Politika

Arrano beltzaren begirada

Jesus Egiguren PSE-EEko presidenteak «abertzaletasun, baskismo eta nabarrismo berria» aldarrikatu ditu bere azkeneko liburuan. Euskal Herria kontzeptua berreskuratu nahi du.

Egiguren, atzo, liburuaren aurkezpenean. J. URBE, ARP
enekoitz esnaola
2014ko apirilaren 10a
12:15
Entzun

Jesus Egiguren «Euskal Herriaren kontzeptua berreskuratu» beharraz mintzo dela, kazetari baten sakelako telefonoa dantzan hasi da, Oi ama Euskal Herri kantarekin —zutandik urrun triste banüa...—. Azkar itzali du kazetariak. PSE-EEko presidenteak hizketan jarraitu du, Euskal Herriaz, «eraiki» beharreko «nazioaz». «Deseraikitze» fase batean dagoela uste du, gainera. Hala dio bere azkeneko liburuan, Euskal Herria, por un nuevo nacionalismo, vasquismo y navarrismo-n (Euskal Herria, abertzaletasun, baskismo eta nabarrismo berri
batez
). Gara egunkariaren argitaletxe Baigorrirekin atera du.

Egigurenek azaldu izan du EAJrekin gobernu akordioak egin zalea izan dela. Beste aukerarik ez zuelako ikusten. «Orain bakea dago», eta aurreikusten hasia da biharko egunean «sozialistak» eta ezker abertzalea ados jar daitezkeela. Baina, haren aburuz, horretarako PSEk berritu bat behar du, eta ezker abertzaleak, «definizio ideologiko bat».

Vicente Zaragueta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kidearekin batera agertu da Donostiako aurkezpenera Egiguren (Aizarna, Zestoa, 1954). Paperik gabe. Lehen azalpenean 33 minutuz jardun da geratu gabe, aipu, gertaera eta datu historikoz josiz argudioak. «Gaur gutxi irakurtzen da. Politikariek beraiek, Internet eta egunkariak pixka bat eta kito, diskurtsoa egina dute».

Bera ez dago «kaleko» errealitatetik at, dioenez. Egunotako polemika batekin lotu du arrazoia. «Leporatzen didate Espainia ETArekin hobeto bizi zela esan dudala. Nik ez dut halakorik esan. Madrilgo eremu jakin batzuez ari nintzen. Jarri naute... Niri erasanik ez. Beti bilatu izan dut Espainian bakea egotea, eta ni espainiarra naiz. Gainera, ez naiz Interneten ibiltzen, kalean baizik, eta hor normaltasuna nabari dut, andre batzuek ‘zure alde otoitz egiten dugu’ aipatu arren».

«Euskadi, Bizkaia handi bat»
Zazpi lurraldez osatatutako Euskal Herriaz ari da «nazioa» aitatzean. Ez zaio interesatzen «Euskadi». «Bizkai handi bat egiten ari gara. Zenbat eta Euskadi gehiago, orduan eta Euskal Herria gutxiago». Nafarroa «gero eta urrunago» dagoela iritzi dio, eta Ipar Euskal Herriak ez duela bat egingo «eskema sabinianoarekin».

Ondorioz, dei egin du «Euskal Herriaren kontzeptua berreskuratzera. Europako naziorik interesgarrienatakoa da. Eta zer da Euskal Herria Nafarroa gabe?».

Baina erantsi du berak ez duela  Euskal Herri independente bat nahi. «Nazioa eraikitzen joan daiteke inorekin hautsi gabe». Hots, haren arabera, Euskal Herria egituratzen joan daitekeela Espainiako eta Frantziako estatuen barruan segituz. Badira formulak, uste duenez. Euskaltzaindia aitatu du, «edo udal hautetsien elkarte bat» —ez da ari Udalbiltzaz—. Horregatik pentsatzen du diskurtsoa eta praktika berritu egin behar direla.

Euskal abertzaletasun «demokratiko, liberal, ireki, ez biktimista eta herritarrengan oinarritutakoa» nahiko luke. Baskismoaz hitz egitean, bere alderdia du buruan, «PSOErengandik independentea litzatekeen PSE bat», harekiko loturei eutsiko liekeen arren. Eta «euskaltzaletasunaren kontrako buru ez den nabarrismo bat» egotea ere gustuko lukeela adierazi du, historian oinarrituz. «Orain dela lau egunetik da Nafarroa Espainia!...».

Onartu du «zaila» dagoela kontua, baina itxaropen bat du; garbi dio ezker abertzaleak duela «giltza». Hark «abertzaletasun berria» eraikitzen badu, «beste indarrak berritzera behartuko ditu». Azken batean, «euskal politikan norabide aldaketa» legoke, «‘Euskal Herria’ deituriko nazioa eraikitzeko».

«Ez dakit nola bukatu aurkezpena», aitortu du, luza eta luza ari dela. Zaraguetak eskatu dio politikan segi dezala «arrano batek bezala hegan» egiten. «Arrano beltza», Egigurenek.

Parte Zaharrean izan da aurkezpena. Hark esan izan du azkenaldian: «Bakea, hau da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.