Ikertzen ari dira ea Zizur Nagusian hilik aurkitutako emakumearen kasua hilketa matxista ote den

Emakumea hilda aurkitu dute bere etxean, buruan kolpe handi bat zuela. Senarra —85 urteko gizonezko bat —atxilotu zuten.

Biktimaren gorpua bere etxean aurkitu zuten, Zizur Nagusian. VILLAR LOPEZ / EFE
Biktimaren gorpua bere etxean aurkitu zuten, Zizur Nagusian. VILLAR LOPEZ / EFE
kristina martin
2025eko uztailaren 29a
20:55
Entzun 00:00:0000:00:00

78 urteko emakume bat hilda aurkitu dute, Zizur Nagusian (Nafarroan), buruan kolpe handi bat zuela. Zizur Nagusiko Udaleko Berdintasun Batzordeak jakinarazi du ikerketa irekita dagoela indarkeria matxista izan den edo «giza hilketa» izan den argitzeko. Ikerketaren iturriek jakinarazi dutenez, biktimaren senarrak berak eman du emaztearen heriotzaren berri. Guardia Zibilak biktimaren etxera iritsi zirenean, emakumea ohe gainean aurkitu dute, odoletan, eta buruan kolpe handi bat zuela.

Iturriek jakinarazi zutenez, 85 urteko gizonak diskurtso inkoherentea zuen, eta, lehenengo ikuskapenean, agenteek odol zantzuak zituzten toallak eta burkoak aurkitu zituzten edukiontzi batean, bikotearen etxebizitzatik gertu. Guardia Zibilak senarra atxilotu du.

Ikerketaren iturrien arabera, ez zegoen indarkeria matxistarekin lotutako salaketarik senarraren aurka. Zabaldu zutenez, gizonak alzheimerra du, eta hildako emakumeak, berriz, parkinson gaitza zuen diagnostikatuta.

Udalaren «arbuiorik tinkoena»

Indarkeria matxistagatiko hilketa izanez gero, Zizur Nagusiko Udalak «arbuiorik tinkoena eta saminik sakonena» adierazi du. Adierazpen instituzionala egin du, eta salatu emakumeen aurkako eraso guztiak giza eskubideen aurkako eraso onartezinak direla. «Hilketa da matxismoaren adierazpenik larriena, eta gizartearen lehen mailako arazo bat, duintasunaren eta osotasun fisikoaren eta moralaren aurkakoa, batez ere emakumeek pairatzen dutena».

Erlazionatutako edukia

130 hilketa 2003tik

Azkena hilketa matxista izan dela baieztatuko balitz, denera 130 emakume hil dituzte gizonek 2003tik Euskal Herrian. Haietako bost, aurten: ekainaren 7an, Malagan (Espainia) hil zuen gizon batek andrea; Bilbokoa zen. Apirilaren 25ean Haron (Espainia) izandako hilketa matxistaren biktima Gasteizkoa zen, eta bikotekideak hil zuen, 46 urteko gizonezko batek, labana sartuta. Urtarrilaren 3an, 63 urteko gizon batek bere ama hil zuen Barakaldoko Arrandi kaleko etxebizitza batean (Bizkaia) —biktimak 84 urte zituen—. Otsailaren 5ean, berriz, Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen Irunen (Gipuzkoa), amari labanaz eraso egitea leporatuta.

Gainera, maiatzaren amaieran 43 urteko gizon batek bere 13 urteko alaba hil zuen, eta, ondoren, bere buruaz beste egin, Bilboko Udaltzaingoak zabaldutako informazioaren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.