Ceutan gertatutakoaren ondoren, Espainiako Gobernuak neurriak hartu nahi ditu halakoetan erabakiak ohi baino azkarrago hartzeko. Laburtu egin nahi du asilo eskatzaileei erantzuteko epea, eta azkartu asiloa ukatzen zaien pertsonak kanporatzeko prozedura. Atzerritarren Legea eta asiloari buruzkoa aldatzeko aurreproiektuak onartu ditu gaurko Ministroen Kontseiluan.
Espainiako Gobernuak, aldaketa proposamena zuritzeko, zera esan du: bere araudia moldatu egin behar duela 2024ko Europako Batasuneko Migraziorako eta Asilorako Itunera egokitu dadin. Baina gaur onartu du, Ceutako migratzaileek eragindako egoera kudeatzeari eskainitako Ministroen Kontseiluan. Espainiako Gobernuak Atzerritarren Legea eta asiloari buruzkoa aldatzeko lege aurreproiektuak onartu ditu, baina, onartzekotan, denbora eta babesak lortzeko gaitasuna beharko du.
Balorazioa, bidali aurretik
Europako Batasuneko itunean jasota dago mugetan, migratzaileak bidali aurretik, haien egoeraren balorazio bat egin behar dela. Zer da balorazioa? Osasun azterketa, zaurgarritasunaren azterketa, identifikazioa, datu biometrikoak jasotzea, «segurtasun azterketa» eta pertsona bakoitza prozedura egokira bideratzea. Itunak aurreikusten du balorazioa egiteko epea zazpi egunekoa izan daitekeela. Espainiako Gobernuak hiru eguneko epeari eutsiko dio, «balorazioa egiteko instalazioetan pasatu behar duen denbora beharrezko gutxienekora mugatzeko». Epe hori luzatu ahalko da, betiere epaile batek eskatzen badu.
Ikusi gehiago
Lege aurreproiektuaren arabera, bi asilo prozedura izango dira: ohikoa eta azkarra. Ohikoa orain artekoa izango litzateke. Praktikan, luzea eta kasu gehienetan asilo eskaerei uko egiten diena. Prozedura azkarrari mugako prozedura ere deitu diote. Erabakia hartzeko gehienezko epe bat du, hiru hilabetekoa, eta asilo eskatzaileak Espainiako agintarien esku egon beharko du epe horretan. Espainiako agintarien esku egotea «kautela neurri bat» da, Fernando Grande Marlaska Barne ministroaren esanetan, eta, asilo eskaera ukatuz gero, «erraztu» egiten du haiek itzularaztea. Barne ministroak eman ditu lege aurreproiektuei buruzko azalpenak.
Giza eskubideen «errespetua»
Legearen aldaketa horiek «modua emango dute mugetan gure segurtasuna bermatzeko moduko kudeaketa egiteko», esan du Grande-Marlaskak. Haren esanetan, neurri horiek «giza eskubideak errespetatzen dituzte»: «Babes sistema arinagoa, eraginkorragoa, ordenatuagoa eta berme gehiagokoa da, eta hobeto erantzuten dio migrazio fenomenoaren errealitate berriari, asiloa eskatzen eta jasotzen dutenen bermeak murriztu gabe».