EUSKAL PRESOAK

Asier Aginako preso ohia hil da, gaixotasun baten ondorioz

2019ko urtarrilean utzi zuten libre.

Aginako, 2013ko uztailean, Auzitegi Nazionalean haren aurka eginiko epaiketan. CHEMA MOYA / EFE
jon olano
2020ko urriaren 22a
15:17
Entzun

Asier Aginako Etxenagusia euskal preso ohia (Durango, Bizkaia) zendu da, hilabeteetan buruko tumore baten ondorioz gaixo egon ondoren. Iazko urtarrilean utzi zuten libre Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, 2018ko abenduan ondoezik sentitu eta 2019ko urtarrilaren 16an ebakuntza bat egin eta gero. 44 urte zituen.

2004ko ekainean atxilotu zuten, Coulainen (Frantzia), ETArekin lotuta. Zortzi urteko zigorra ezarri zioten Frantziako Estatuan, eta, kondena amaitzean, Espainiaratu egin zuten. Zortzi urteko espetxea jarri zioten, eta hori ari zen betetzen. 2020ko maiatzaren 2rako zeukan ezarria irteera data. Hiru laudenak beteak zituen, beraz. Lehen graduan zeukaten askatu zutenean. Kalean egonagatik, egoera zaila bizi izan du koronabirusaren pandemiaren garaian, zaintza beharra zuen arren haren bikotekideari ez baitzioten espetxetik irteteko baimenik eman.

Sortuk ohar batean nabarmendu du «eskumena duten erakundeek bere eskubideak errespetatuz azkar eta behar bezala jokatu bazuten ere, euskal preso politikoei aplikatzen zaizkien espetxe erregimenak eta salbuespen legediak indefentsioa, gaixotasunak eta eskubideen urraketak» eragiten dituztela, eta premiazkotzat jo du «euskal preso guztiak etxeratuko dituen bidean urratsak egitea, onartezina baita euskal presoak bahitu politiko gisa mantentzea».

Horrenbestez, dei egin die Frantziako eta Espainiako gobernuei eta euskal gizarteari «urrats kualitatiboak egiteko, Euskal Herriko gehiengo politiko, sindikal eta sozialak erreklamatzen duen bake iraunkor eta bizikidetza demokratikoa eskuratzeko».

Sarek, berriz, «babesa, elkartasuna eta maitasuna» azaldu die Aginakoren senideei, eta gaineratu du heriotzak balio behar duela «gaitz larrien aurrean behar bezalako balorazioa egin eta erabakiak denborarik galdu gabe hartu daitezen, preso horiek espetxean heriotzara arte egon ez daitezen edota gaitza eboluzionatzen utzi eta jada atzera-bueltarik ez duenean soilik aske gera ez daitezen». Hortaz, galdegin du eri diren presoak askatzea gaitza diagnostikatzen zaienetik bertatik gaixotasuna «modu egokian artatu, senide eta lagunen babesean eta konfantzazko medikuen jarraipena jasoz, gaitza garaitu edota, atzera-bueltarik ez duen kasuetan, duten denbora etxekoekin igaro ahal izateko».

Etxerat elkarteak ere samina adierazi die gertukoei, eta gogorarazi du iaz Oier Gomez eta Jose Angel Otxoa Eribe preso ohiak hil egin zirela luzaroan gaixo egon ondoren. «Gaixotasun larri eta sendaezinak pairatzen dituzten muturreko egoerak ongi adierazten du euskal preso politikoei aplikatzen zaien salbuespeneko espetxe politikaren ankerkeria», erantsi du Etxerat-ek. Hemezortzi dira gaixotasun larri edo sendaezinak dituzten presoak.

LABek, berriz, nabarmendu du Aginakorena ez dela izan «heriotza natural soila». Izan ere, sindikatuaren arabera, «jakina da euskal preso politikoek pairatzen dituzten espetxe baldintzek ondorio kaltegarriak dituztela pertsonen osasunean». Gainera, salatu du indarrean dagoen espetxe politika ez dela «pertsonak gizarteratzeko tresna, baizik eta pertsonak suntsitzekoa», gogora ekarri baitu Aginakok hamabost urte eman zituela espetxean «bere herritik ehunka kilometrora, lehen graduan beti».

Preso atxikitzeko kalifikazioa

Deigarria da Aginakok preso jarraitzeko Espainiak ezarritako zigorra. Frantziako auzitegiek ETAko kide izatea egotzita zigortu zuten, eta, ezin denez inor bi aldiz delitu beragatik zigortu, Espainiako justiziak ezin zuen akusazio berarekin zigortu.

Aginako 2013an epaitu zuten Auzitegi Nazionalean, eta fiskalak ETArekin kolaboratzea egotzi zion; beste kalifikazio bat izanik, Aginako epaitua izan zitekeen akusazio horren pean. Epaiketan, fiskalak argudiatu zuen ez zegoela inolako frogarik argudiatzeko Aginako ETAko kide zela, nahiz eta akusatuak deklaratu zuen bazela. Horiek horrela, fiskalak adierazi zuen frogatutzat jo zitekeen gauza bakarra zela Aginakok "laguntza" eman ziola ETAren Bizkaia komandoari, haren parte izan gabe. Fiskalaren eskaria aintzat hartu zuen epaileak, eta zortzi urteko zigorra ezarri zion.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.