Iazko udaz geroztik, ohiko irudia bilakatu da dozenaka asilo eskatzaile Gasteizko Salburua auzoan ikustea, kale gorrian. Espainiako Poliziaren komisariatik metro eskasera biltzen dira errefuxiatuak, han tramitatzen direlako asilo eskaerak; eskabidea abian jartzeko hitzordua lortzea errazagoa delakoan izaten dira kalean, egun eta gau. Sistema gainezka dagoenez, migrante askok hilabeteak ematen dituzte hitzordu baten zain, eta, bitarte horretan, administrazioak eskaintzen ez dien babesa herritarrengandik jasotzen dute.
Ikusi gehiago
Salburua auzoko bizilagun asko aspaldi ari dira antolatzen asilo eskatzaileei laguntza emateko, eta harrera sare bat osatu dute helburu horrekin. Gaur, agerraldia egin dute asilo eskatzaileen «larrialdi humanitarioa» salatzeko, bereziki Malitik etorritako pertsonena, eta «urgentziazko» irtenbideak eskatu dizkiete erakundeei.
Sareak ohartarazi duenez, nazioarteko babes sistemara sartzeko oztopoek dozenaka pertsona kalean bizitzera eraman ditu, «oinarrizko baliabiderik gabe» utzita. «Ez da egoera jakin bat, oinarrizko eskubideen urraketa estrukturala baizik», adierazi du Asier Etxenike sarearen bozeramaileetako batek. «Pertsona hauek ez daude kalean nahi dutelako, baizik asilo eskubidea lortzeko dagoen blokeoaren ondorioz».
Malitik ihes egindako migratzaileen kopurua handitu egin da azken urteetan, herrialde hartako ezegonkortasun politikoaren, segurtasun krisiaren eta pobreziaren ondorioz. Mali Afrikako Mendebaldeko estatuetako bat da, eta azken hamarkadan estatu kolpeek, talde armatuen indarkeriak eta krisi humanitarioak milaka pertsona ihes egitera behartu dituzte. Horietako askok Europara jotzen dute babes bila; besteak beste, asiloa eskatzeko.
«Pertsona hauek ez daude kalean nahi dutelako, baizik asilo eskubidea lortzeko dagoen blokeoaren ondorioz»
ASIER ETXENIKE Salburuko harrera sareko kidea
Auzokideen ustez, Gasteizen gertatzen ari denak agerian uzten du asilo sistemak «gabeziak» dituela. Haien arabera, administrazio publikoek ez dute behar adinako baliabiderik jarri egoerari aurre egiteko, eta, horren ondorioz, harrera lanak herritarren eta boluntarioen esku geratu dira.
Izan ere, sareak hiru hilabete baino gehiago daramatza erantzun komunitario bat antolatzen. Gaur egun, egunero 50 errefuxiatu inguruk jasotzen dute abaro auzo elkarte batean eta hiriko bi elizatan banatutako espazioetan. Bertan, lo egiteko tokia ez ezik, jana, arropa, higienea eta laguntza soziala ere eskaintzen dizkiete. Horretarako, egunero hogei boluntario inguruk parte hartzen dute, hiru txandatan banatuta: medikuaren kontsultara laguntzen diete, botikak erosteko edota beste hiri batzuetara joateko gastuak bere gain hartzen dituzte...
Alabaina, Cristina Riega sareko kideak azpimarratu du egoera hori ezin dela luzatu: «Praktikan, administrazioek egin beharko luketen lana egiten ari gara gu». Gainera, ohartarazi dute negurako lortutako baliabideak amaitzear daudela, eta horrek are gehiago larriagotuko duela egoera datozen hilabeteetan. «Egoera ez da hobera egiten ari, okerrera baizik. Eta premiaz, modu estrukturalean eta koordinatuan jarduten ez bada, berehala larriagotuko da», ohartarazi du.
Mahai instituzionala
Egoera hori izanik, errefuxiatuen afera aztertzeko Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak martxan jarritako mahai instituzionalean parte hartzeko prest agertu dira. Haien ustez, ezinbestekoa da bertan egotea, «eguneroko lanetik jasotako esperientzia zuzena mahai gainean jartzeko eta benetako neurri estrukturalak adosteko, epe eta baliabide zehatzekin».
Sareak dei egin die Salburuko bizilagunei eta herritarrei elkarlanean aritzeko. Maiatzaren 4rako asanblada ireki batera deitu dute, eta bertan parte hartzera animatu dute interesa duen oro. Halaber, laguntza ekonomikoa eta boluntariotza sustatzeko bideak zabalik daudela gogorarazi dute. Parte hartu edo lagundu nahi dutenek helbide elektroniko honetara idatz dezakete: salburuko.harrera.sarea@proton.me. Halere, ohartarazi dute ezen, orain arte elkartasun komunitarioa funtsezkoa izan bada ere, irtenbidea ezin dela boluntariotzan oinarritu, erakundeen ardura delako.