Gasteiz Anitza herri ekinaldia aurkeztu dute gaur goizean Errota auzoan. Prentsaurrekoan 30 bat eragile sozial eta komunitariotako ordezkariak bildu dira, Gasteizko auzoetako arazoei «auzo elkartasunetik eta ikuspegi integratzaile batetik» heltzeko premia azpimarratzeko. Elkarbizitza da ekinaldi horren abiapuntua, eta baita helburua ere, eta bizikidetza duin, bidezko eta kohesionatua sustatuko duen eredu baten aldeko babesa adierazi dute.
Auzoen erronkei modu kolektiboan eta inklusiboan erantzun behar zaiela uste dute, inor bazterrean utzi gabe. Euren ahotsa altxatuta, mezu argi eta zuzena helarazi nahi diete bai gizarteari, bai instituzioei: «Gure hirian gero eta handiagoa da errefuxiatuek eta migratzaileek jasotzen duten beldurra eta gaitzespena. Kriminalizazioa erabiltzen da baliabide faltaren benetako arazoa estaltzeko».
Alina Altnkirch eta Rosabel Argotek hartu dute hitza ekinaldiaren nondik norakoak azaltzeko —Altnkirchek irakurri du euskarazko testua—. Bozeramaileek kritikatu egin dituzte azken hilabeteotan hainbat hedabidek eta sektore politiko eta instituzionalek zabaldutako «auzoko segurtasun faltaren inguruko diskurtsoak», migratuta iritsitako bizilagunak maiz seinalatu baitituzte. Are, ohartarazi dute diskurtso arrazistak eta estigmatizatzaileak gero eta ohikoagoak direla, eta horrek tentsioa eta beldurra eragiten duela komunitateetan.

Altnkirch irmo mintzatu da, elkartasunera deituz: «Gure bizilagunen arazoak gure arazoak ere badirela ulertzen dugunak gara. Feministak gara. Euskaldunak gara. Langileak gara. Eta berdin digu non eta noiz jaio garen: gasteiztarrak gara; auzokideak gara; askotarikoak gara. Eta harro gaude».
Bozeramaileak adierazi du urte hasierako gertakari batek eragindako harreman eta sare lana baliatu nahi dutela orain Errota auzoan bertan, jaiak ospatzen ari direlarik. «Argi dugu Errota auzoa plurala dela, eta ezinegona sortzen zigun pobreziaren bazterretan zeuden auzokideak auzotik bota nahi zituzten mezuak bertako kaleetan ikusteak», azaldu du bozeramaileak. Ordutik, Gasteizko auzo sare batzuekin elkarlanean aritu dira, eta dagoeneko 30 eragilek baino gehiagok bat egin dute Gasteiz Anitzarekin. Guztiek helburu bera dute: «Auzoak trebatzea auzoko arazoen konponbidean».
«Dikotomia faltsuak alboratuz, auzokideen arteko elkartasuna izan da eskura aurkitu dugun tresna»
ALINA ALTNKIRCH Gasteiz Anitza ekinaldiko bozeramailea
Funtsean, Gasteiz Anitza ekinaldiko kideek bestelako bide bat proposatzen dute, Poliziaren esku hartzean oinarritutako ereduaren aurrean: elkartasuna ardatz duen eredu komunitario bat. «Dikotomia faltsuak alboratuz, auzokideen arteko elkartasuna izan da eskura aurkitu dugun tresna». Auzokide modura eragitearen garrantzia nabarmendu du Altnkirchek gero, eta bitartekaritza komunitarioaren alde egin, «auzokideen arteko konfiantzazko zubiak eraikitzeko».
Interpelazio zuzena instituzioei
Instituzioei eskatu diete gizarte zerbitzuak behar adina baliabidez hornitzeko, eta zerbitzu publikoen sare zabal, duin eta eraginkor bat bermatzeko, herritar guztien ongizatea eta aukera berdintasuna ziurtatze aldera. Gasteiz Anitzak eskatu die arduraz jokatzeko eta auzoetako eguneroko bizitza hobetzeko neurri eraginkorrak hartzeko: «Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak gizarte zerbitzuak baliabidez hornitu behar dituzte berehala. Gasteizek zerbitzu publikoen sare zabal eta eraginkor bat behar du; hiriko gizarte zerbitzuak kolapso egoeran daude, baliabideak falta dituztelako». Horrez gain, eskatu du udaleko Elkarbizitza eta Aniztasun Zerbitzuak «planteamendu praktiko eta gauzagarriak» egin ditzala.

Eskuin muturraren diskurtsoak indarra hartzen ari diren honetan herrigintzak zailtasun handiak eta baliabide falta dituela nabarmendu du bozeramaileak. Horregatik, Gasteizko herritar eta eragileei dei egin diete gatazkei bestelako ikuspegi batetik heltzeko: «Eta, elkarrekin, Gasteiz hiri bizigarria izan dadin baldintzak sortzeko tresna berriak ikertu eta bide berriak jorratzeko. Ezin dugu onartu babesa eskatzen duten errefuxiatuen aurkako diskurtso xenofobo eta arrazistak normalizatzea. Arazoaren oinarrian pobrezia, arrazakeria eta bazterkeria daude». Amaitzeko, aldarrikapen bateratua egin dute: «Guk argi dugu: gora Gasteiz Anitza!».