Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak orain bi aste iragarri zuen Nafarroako itunpeko sarean, Haur Hezkuntzan, hamalau ikasgela itxiko dituztela, jaiotze tasa murriztu dela eta; neurriak Nafarroako hamabost ikastoletatik zazpitan izango du eragina. Ikastolei «erabaki arbitrarioa» begitantzen zaie, eta, hori horrela, protestak antolatu dituzte ikastolak dauden hamabost herrietan. Hezkuntza Departamentuari eskatuko diote «ikastolei dagozkien itunak» onartzeko, «sareen arteko berdintasuna» bermatzeko eta «hezkuntzaren kalitatea erdigunean» jartzeko. Finean, hauxe da galdea: «Ez ditzala gehiago zigortu ikastola hautatzen duten familiak eta ikastolen komunitatea».
Datorren asteazkenean izango dira elkarretaratzeak. «Helburua argia da: herritik eta herriarentzat lanean diharduen hezkuntza sare herrikoia ikusaraztea, Nafarroa euskaraz josten duen sarea bistaratzea eta euskararen etorkizuna kalean utzi nahi dutela salatzea».
Nafarroa osoan egingo dituzte mobilizazioak. Mahaiak eta aulkiak kalera aterako dituzte, eta ikasgela hutsak irudikatu. Herritarrei parte hartzeko eskatu diete, «euskarazko hezkuntza defendatzeko»: «Ez dugu onartuko gure proiektua eta Nafarroaren euskalduntzea arriskuan jartzea. Gizarte zibil osoari, euskalgintzari eta hezkuntza komunitate osoari ere dei egiten diegu gurekin bat egitera, Ikastolen eta euskararen defentsan».
deialdiak
- Altsasu. Txioka aurrean, 14:15ean.
- Atarrabia. Arga plazan, 15:15ean.
- Baztan. Elizondoko plazan, 13:00etan.
- Bera. Herriko etxeko plazan, 10:00etan.
- Etxarri Aranatz. Herriko plazan, 19:00etan.
- Irunberri. Klaustro plazan, 16:30ean.
- Iruñea. Antonio Perez Goyena Pasealekuan, 11:30ean.
- Lesaka. Herriko plazan, 19:00etan.
- Lizarra. Koroatze plazan, 17:30ean.
- Lodosa. Herriko plazan, 15:00etan.
- Fontellas. Fontellaseko parke handian, 15:30ean.
- Tafalla. Herriko plazan, 15:00etan.
- Viana. Ikastolako sarreran, 09:00etan.
- Zangoza. Praun, 11:45ean.
- Zizur Txikia. San Fermin ikastolako patioan, 11:30ean.