Espainiako Gobernuaren asmoez kexu azaldu da Zehar-Errefuxiatuekin elkartea, uste baitu Atzerritarren Legea eta asiloari buruzkoa aldatzeko lege aurreproiektuak «atzerapauso larriak» ekarriko dituela. «Asilo eskubideari eta giza eskubideei arrisku larriak dakarzkie», salatu du ohar batean.
Elkartearen esanetan, Madrilek ondu duen testuak ez du bat egiten giza eskubideen aldeko erakundeen eskaerekin. Argudiatu dute lege aurreproiektuan «neurri atzerakoiak» jaso direla: «Arrisku larrian jartzen dituztenak, huts egin dutenak ez ezik, nazioarteko babesaren beharra izan dezaketenak ere». Horiek horrela, iritzi diote «desagertzen» ari dela asilo legeak oinarri beharko lukeen ikuspegi humanitarioa.
Beraz, elkarteak uste du Espainiako Gobernuak «aukera historiko bat» galdu duela «balioen eta eskubideen Europa gidatzeko», eta leporatu dio «aukerarik gogorraren alde» egin izana Europako Batasuneko estatu kideek auzi horietan ekiteko duten esparruaren barruan, «politikarik murriztaileenak dituzten herrialdeen ildoari» jarraituta.
Proposamenaren nondik norakoak soilik ez, hura garatzeko modua ere txarretsi du elkarteak. Adierazi du 1984ko eta 2009ko asilo legeetan parte hartu zutela, baina oraingo lege aurreproiektua ontzeko orduan Espainiako Gobernuak bazter utzi dituela. Elkarteak eskatu zuen indartu zitzatela asiloa eskatzeko bide seguruak; besteak beste, enbaxaden eta kontsulatuen bitartez lekualdatzeko eskaerak egiteko aukera izan dadila, gero asilo eskaerak egiteko. Zeharrek, baina, adierazi du aurreproiektuak «ahuldu» egiten duela horretarako aukera.
Ez da lege proposamen horretan txartzat jo duten auzi bakarra. Zehar elkarteak salatu du bide ematen diola atxiloaldiak luzatzeari, eta «izugarri» zailtzen duela familiak berriz elkartzea, horretarako irizpideak aldatu egingo baitira lege aurreproiektua ontzat joz gero. «Atzerapauso handiak proposatzen dira funtsezko bermeetan, hala nola mugitzeko askatasunari, familia berriz elkartzeari eta informaziorako eskubideari dagokienez, eta ez dio heltzen aberrigabeen aitorpenari», gehitu du.