Artxibatu egin dituzte Osakidetzaren 2016-2017ko LEPen ustezko filtrazioengatik ikertutako ia guztien auziak

Fiskaltzak eta LAB eta ESK sindikatuek hemeretzi mediku salatu zituzten. Hamazazpiren aurkako akusazioak artxibatu ditu epaitegiak, eta zabalik utzi ditu bi medikuren aurkako eginbideak —Kirurgia Plastikoko espezialitatekoak—.

Osakidetzaren LEP baterako azterketa, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Osakidetzaren LEP baterako azterketa, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
kristina martin
2025eko irailaren 17a
13:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arabako Probintzia Auzitegiko 2. Atalak artxibatu egin ditu Osakidetzaren 2016-2017ko lan eskaintza publikoan (LEP) ustez egindako filtrazioengatik ikertutako hamazazpi medikuren aurkako salaketak. Ikertutako hemeretzi lagunetatik biren aurkako eginbideak irekita utzi ditu. Dokumentuak zaintzearen eta sekretuak urratzearen ustezko desleialtasun delituak ikertzen ari ziren, ESK eta LAB sindikatuek eta fiskaltzak jarritako salaketen ondorioz. Salaketa horien arabera, LEP horretako hautaketa prozesuetan auzipetuek azterketak filtratu zizkieten oposiziogile batzuei.

Epaia plazaratu eta gutxira, beren iritzia jakinarazi dute LABek eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Sindikatuak esan du lanean jarraituko duela egiaztatzeko filtrazioak ez zirela kasu bakanak izan. Osasun Sailak, berriz, egoera aproposa ikusi du «Osakidetzan profesionalak finkatzeko prozesu historikoa» bultzatzeko.

2018an egin ziren 2016-2017ko lanpostuen eskaintza publikoaren probak. Azterketen gardentasunari buruzko susmoak zeudela eta, auzitara jo zuten LAB eta ESK sindikatuek batetik, eta fiskaltzak bestetik. Hemeretzi mediku eta espezialitate mediko ikertu dituzte epaitegiek. Zenbait ebazpen izan dira urteotan, baita horien aurkako helegiteak ere. Nolanahi ere, gaur argitaratutako autoa irmoa da, eta, hortaz, auzibidearen amaiera ekarri du. Arabako Probintzia Auzitegiak hamazazpi lagunen aurkako akusazioak artxibatu ditu, eta irekita utzi ditu biren kontrako eginbideak —Kirurgia Plastikoko espezialitateko bi pertsonaren aurkakoak—. Horiek epaitegira itzuliko dituzte, ikertzen jarrai dezan. 

LABek ez du amore emango

LAB sindikatuak ohar batean plazaratu du epaiari buruzko iritzia. LABen ustez, kategoria guztietan «filtrazio zantzu ugari dauden arren», pozik hartu dute Kirurgia Plastikoaren kategorian ahozko epaiketa irekitzeko erabakia. Erantsi duenez, sindikatuak proposatutako eginbide ugari atzera bota ditu epaitegiak; adibidez, «susmopean dauden kategorietako probak aztertzearena». Horretaz gain, LABen esanetan, «ez dute ikertu oposiziogileen eta epaimahaikideen arteko komunikazio bakar bat ere, eta ez dute onartu garai hartako Osakidetzako zuzendaritzaren deklarazioa, argitzeko zer gertatu zen euskal sistema publikoarentzat eskandalua den auzi honetan».

Epaiak epai, LABek ez du amore emango, eta, jakinarazi duenez, lanean jarraituko du frogatzeko filtrazioak ez zirela kasu bakanak izan. Adibide gisa, sindikatuak Kirurgia Plastikoaren kategoriaren kasua aipatu du: «Prozesuaren gardentasuna bermatu behar zutenek filtratzaileekin eta onuradunekin kolaboratu zuten frogak ezkutatzeko».

Deialdi hartan 72.500 pertsonak parte hartu zuten, eta zenbait azterketatan filtrazioak eta bestelako irregulartasunak izan zirela salatu zuten zenbait sindikatuk eta oposiziogilek. Ustezko irregulartasunen oihartzunaren eraginez, Osasun Saileko zenbait arduradunek dimisioa eman zuten; Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun orduko sailburuarena da dimisiorik nabarmenena. Salaketa haien ondorioz, Osakidetzak berriz antolatu behar izan zituen hiru kategoriatako bost azterketa. LEP hura epaitegietan egon den bitartean, ezin izan dituzte lanpostu horiek adjudikatu. 

Plantilla egonkortzeko aukera

Eusko Jaurlaritzak esan du gaurko ebazpenak aukera ematen duela «urteetan judizializatuta egon den gai bat ixteko» eta lanpostu horiek esleitzeko. Auzi gehienak behin betiko artxibatuta egonda, Osasun Sailaren helburua «Osakidetzako plantilla indartzea eta egonkortzea» izango da. Egoera berri horretan, Osasun Sailaren ustez, aukera zabaldu da 2023ko, 2024ko eta 2025eko lanpostuen eskaintza publikoen prozesuak arintzeko. Hiru deialdien artean 4.000 lanpostu finkatzeko asmoa dute.

Gainera, LEP horietan azterketa eredu berria ezarriko dute. Eredu hori Mahai Sektorialean adostu dute Osakidetzak eta sindikatuek, «gardentasuna eta egonkortasuna» bermatze aldera. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.