Artxibatu egin dute Zizur Nagusiko emakume baten hilketaren auzia, senarrak «narriadura kognitiboa» duelako

Auzitegiko medikuaren arabera, 85 urteko gizona ez dago prozesu penalari aurre egiteko moduan. 2025eko uztailaren 29an 78 urteko emakumea hiltzea leporatuta atxilotu zuten, eta epaiketaren zain zegoen.

Zizur Nagusiko hilketa matxistaren aurkako elkarretaratzea, iragan uztailaren 31n. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Zizur Nagusiko hilketa matxistaren aurkako elkarretaratzea, iragan urteko uztailaren 31n. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
edurne begiristain
2026ko irailaren 2a
14:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Emakumeen aurkako indarkeriaren Iruñeko epaitegiak artxibatu egin du 2025eko uztailean Zizur Nagusian (Nafarroa) 78 urteko emakume bat hiltzeagatik haren senarraren aurka zabaldutako auzia. 85 urte ditu auzipetuak, eta, auzitegiko medikuaren txostenak aintzat hartuta, epaileak erabaki du gizonak ez duela «behar adinako gaitasun prozesalik» auziari aurre egiteko. Ebatzi duenez, auzipetua «ez da gai bere aurka zabalik den prozesu penala ulertzeko» eta ez dago epaiketan deklaratzeko moduan, «narriadura kognitibo larria» duelako. Hori hala, fiskalaren eskaera aintzat hartu, eta auzia ixtea erabaki du epaileak.

Epaileak zehaztu du senarrari ikertutako ekintzen ostean «etorri» zaiola narriadura, hau da, «emaztea hil» eta gero. Espainiako Prozedura Kriminalaren Legearen 308. artikuluaren arabera, narriadura delitua egin eta gero etorriz gero, auzia artxibatu egin behar da, auzipetuak osasuna berreskuratu arte.

2025eko uztailaren 29an hil zuten 78 urteko emakumea. Hilda aurkitu zuten Zizur Nagusiko etxean, ohean, buruan kolpe handi bat zuela. Senarrak berak eman zuen heriotzaren berri, eta Guardia Zibila etxera iritsi zenean emakumea odoletan aurkitu zuen. Hasierako ikerketan, poliziek odol arrastoak zituzten toallak eta burkoak aurkitu zituzten etxetik gertu zegoen edukiontzi batean. Senarraren diskurtsoa ere «inkoherentea» zela adierazi zuten orduan polizia iturriek.

Gizona behin-behinean espetxeratzeko agindu zuen emakumeen aurkako indarkeriaren Iruñeko epaitegiak, hilketa matxista leporatuta. Epaileak nabarmendu zuen ikertutako delituaren larritasuna —«feminizidioa» zela esan zuen— eta akusatuak frogak ezkutatu, aldatu edo suntsitzeko arriskua zegoela.

Espetxealdia etxean

Handik egun batzuetara, ordea, Nafarroako Auzitegiko Bigarren Atalak erabaki zuen behin-behineko espetxealdia etxean bete zezala. Defentsak kartzelaldia bertan behera uzteko eskatu zuen, baina auzitegiak ez zuen eskaera onartu. Hala ere, gizonaren adina eta egoera fisiko eta mentala aintzat hartuta, behin-behineko espetxealdia etxean betetzeko aukera eman zion.

Erabaki hura hartzeko, magistratuek aintzat hartu zuten akusatuaren osasun mentalaren inguruan abuztuaren 6an egindako txosten neurologiko bat. Txostenaren arabera, gizonak «ageriko narriadura kognitiboa» zuen, gutxienez martxoaz geroztik. Neurologoak ondorioztatu zuen gizona «pertsona zaurgarria» zela, ezin zuela bere kabuz erabakirik hartu eta «laguntza eta babesa» behar zituela alor guztietan. Horren ondorioz, seme-alaben esku utzi zuten gizona non zaindu erabakitzea eta beharrezko laguntza sistema antolatzea. Kontrol telematikoko gailu bat ere ezarri zioten, etxetik atera ez zedin.

2025eko azaroan, Iruñeko Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Lehen Epaitegiko epaileak ebatzi zuen gizonak etxeko behin-behineko espetxealdia saihestu zezakeela 6.000 euro ordainduta; defentsak hura ordaindu eta aske geratu zen gizona azaroaren 5ean. Zinpeko epaimahai batek epaitu behar zuen akusatua hilketa delitu batengatik, maltzurkeria astungarriarekin. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA