«Irun ere astindu du olatu erreakzionario horrek», abisu eman dute gaur Irunen, arrazismoaren goraldia gaitzesteko egin duten elkarretaratze batean. Ideologia «neonazia» duten hainbat taldek hirian aparteko indarra hartu dutela azaldu dute, eta «gorroto diskurtsoak» hedatzen ari direla. Aditzera eman dutenez, Auzo patruila izena jartzen diete talde horiek beren buruari, egiten dutena desitxuratze aldera, baina, sakonean, portaera arrazistak sustatzen dituzte. «Pertsonak itxuragatik edo jatorriagatik seinalatzen dituzte, eta jazarri egiten zaizkie». San Juan plazan egin dute protesta, udaletxe aurrean.
Irungo Harrera Sareak eta beste hainbat elkartek bat egin dute deialdiarekin. Irun «harrera lekua» dela nabarmendu dute, esperientzia arrunt interesgarriak egin direla bide horretan, eta portaera «intolerante» eta «xenofoboak» bazterrean utzi behar direla beti. Horiek horrela, uste dute guztiz baztertu beharrekoa dela berriki hirian ikusi dituzten talde horien jarduna. «Arrazakeria antolatua eta egituratua dira, eta eskuin muturreko diskurtsoa zabaltzeko baino ez dute balio».
Albiste kezkagarriak
Gogoratu dute iragan hilabeteotan beste hainbat tokitan ere antzeko portaerak izan direla. Espainian, Murtzian, Torre Pacheco udalerrian egindako erasoek aparteko oihartzuna izan zuten lehengo astean. Aurrez, Euskal Herrian bertan, Hernanin, sanjoanetan, hainbat gaztek bat egin zuten magrebtarren kontra egiteko, eta istilu larriak izan ziren.
«Zapalkuntzarik eta segregaziorik gabeko» mundu baten alde lanean ari diren taldeen ekarpena ere goraipatu dute gaur, eta gogoratu dute garrantzitsua dela horietan mugitzen den jendea «nahikoa da» esateko elkartzea: «Berandu baino lehen». Beste biderik ez dago: «Migratzaileen, emakumeen, LGTBI+ komunitatearen, langileen, adinekoen eta gazte zaurgarrien eskubideak zapaltzeak eta murrizteak ez gaitu askeago egiten».