Arratsaldean mobilizazioak egingo dituzte Hego Euskal Herrian, Arguedasko hilketa matxista gaitzesteko

Arguedasko Udalak elkarretaratze batera deitu du 19:00etarako. Itaiak eta Euskal Herriko Mugimendu Feministak ere mobilizazioak egingo dituzte. Gizonezko batek atzo aitortu zuen emaztea hil duela; aurtengo bosgarren hilketa matxista da.

Indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratze bat, Iruñean, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratze bat, Iruñean, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
maddi iztueta olano
2026ko maiatzaren 19a
11:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ehunka herritar kalera irtengo dira gaur arratsaldean Arguedasko (Nafarroa) hilketa matxista gaitzesteko. Foruzaingoak atzo iluntzean eman zuen hilketaren berri: 43 urteko gizonezko batek 44 urteko emaztea hil zuen asteburuan. Gizona Guardia Zibilaren Valtierrako kuartelera joan zen atzo, esan zuen emaztea hil zuela, eta haren hilotza etxean zegoela. Euskal Herriko aurtengo bosgarren hilketa matxista da. Hala, Arguedasko Udalak elkarretaratze batera deitu du 19:00etarako; udaletxearen aurrean egingo dute. Euskal Herriko Mugimendu Feministak eta Itaiak ere mobilizazioak egingo dituzte. 

Arguedasko Udalak ohar bidez eman du elkarretaratzearen berri. Hasierako asmoa 12:00etan egitea zen arren, arratsaldera atzeratzea erabaki dute azkenean, iritzita hala herritar gehiagok izango dutela bertara joateko aukera. Komunikatuan, gainera, udalak berriro ere gaitzetsi du asteburuko hilketa matxista, eta «babesa eta elkartasuna» adierazi dizkie biktimaren senideei eta gertukoei. 

Euskal Herriko mugimendu feministak Iruñean egingo du elkarretaratzea, 20:00etan, Udaletxe plazan. Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak deialdi horrekin bat egin du, eta salatu du hilketa matxista hau ez dela «gizon zoratu baten ekintza bakan bat», emakumeen aurkako indarkeria sostengatzen duen «sistema zisheteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta kolonial» baten ondorio baizik, eta sistema horrek «egoera ahulagoan, zaurgarriagoan eta babesgabeagoan» jartzen dituela emakumeak eta gorputz disidenteak, «prekarizazio material eta sozialaren bidez». 

Hala, «urgentziazko neurri errealak» onartzea eta abian jartzea galdegin die instituzioei eta erakundeei batetik, eta gizarteari bestetik. «Ez dugu adierazpen hutsik nahi; baliabide ekonomiko, politiko eta sozial osoak behar dira prebentzioan, babesean eta hezkuntzan inbertitzeko», zehaztu dute. Halaber, herritarrei eskatu diete «konplizitate oro» apurtzeko eta ardura hartzeko. 

Astelehen Lilak elkarteak elkarretaratze horretan parte hartzera deitu du, eta babesa helarazi die biktimaren familiari eta lagunei. Zabaldutako prentsa oharrean, nabarmendu du «osoki» harturik erantzun behar zaiola indarkeria matxistari, eta haren aurkako neurriek «zehatz jasota» behar dutela Nafarroako araudian; are, ohartarazi du indarkeria matxista existitzen dela ukatzen duen oro «konplize» dela. Eta, hori saihesteko, Astelehen Lilak-ek uste du ezinbestekoa dela «pertsonen arteko tratu onetan eta emakumeek duin eta aske bizitzeko duten eskubidean» oinarritutako hezkuntza eredu bat sortzea. Izan ere, elkarteak gogorarazi du hilketa matxista honek «baliabiderik eta amarik gabe» utzi duela 8 urteko haur bat. 

Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak ere «matxismoa ukatzen duten ideia erreakzionarioei» aurre egiteko beharra azpimarratu du, eta ohartarazi iaz ia halako bi direla aurtengo lehen seihilekoa amaitu baino lehen Euskal Herrian eraildako emakumeak. Hain justu, iaz zazpi emakume hil zituen indarkeria matxistak. Hala, Itaiak mobilizazioak egingo ditu Hego Euskal Herriko hiriburuetan: Iruñean 19:30ean, Udaletxe plazan; Gasteizen 18:30ean, Posta plazan; Donostian 19:30ean, bihar, Bulebarrean; eta Bilbon 19:00etan, bihar, Areatzan. Zenbait herritan ere antolatu ditu mobilizazioak, hala nola Altsasun (Nafarroa), Azpeitian (Gipuzkoa) eta Gernika-Lumon (Bizkaia).

Gaitzespen gehiago

Arguedasko Udalak eta eragile feministek ez ezik, NUKF Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak ere gaitzetsi egin du hilketa matxista. Ohar bidez, babesa helarazi dio biktimaren familiari, baina baita Arguedasko Udalari eta bertako herritarrei ere, argudiatuta halako «gertaera larri batek eragin handia» izan dezakeela herrian. Horren harira, federazioak nabarmendu du instituzioek eta gizarte mugimenduek lanean jarraitu behar dutela baldin eta helburua «indarkeria matxistarik gabeko gizarte bat» eratzea bada. 

Antzera mintzatu dira CCOO eta UGT sindikatuak. Lehenak adierazi du Nafarroan aurten izan den bigarren hilketa matxista dela oraingoa, eta kopuru horrek «erantzun irmo eta kolektibo bat» behar duen errealitate bat islatzen duela. Horretarako, instituzioei exijitu die indartu ditzatela indarkeria matxistaren biktimen «prebentziorako, babeserako eta arretarako baliabideak». UGTk ere azpimarratu du kasuen gorakadak agerian uzten duela ezinbestekoa dela indarkeria matxistari «irmoki» erantzutea; halere, gogorarazi du heriotza ez dela horren ondorio bakarra.

Gizona, atxilo

Foruzainek atzo baieztatu zutenez, Arguedasko Postigo kalean izan zen hilketa, bikoteak herrian zuen etxebizitzan. Zenbait hedabidek zabaldutako informazioaren arabera, ez zeramaten denbora luze Arguedasen bizitzen. Senitarteko batek aurkitu zuen andrea, hilotz, eta foruzainei eman zien horren berri. Ordurako, kuartelerako bidea egina zuen senarrak, eta han kontatu zuen asteburuan andreari eraso egin ziola, eta hilda zegoela. Guardia Zibilek atxilotu egin zuten gizonezkoa, andrea hiltzea leporatuta. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA