politika

Arturo Cubillas deportatua Euskal Herrira itzuli da, 34 urteren ondoren

Donostiarrak Venezuelan igaro du deportazio aldia.

Arturo Cubillasen argazkiarekin Sortuk zabaldutako irudia. SORTU
jon olano
2019ko abuztuaren 17a
16:58
Entzun

Sortuk sare sozialetan jakinarazi duenez, Arturo Cubillas donostiarra Euskal Herrira itzuli da, 34 urte erbestean igaro eta gero. 1985ean, 21 urte zituela, erbestera jo zuen, eta Frantziatik Aljeriara kanporatu zuten; handik Venezuelara deportatu zuten 1989an, ETAk eta Espainiako Gobernuak izandako negoziazioek porrot egin ondoren.

"Ez nintzen [Venezuelara] etorri, Espainiako aire armadako hegazkin batean ekarri ninduten beste hamabi lagunekin. Horrek politikoki eta juridikoki ezberdintasuna ezartzen du. Espainiako Estatuak hona ekarri gintuen akordio baten barruan, beste kide batzuk Dominikar Errepublikara, Panamara edo Togora deportatu zituzten gisan", azaldu zion BERRIAri 2010ean eginiko elkarrizketa batean.

Espainiako Gobernua hainbat aldiz saiatu da Cubillas estraditatzen; besteak beste, 2010eko udazkenean, ezker abertzalearen estrategia aldaketaren garaietan. Espainiako Poliziaren arabera, atxilotu osteko inkomunikazio aldian zeudela Javier Atristain eta Juan Carlos Besancek esan zuten Venezuelan Cubillasek lehergaiak nola erabili erakutsi ziela. Salaketa hori, ordea, ez zela borondatezkoa salatu zuen Cubillasek eta torturapean egina zegoela.

Auziak gatazka diplomatikoa sortu zuen Venezuelaren eta Espainiaren artean, Cubillasek jada Venezuelako herritartasuna eskuratua zuelako.

Cubillas ez da azken egunetan Euskal Herrira itzulitako deportatu bakarra. Ostegunean, Euskal Herrira itzuli zen Koldo Zurimendi, Etxerat-ek jakinarazi zuenez. Hark ere 35 urte egin ditu egoera horretan. Espainiak Venezuelara eraman zuen 1989. urtean, Aljeriatik. Egun, beste hamar euskal herritarrek daramatzate 35 urte deportatu estatusarekin Euskal Herritik kanpo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.