Arruazuko Udalak atzo arratsaldean onartu zuen Euskal Errepublikaren aldeko mozioa. Ehun mugimenduak bultzatuta, Arruazuk onartu egin du hiru puntuko deklarazioa, idatzia eztabaidatu ondoren. Lehenak dio Nafarroako udal horrek baieztatzen duela «espainiar eta frantziar estatuen parte den bitartean» ezin izango dutela «herritar guztien aldeko legedirik aurrera atera». «Ondorioz, diogu Euskal Errepublika herritar guztion ongizaterako derrigorrezko erreminta dugula».
Bigarren puntuan, berriz, Arruazuko Udalak helarazi du errepublika hori «eskubide guztiak denontzat ziurtatzeko derrigorrezko erreminta» dela; eta azken puntuan, ezarritakoaren ondotik eratorritakoa azaltzen du: «Udal honek bere burua Euskal Errepublikaren parte dela deklaratzen du».
Ehun mugimenduak bultzatuta, beste lau udalek onartu dute pareko deklarazio bat azken hilabeteetan. Plentzia, Alkiza, Gernika eta Baztan dira udal horiek. Ehunen arabera, «udalak dira herritarrengandik gertuen dauden erakundeak, eta udalek inork baino hobeto ezagutzen dituzte herritarron taupada eta beharrak». Hala ere, mugimenduak dioenez, herritar guztion interesak babesteko «erremintarik gabe» daude tokiko erakundeak. «Gehiegitan, legediak, denon interesen alde izan beharrean, gutxi batzuen interesak babesteko eginak daude». Hala, Ehunek uste du udalen beharretatik «urrun» sortzen dela legedia.
Hernaniko Udalak ez
Euskal Herriko udalei dagokienez egoera horren ondorioak areagotu egiten direla erantsi dute. «Ehunek uste du udalek herritar guztion zerbitzura dagoen legedia behar dutela, bakarrik horrela egin ahalko baitute inongo mugarik gabe herritar guztien alde. Baina uste dugu legedi herritar hori espainiar eta frantziar estatuetan ezinezkoa dela lortzea». Hori dela eta, udaletan Euskal Errepublikaren aldeko mozioak sustatzen ari da.
Ehun bat udaletan aurkeztu dute mozio hori, eta bost dira atzodanik onartu dutenak. Udal batzuetan mozioa eztabaidatu ondoren, ez onartzea erabaki dute. Kasurako, Hernanin (Gipuzkoa) ez zuten onartu joan den uztailean. Gobernuan dagoen alderdiak, EH Bilduk, abstentzioaren alde egin zuen, eta beste taldeek —EAJk, Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk— aurka bozkatu zuten. EH Bilduk argudiatu zuen «gehiengoaren borondatea kontuan hartzen duen aukera bat» landu behar dela horrelako pauso bat eman aurretik —aldebakarreko independentzia aldarrikatzea proposatu zuen mozioak—.
Ehun mugimendua kritiko azaldu da EH Bildurekin; izan ere, haren arabera, «botoetan igotzea» ez da «ezinbestean independentismoa indartzea». Hala azaldu zion BERRIAri mugimenduko eledun Unai Apaolazak iazko udan, Ehun desegin aurretik.
Ehun mugimendua deseginda
Ehun mugimendua 2019an sortu zen, helburu honekin: «Euskal errepublikaren eskaria hezurmamitzea» eta «burujabetzak praktikara eramatea». Tokiko erakundeei egin zien errepublika hori mamitzeko gonbit zuzena, Ehunen aburuz udalek inork baino hobeto ezagutzen baitituzte «herritarren taupadak eta beharrak».
Ehunen ustez, udalek ez daukate askatasunik erabakitzeko herritarrentzako onuragarrienak diren politikak, gaur egungo marko politikoak —Espainiako eta Frantziako estatuekiko menpekotasunak— erabakitzeko ahalmena mugatzen dielako. Egitura politiko bakarrak berma dezake aukera hori, Ehunen esanetan: euskal errepublikak.
Ehun mugimenduak martxoan jakinarazi zuen desegin egingo zela, baina herritarrak animatu ditu ekimena har dezaten eta haien herrietan mozioa aurkez dezaten.