez zazpigarrenak, guztira 5.850. Horrez gain, Aroztegiko obrez arduratu ziren bi enpresei kalte ordainak ordaindu beharko dizkiete, erantzukizun zibilagatik.

Epaitegiak ohar bidez esplikatu duenez, froga dokumentalak aztertu eta gero, eta testigantza guztiak entzun ondoren, ez dago froga nahikorik zazpi auzipetuek «talde kriminal» bat osatzen zutela ondorioztatzeko.

Bertze akusazio bat ere bertan behera utzi du epaileak: epaiketaren hondar egunean auzipetuek salatu zuten enpresak eta fiskaltzak «gezurretan oinarritutako kontakizun misogino, patriarkal eta klasista bat» asmatu dutela, eta haien aurkako «kontakizunaren» arabera, akusatuetako bat —emazteki bat— zela «taldeko buru», eta denek haren esanetara indarkeriaz jarduten zutela. Kontrara mintzatu da epailea, eta adierazi du ez dagoela froga nahikorik hori horrela dela ondorioztatzeko. «[Emakume hori] bideoetan mintzatzen agertzea eta hari elkarrizketak egitea ez da froga nahikoa ekintza biolentoak antolatzen zituela ondorioztatzeko».

Akusazio horiek guztiak bertan behera utzi baditu ere, epailearen irudiko, zazpi auzipetuek langileei lan egitea «eragotzi» zieten. Are, iturri horren arabera betiere, auzipetuek ez zuten «jarrera baketsua» izan. «Horrenbestez, auzipetuak hor egote hutsak, aintzat harturik inguruabarrak nolakoak ziren eta horrek zenbateko arriskua zekarren, larderiazko giro bat sortzen zuen, eta bide ematen zuen derrigortze delitua egiteko; hain zuzen ere, delitu horregatik akusatu dituzte», dio dokumentuak.

«Eskutik hartuta»

Auzipetuek salatu zuten epaiketan «eskutik hartuta» aritu zirela fiskaltza eta Lekarozen (Nafarroa) Aroztegia hirigintza proiektua gauzatu nahi duen enpresa. Auzipetuen arabera, Palacio de Arozteguia SM enpresarendako «nahitaezkoa» da sinetsaraztea «talde kriminal hierarkiko eta antolatu bat» osatzen dutela akusatuek, gainontzean ezinen baititu «diru publikotik 43 milioi euro lortu».

Epaiketan, baina, hainbat lekukok gezurtatu egin zituzten fiskaltzak eta akusazioak errandakoak: epaiketaren bigarren egunean, deklaratzera deitutako guardia zibilek erran zuten ez zutela indarkeria zantzurik ikusi; are, bizpahiru lekukok azpimarratu zuten protestak «modu baketsuan» egin zirela. Biharamunean foruzainek deklaratu zuten, eta berretsi Aroztegiko protestak «modu baketsuan» egin zirela.

Aroztegiko akusatuen aldeko manifestazioa, Iruñean, otsailaren 1ean. AITOR KARASATORRE / FOKU
Aroztegiko akusatuen aldeko manifestazioa, Iruñean, otsailaren 1ean. AITOR KARASATORRE / FOKU

Akordiorik ez

Hiru aldeen artean akordioa egiteko hainbat saio egin dituzte. Epaiketaren aitzineko asteetan izan zen azkena: Aroztegiko Elkartasun Komiteak adierazi zuen fiskaltzak jakinarazi zien akordio bat zegoela, baina handik egun batzuetara jakin zuten enpresak ez zuela onartu. Negoziazio horietan, fiskaltzak eta Palacio de Arozteguia SM enpresak adierazi zuten prest zirela «talde kriminalaren akusazioa» bertan behera uzteko; ordea, letra txikiz: «marra gorri» gisa izendatutakoa gainditu baitzuten. «Enpresak gure kontrako erantzukizun zibilaren eskaera zigorra irekia uztea erabaki du, hura omen baitu Nafarroako eta Espainiako Gobernuengandik 43 milioi euroko kalte ordaina lortzeko bide bakarra», adierazi zuen ordu hartan komiteak.

Joan den urteko azaroan ere fiskalak akordiorako deitu zituen zazpi akusatuak, eta erran prest zela «talde kriminalaren akusazioa» bertan behera uzteko; ordea, ordu hartan egindako agerraldian erran zutenez, Palacio de Arozteguia SM enpresa akusazio horrekin «tematu» zen, «erasotzailea biktima gisa agertzeko». Ondorioz, auziak epaiketarako bidea hartu zuen.

Aroztegiko auzipetuen aldeko elkarretaratze bat, iazko azaroaren 26an, Lekarozen.
Aroztegiko auzipetuen aldeko elkarretaratze bat, iazko azaroaren 26an, Lekarozen. IÑIGO URIZ / FOKU

Elkartasun komitekoek behin baino gehiagotan jakinarazi dutenez, negoziazioetan «zentzuzko akordio bat» lortzea zen beren helburua, zenbait ideia azpimarratuta. Batetik, onartzen dute Aroztegiko obra haiek «desobedientziaz gelditu izana», eta prest daude «desobedientzia ekintza jakin horren ondorioen» erantzukizuna hartzeko. Baina, bertzetik, ez dute onartzen «talde kriminaltzat» jotzea, «izendapen horren bidez Euskal Herri guztiko borroketan aurrekari bat sortzeko asmoa» dutelako. 

UGEP indarrean

Hamar urte daramatzate baztandarrek proiektu horren kontra egiten. 2015eko hauteskundeetarako bortz egun bakarrik falta zirela, Yolanda Barcinaren gobernuak proiektuaren UGEP udalerriz gaindiko eragina duen plana tramitatzea onartu zuen —oraindik indarrean dago—. Horren bidez, bertan behera gelditu zen Baztango Udalak lur horien gainean zuen hirigintza arloko eskumena, eta Nafarroako Gobernuaren eskuetara pasatu zen. Hau da, udalak ez du arlo horretan erabakitzeko ahalmenik.

2015eko mugimendu haren ondotik, UPNk gobernua galdu zuen, eta Geroa Bairen esku gelditu zen. Horrek, ordea, apenas izan zuen eraginik, Uxue Barkosen alderdiak Aroztegiko proiektua defendatu baitu, bai Baztanen eta bai Nafarroan.

Auzia gatazka iturri izan da Baztango Udalean ere, proiektuaren alde eta kontra lerratu izan baitira alderdiak: EH Bildu eta Baztango Ezkerra, kontra, eta UPN eta Geroa Bai, alde. Herritar gehienak ere proiektuaren kontra agertu dira: 2016an herri galdeketa bat egin zuten: herritarren %27,7k parte hartu zuten, eta horietatik %82,8k adierazi zuten proiektuaren kontra zeudela. Oposizioak oposizio, 2021ean obrak hasi zituzten, baina orain auzipetu dituzten herritarrek, bertze hainbatekin batera, geldiarazi egin zituzten.

Are, indarrean dago oraindik Aroztegiko proiektuari dagokion udalerriz gaindiko eragina duen plana —2039 bitarteko epea du—, eta, beraz, proiektua ez dago guztiz geldirik. Ordea, obrak gelditu zirenean TEX enpresa auzitik erretiratu zen, eta lanen ebazpena hutsik dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.