Zizur Nagusian hildako emakumearen senarrak etxean beteko du behin-behineko espetxealdia

Nafarroako Auzitegiko Bigarren Atalak aintzat hartu du 85 urteko gizonak «ageriko narriadura kognitiboa» duela eta pertsona «zaurgarria» dela.

Zizur Nagusiko hilketa matxistaren aurkako elkarretaratzea, iragan uztailaren 31n. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Zizur Nagusiko hilketa matxistaren aurkako elkarretaratzea, iragan uztailaren 31n. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ion Orzaiz.
2025eko abuztuaren 18a
12:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Uztailaren 29an, 85 urteko gizon batek 78 urteko emaztea hil zuen Zizur Nagusian (Nafarroa), ustez, eta kartzelara sartu zuten behin-behinean. Emakumeen aurkako indarkeriaren Iruñeko epaitegiak eman zuen agindua. Orain, Nafarroako Auzitegiko Bigarren Atalak ebatzi du behin-behineko espetxealdia bete bai, baina etxean bete beharko duela auzipetuak. Seme-alabek erabaki beharko dute non beteko duen zigorra gizonezkoak, eta horrez gain, zaintza eta laguntza sistema bat antolatu beharko dute. Kontrol telematikorako gailu bat ere jarriko diote akusatuari, ziurtatzeko ez dela etxetik aterako.

Emakumeen aurkako indarkeriaren Iruñeko epaitegiak behin-behineko espetxealdia ezarri zuen, akusatuak ihes egiteko edo frogak desagerrarazteko arriskua zegoela iritzita. Defentsak helegitea aurkeztu zuen erabaki horren kontra, eta hura baliogabetzeko eskaria ere egin zuen. Nafarroako Auzitegiak ez du halakorik onartu, eta ontzat jo du behin-behineko espetxealdia. Hala ere, aintzat hartu ditu hala akusatuaren adina —85 urte— nola haren egoera fisikoa eta mentala.

Magistratuek oinarritzat hartu dute abuztuaren 6an kartzelan eginiko txosten neurologiko bat, zeinaren arabera auzipetuak «ageriko narriadura kognitiboa» baitu, gutxienez, martxoaz geroztik. Txostena idatzi zuen neurologoaren esanetan, gizonezkoa «pertsona zaurgarria» da oraintxe bertan, eta ezin du erabakirik hartu bere kabuz: «Laguntza eta babesa behar ditu alor guztietan».

130 hilketa 2003tik

Denera 130 emakume hil dituzte gizonek 2003tik Euskal Herrian. Haietako bost, aurten: ekainaren 7an, gizon batek andrea hil zuen Malagan (Espainia); Bilbokoa zen. Apirilaren 25ean Haron (Espainia) izandako hilketa matxistaren biktima Gasteizkoa zen, eta bikotekideak hil zuen, 46 urteko gizonezko batek, labana sartuta. Urtarrilaren 3an, 63 urteko gizon batek ama hil zuen Barakaldoko Arrandi kaleko etxebizitza batean (Bizkaia) —biktimak 84 urte zituen—. Otsailaren 5ean, berriz, Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen Irunen (Gipuzkoa), amari labanaz eraso egitea leporatuta.

Gainera, maiatzaren amaieran 43 urteko gizon batek bere 13 urteko alaba hil zuen, eta, ondoren, bere buruaz beste egin, Bilboko Udaltzaingoak zabaldutako informazioaren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.