Aste Nagusian txosnak izango dira erasoak jasan dituztenei laguntzeko «erreferentzia puntuak»

Bilboko Konpartsek festetarako protokoloa aurkeztu dute. Indarkeria jasan dutenei entzutea eta haiek babestea da helburua. Sostengua bermatzeko, guardiak egingo dituzte egunero, txosnagunean: «Ez da inor epaituko, eta kontakizuna ez da zalantzan jarriko».

Bilboko Konpartsen agerraldia Bilboko Areatzan, gaur goizean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Bilboko Konpartsen agerraldia Bilboko Areatzan, gaur goizean. ARITZ LOIOLA / FOKU
June Montero
Bilbo
2026ko abuztuaren 21a
15:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Eraso sexistek, arrazistek, faxistek, euskarafoboek eta LGTBIfoboek ez dute lekurik gure kaleetan. Festa ez da aitzakia!». Bilboko Konpartsetako kideak Areatzan bildu dira jaien bezperan, «ozen eta argi» adierazteko ez dutela inolako erasorik onartuko Aste Nagusian. Naia Vivanco eta Alberto Lavin bozeramaileek irakurri dute adierazpena, eta azpimarratu erasoak pairatu dituztenei entzutea eta haiek babestea dela konpartsen xede nagusia. Horretarako, «askotariko» gertakariei aurre egiteko protokoloak prestatu dituzte. Txosnak izango dira laguntza hori eskaintzeko «erreferentzia puntuak». Hori dela eta, edozein txosnatara jotzeko deia egin diote eraso bat jasan edo ikusi duen orori. Halaber, gogorarazi dute gertatutakoa salatzea «guztien ardura» dela. 

Txosnak «leku seguru bat» izango dira erasoak jasan dituztenentzat, konpartsakideen arabera. Biktimei «aurretik landutako harrera enpatikoa» egingo diete txosnetako arduradunek: «Ez da inor epaituko, eta haien kontakizuna ez da zalantzan jarriko». Gainera, beharrezkoa denetan beste eragile eta erakunde batzuekin harremanetan jarriko direla ere azaldu dute, betiere biktimak hala nahi badu.  

Laguntza sare horretaz gain, guardiak antolatu dituzte erasoak pairatu dituztenak artatzeko. Egunero ibiliko dira zaintza lanetan, eta erasoren bat antzemanez gero, konpartsek goizeko mahai informatiboetan zehaztuko dute eman beharreko erantzuna. «Antolatzen diren deialdietan ezinbestekoa da guztion gaitzespena adieraztea eta mobilizatzea. Ezin diegu erasoei ez ikusiarena egin». Era berean, azpimarratu dute ekintza guztiak biktimaren baimenarekin eta eragileen babesarekin egingo dituztela. 

Babesa kaleko saltzaileei

Euskararen kontrako oldarraldiaz ere mintzatu dira, eta adierazi dute Aste Nagusiak euskal hiztunentzako «gune librea» izan beharko lukeela. «Jaietan ere, euskaldunoi lekua murriztu digute», gogoratu dute. Itziar Ituño pregoilariak duela bi urte pregoia euskara hutsean egiteagatik jasandakoei egin diete erreferentzia, adibidez. Eta, aipatu dutenez, izan da edariak euskaraz zerbitzatzeagatik tentsio unerik bizi izan duenik ere. Aldarri argia egin dute egun hauetarako: «Aste Nagusian, euskara nagusi!». 

Kaleko saltzaileei ere babesa adierazi diete agerraldian, eta keztatuta agertu dira Poliziak haien kontra abiatutako erasoekin. «Tentsioa areagotu» izana egotzi diote Poliziari: «Saltzaileei jazarri zaizkie, jarrera oldarkorrak izan dituzte, atxilotu egin dituzte eta materiala konfiskatu diete». Udalaren politikak ere gaitzetsi dituzte, eta salatu ez duela konponbiderik eman. Egoera «ezkutatu» beharrean guztientzako «tratu duina» ziurtatzeko eskatu diete erakundeei. Hori baita, konpartsakideen arabera, «gizarte justu batek bermatu behar duen gutxienekoa».

«Mugimendu feministako kideek adierazi zuten haiek ere badirela jaiaren parte. Tokia haiena ere bada: jaiak antolatu dituzte, parte hartzen ari dira, eta hala jarraituko dute»

NAIA VIVANCOBilboko Konpartsak

Bilboko mugimendu feministak ere agerpena egin du egunotan, euren protokoloa aurkezteko, eta haren aldarriarekin ere egin dute bat konpartsek. Feministek jaietan duten garrantzia goraipatu dute: «Mugimendu feministako kideek adierazi zuten haiek ere badirela jaiaren parte. Tokia haiena ere bada: jaiak antolatu dituzte, parte hartzen ari dira, eta hala jarraituko dute». Feministek adierazitakoarekin bat eginez, «oldarraldi erreakzionarioari» kontra egiteko antolakuntza eta autodefentsa feminista zeinen garrantzitsuak diren azpimarratu dute.  

UDALAK AGENTE GEHIAGO JARRIKO DITU JAIETAN, ERASO MATXISTEI AURRE EGITEKO

Bilboko Udalak segurtasuneko eta garbiketako esku hartze bereziak prestatu ditu Aste Nagusirako. Amaia Arregi Segurtasun zinegotziak azaldu duenez, kalez jantzitako agenteak egongo dira txosnagunearen barruan zein kanpoan, eta haiek egingo dituzte prebentzio lanak. Erasoren bat gertatuz gero «berehala» jardungo dutela nabarmendu du Arregik, eta beharrezkoa denean protokolo guztiak abiaraziko dituztela. Agenteek bideoa grabatzeko gailuak eramango dituzte soinean, «neurri pasibo gisa», zinegotziaren hitzetan. 
Udalak Errespetu Nagusia estrategia aurkeztu zuen asteazkenean, indarkeria matxista desagerraraztea eta errespetuan eta askatasunean oinarritutako harremanak sustatzea xede duen ekinaldia. Ildo horri jarraituz antolatu dute segurtasun operazioa. 
Prebentzio lanaz gain, Biktimei Laguntzeko eta Babesteko Udaltzaingoaren Ikuskaritzak aurrez aurreko arreta eskainiko die erasoren bat pairatu dutenei. Udaletxeko polizia etxean egingo dute hori —Areatzatik gertuen dagoen komisaria—, eta indarkeria jasan dutenei lehen arreta, aholkularitza eta arreta espezializatua eskainiko dizkiete. Zerbitzu berezi hori 22:00etatik 06:00ak arte egongo da abian.

 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA