Kanbotik landa Arrangoitze (Lapurdi): Bizi mugimendua hauteskunde aitzineko kanpainan abiatua da, hots, azken agintaldi honetan ingurumenaren aldeko apusturik batere edo kasik egin ez duten herrien salaketa kanpainan. Goizean, Arrangoitzeko Herriko Etxea hartu dute, «gardentasun falta» dela seinalatuz ingurumen gaiei dagokienez. Hain zuzen, Arrangoitze da 3.500 biztanle baino gehiagoko herrien artean Biziri informaziorik batere eman ez dion herri bakarra.
Halere, Bizik zenbait herriren ekintza falta gainditzeko asmoa baitu, administrazio dokumentuetarako sarbidea galdegin dio horietaz arduratzen den CADA batzordeari, dokumentuek biltzen duten informazioaren jakiteko «eskubide demokratikoa» bete dadin: goizean jakinarazi dute baietza eman zaiela, eta, beraz, Arrangoitzeko dokumentuak aztertzen ahalko dituztela nahiz eta herriko etxeak berak ez dizkien eman nahi izan. Horiek horrela, herriko etxeak iragarri du asmoa duela batzordeak adierazi duena betetzeko eta legeak eskatzen duen informazioa igortzeko hilabete hondarrerako.
Bizik berak pentsaturiko «eraldaketa ekologikorako» itunak herri izenpetzaileen jokabideak aztertzen ditu herrietan, agintaldika. Edozer erabaki harturik ere klima aldaketan ukanen duen eragina neurtzea da helburua. Ikerketen emaitzak duela bi hilabete aztertu zituzten, eta, orokorki, iritzi dute hautetsiek duela bost urte ituna izenpetzean hitzeman zituztenetarik urrun geratzen direla hartutako erabakiak, baita klima larrialdiak behar lukeen eraldaketa heinetik urrun ere. Halere, Arrangoitzeren arrastorik ez, informaziorik ez baitu komunikatu.