Arratiko Zekorrak errugbi taldearen Gabonetako loteriaren 109 saridunek salaketa aurkeztu dute

Loteria txartel bakoitzeko 9.600 euro zor dizkie klubak kaltetuei, 225 txartel gehiago saldu baitzituen. Saria jaso ez dutenak gaur arratsaldean elkartu dira, Igorreko udaletxean.

Hainbat kaltetu gaur, Igorreko udaletxean. MIGUEL TOÑA / EFE
Hainbat kaltetu gaur, Igorreko udaletxean. MIGUEL TOÑA / EFE
14789412 kepa
2026ko maiatzaren 7a
20:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Igorreko (Bizkaia) Arratiko Zekorrak errugbi taldeak atzo aitortu zuen Gabonetako loteriako 225 txartel gehiago saldu zituztela «huts baten eraginez». Horrenbestez, ezin die sariaren dirua eman loteria txartelen bat erosi zuten guztiei. Bada, saria kobratu ez duten 109 lagunek salaketa aurkeztu dute dagoeneko, Ertzaintzan, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Klubak 9.600 euro zor dizkie txartel bakoitzeko, ia 2,2 milioi euro guztira. Dozenaka kaltetu gaur arratsaldean bildu dira Igorreko udaletxean: batzarrean, pertsona horien guztien datuak apuntatu dituzte. Auzia konpondu arte aurrera jarraitzeko asmoa dute. Bitartean, klubeko ordezkariek «lehenbailehen» eman nahi diete konponbide bat loteriaren saria kobratu ezin izan dutenei.

Kaltetuak Telegrameko kanal batean elkartu dira, eta sariaren dirua kobratu ez duten guztiei eskatu diete salaketa aurkezteko. Bitartean, Ertzaintzak ikerketa abiatu du, errugbi taldeko arduradunek iruzur delitua egin duten ikusteko.

Joan den abenduaren 22ko Gabonetako loteriak poztasuna eraman zuen Igorrera, Arratiko Zekorrak errugbi taldeak saldutako 90.693 zenbakiak 15 milioi euroko saria utzi baitzuen han. Egun hartatik ia bost hilabetera, poztasuna haserre bilakatu da loteria txartela erosi zuten hainbat lagunentzat, eta arazo handia kirol elkarteko arduradunentzat: klubak berak kobratu zuen saria, eta irabazleei ordaintzen hasi zen.

Astelehen arratsaldean, ordea, konturatu ziren 225 txartel zituztela ordaintzeko eta jada ez zeukatela dirurik. Horiek horrela, saritutako txartelen bat erosi zuten zazpiehun lagunetatik ehun inguruk ez dute kobratu. Horietatik 109k aurkeztu dute salaketa, Segurtasun Sailaren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE