Eta edalontzia goraino bete da. Iruñeko udalean, EH Bildu, Geroa Bai, Ezkerra eta Aranzadiren arteko gobernua hautsi egin da. Legealdi osoan, hainbat pitzadura sortu dira lau alderdien artean, baina, azkenean, hiriko inbertsioen inguruko bozketak agortu du EH Bilduren eta Geroa Bairen pazientzia. Astearteko osoko bilkura horretan, alderdiek erabaki behar zuten zertan erabili iazko superabiteko sei milioi euroak, eta udal gobernuaren proposamena atzera bota zuten, Aranzadi eta Ezkerra abstenitu egin zirelako. «Alkate gisa, ezin dut ulertu jarrera hori», deitoratu zuen Joseba Asiron Iruñeko alkateak atzo, eta ondorio argi bat atera zuen: «Aranzadi eta Ezkerra udal gobernutik kanpo kokatu dira».
Udalak bat-batean deitu zuen prentsaurrekora, eta deialdiak zurrumurruak haizatu zituen. Iaztik nabarmenak ziren bazkideen arteko tentsioak. 2017ko maiatzaren 10ean, barne krisia lehertu zen, Armando Cuenca Aranzadiko zinegotziak prentsaurreko batean aurrekontuak kritikatu ostean. Atzo, Joseba Asironek gogorarazi zuen bost hilabeteko elkarrizketa luzeak behar izan zituztela, eta amaieran desadostasunak kudeatzeko protokolo bat hitzartu zutela.
Asironen arabera, hilabete batzuk geroago, Aranzadik eta Ezkerrak akordio horretako bi printzipio urratu dituzte orain. Batetik, alkatearen arabera, lau alderdien artean aho batez ados jartzea jarri zuten lehentasun gisa, baina, ezinezkoa izatekotan, gehiengoak errespetatzea onartu zuten. Haren ustez, bi alderdiek ez dute printzipio hori errespetatu, eta, gainera, leialtasuna hautsi dute.
Asironek azpimarratu zuen Aranzadik eta Ezkerrak euren interes alderdikoiak lehenetsi dituztela. «Ez nuen espero ariketa zentzugabe hori egingo zutela». Sei milioi euroren inbertsioen artean zeuden udal etxebizitzen zaharberritzea, eskola publikoetan inbertitzea, errepide eta kaleak hobetzea... «Politikoki onartezina da sei milioi euroren inbertsioak aurrera ez ateratzea». Asironen arabera, Ezkerrak eta Aranzadik zuzenketak aurkeztu zizkioten udal gobernuaren proposamenari, eta, babes nahikorik ez zutenez, abstentzio bidez atzera bota dute proiektu osoa, oposizioko alderdien ezezkoak lagunduta.
Horregatik, bi indar horietako lau zinegotziak kanporatu eta udal gobernua berrantolatu du. Kaleratutako hautetsien ardurak udal gobernuko beste zinegotzien artean banatu dituzte, eta Parte-Hartze Atala Geroa Baiko Mikel Armendarizek hartuko du; Asironek ongietorria eman zion. Gainera, Asironek berak hartuko du Berdintasun Atala; Gizarte Ekintza, Esther Cremaesek; Aniztasunaren eta Komunitatearen Garapenaren atalak, Maider Belokik, eta Hiri Ekologia eta Etxebizitza, Joxe Abaurreak.
Hemendik aurrera, EH Bilduk eta Geroa Baik gutxiengoan gobernatu beharko dute. Hamar zinegotzi dituzte guztira. «Gutxiengoan gobernatzea ez da erraza izango, baina orain arte ere ez da izan. Hasieratik genekien zaila izango zela, baina aldaketaren aldeko konpromisoa %100 mantentzen da», aipatu zuen Asironek. Alkateak onartu zuen ez dela lehen aldia gutxiengoan gobernatzen dela Iruñean, baina, era berean, onartu zuen «eskuin mediatikoa eta politikoa eskuak igurzten» ari direla. Urtebete falta da hauteskundeetarako, eta, oposiziotik bada ere, adostasunera heltzeko «eskua luzatuta» duela jakinarazi zien Ezkerrari eta Aranzadiri.
Ezkerraren erantzuna
Atzo, Edurne Egino Ezkerrako hautetsiak azpimarratu zuen ez duela bere burua oposizioan ikusten. «Akordio programatikoarekin konprometituta jarraitzen dut». Eginoren arabera, sei milioi euroren inbertsioei dagokionez, %80 ados zegoen, baina EH Bildu eta Geroa Bai «ez dira gai izan gainerako %20 horretan ados jartzeko». Eginoren arabera, Asironen erabakiak hauteskundeen estrategia bati erantzun dio. «Iragan urtetik adierazi dute ez ditugula joko arauak bete. Ordutik pentsatua zuten gu kanporatzea, eta inbertsioarena aitzakia gisa erabili dute horretarako?». Eginoren arabera, EH Bilduk eta Geroa Baik gehiengoa baliatu nahi dute, eta euren ikuspegiak «inposatu nahi izan dizkiete» gainerakoei. «Ez da bidezkoa gutxiengoan diren alderdientzat, euren jarduera independentziaz eta euren ildoa errespetatuz egitea eragozten baitu».
UPNko Enrique Maiaren ustez, «iruindarrentzat kaltegarria den esperimentu baten amaieraren hasiera» baino ez da.
Asironek Iruñeko udal gobernutik kanporatu ditu Ezkerra eta Aranzadi
Osoko bilkuran, bi alderdien abstentzioak eragotzi du sei milioi euroren inbertsioak aurrera ateratzea. EH Bilduk eta Geroa Baik udal gobernua berrantolatu dute, eta prest daude gutxiengoan agintzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu