Jaiotza tasaren beherakadari lotutako murrizketek Nafarroako ikastolei eman diete hozkada handiena

Irailetik aitzina, Nafarroako eskola publikoek hemeretzi ikasgela gutxiago izanen dituzte, eta itunpekoek, hamalau. Nafarroako Gobernuak dio demografiaren beheranzkoa dela-eta hartu duela erabakia, baina, ikastolen ustez, euskararen kontrako eraso bat da.

Tuterako Argia ikastolako haur hezkuntzako ikasgela bat (Nafarroa), artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Tuterako Argia ikastolako haur hezkuntzako ikasgela bat (Nafarroa), artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2026ko apirilaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ezin uka daiteke: jaiotza tasaren beheranzkoak isla zuzena du ikastetxeetan. Nafarroan, esate baterako, 700 eskaera gutxiago aurkeztu dira aurtengo matrikulazio kanpainan, 2022-2023ko ikasturtean baino. Fokua apur bat aldenduta, are argiago ikus daiteke argazkia: 3, 4 eta 5 urteko ikasleak 20.000 pasatxo ziren 2014-2015eko ikasturtean; gaur egun, 15.751 dira. Horiek horrela, ikasgelak murriztea erabaki du Nafarroako Gobernuak, datorren ikasturtetik aurrera:  hemeretzi talde gutxiago izanen dituzte ikastetxe publikoek —627 zituzten, eta 608 izanen dituzte aurrerantzean—, eta hamalau gutxiago itunpekoek —290 izatetik 276 izatera igaroko dira—. Erabakiak kezka eta ezinegona piztu du zenbait eragileren artean. Nafarroako ikastolek, esaterako, «harrituta eta oso haserre» hartu dute berria. Uste dute eurek pairatuko dutela murrizketarik handiena, eta horrek bete-betean eraginen diola euskarazko hezkuntzari.

Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenok eman zuen murrizketen berri, iragan asteko gobernu bilkuraren ostean. Haren esanetan, ikasgelak gutxitzeko irizpideak «teknikoak» izan dira, demografiaren bilakaerari hertsiki lotuak. Izan ere, azken urteetan matrikula kopuruak era bertsuan egin du behera hala sare publikoan nola itunpekoan —ikasle kopurua %20 apalagoa da bietan, duela hamar urteko datuekin alderatuta—, baina gelak ez dira neurri berean murriztu: 54 ikastalde galdu ditu hezkuntza publikoak denbora horretan (%8ko murrizketa); itunpekoak, aldiz, zortzi baino ez (%3). Jaitsiera hori nolabait «orekatu» nahi izan du Hezkuntza Departamentuak aurtengo berrikuspenean hemeretzi ikasgela publiko eta itunpeko hamalau kenduta. Guraizea non sartuko duen eta nori eraginen dion, ordea, horra eztabaidaren gakoa.

«Ikastolek pairatuko dugu kalterik handiena, alde handiz». Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendari Josu Reparaz ez dago pozik Hezkuntza Departamentuaren erabakiarekin. Uste du neurri «arbitrarioa» dela, aurretik behar bezala adostu gabea eta euskarazko irakaskuntzari kalte eginen diona: «Nafarroako ikastolen ia erdiei eraginen die neurriak, beste ereduetan baino dezente gehiagori».

Zehazki, San Fermin (Zizur Nagusia), Labiaga (Bera), Tantirumairu (Lesaka), Ibaialde (Lodosa) eta Lizarra ikastoletan murriztu beharko dituzte ikastaldeak, eta, horiei ez ezik, zenbait ikastetxe pribatu eta erlijiosori ere eraginen die itunak ez berritzeko erabakiak: San Cernin, Nuestra Señora del Huerto eta Sagrado Corazon (Iruñea), Luis Amigo (Mutiloa), Maristas (Sarriguren), Escuelas Pias (Tafalla), Santa Ana (Lizarra), La Milagrosa (Lodosa) eta Nuestra Señora de los Dolores (Mendabia).

Hezkuntza Departamentuak azaldu du hiru irizpide orokor erabili dituela eskola pribatuen eta ikastolen itunak berritzeko: bat, batez besteko ratioa ikastetxe publikoek duten bera izan dadila —gela bakoitzeko 17 ikasle Iruñerrian, eta 15 ikasle gainerako eskualdeetan—; bi, diru publikoekin ikasgelarik ez finantzatzea eskaria urria bada; eta hiru, ikaspostuen «gaindimentsioa» eragoztea.

Reparazek, ordea, «gezurretan» aritzea egotzi dio kontseilariari, eta Lizarrako ikastola jarri du adibide gisa: «Sei familia behartuko dituzte seme-alabak herriko beste ikastetxe batean matrikulatzera, ikastolan izena emanda zeuden arren». Izan ere, 31 matrikula eskaera jaso zituzten Lizarrako ikastolan 2026-2027ko ikasturterako, eta asmoa zen horiekin bi ikastalde osatzea. Ikastolak aise gainditzen ditu gobernuak jarritako irizpideak, baina Hezkuntza Departamentuak itunpeko ikasgela bakarra onartu die, eta sei ikasle Remontival D ereduko ikastetxe publikora bidaliko ditu. Reparazen ustez, familien nahien kontrakoa da hori: «Familia hauek ez dute nahi ikastola ez den beste eredu bat; euskal identitatea landuko duen ikastetxe bat aukeratu dute, Euskal Herri osoko ikuspegia duena».

Ratioen parekatzea

Ikastolen buruak uste du Hezkuntza Departamentuak ez dituela aintzat hartu eremu eta hizkuntza komunitate bakoitzaren nolakotasunak eta beharrak: «Ikastolak ez dira sortu biztanleria handia dagoen tokietan; estrategikoki kokatuta daude Euskal Herriko mapa bat marraztuz. Horregatik dago ikastola bat Lodosan, horregatik dago beste bat Tuteran, eta Irunberrin, eta Vianan. Gure asmoa zera da, Nafarroa euskarazko hezkuntzaren bidez jostea, eta erabaki honek bete-betean eragiten dio helburu horri, espazioak kenduko baitizkio euskarari».

Reparazek nabarmendu du ikastolek ez dutela eskatzen «pribilegiorik», baizik eta sare publikoan eta itunpekoan ikasle ratio berak aplikatzea: «Eskola publikoan gehienezko ratioa 23 ikaslekoa da gela bakoitzeko, eta itunpekoan, 25ekoa. Ikastoletan aplikatuko balira sare publikoko ratioak, ez litzateke ikasgelarik itxiko ez Elizondoko ikastolan, ez Berakoan, ez Lesakakoan...».

Horretarako, hasiak dira mugitzen. Iragarri dute gora jotzeko helegite bat aurkeztuko dutela Hezkuntza Departamentuaren erabakiaren kontra, eta, horrez gain, prest dira auzitara jotzeko. Kalera ateratzeko deia ere egin diote gizarteari. Asteazkenean eginen dute lehen elkarretaratzea, 17:30ean, Hezkuntza Departamentuaren parean.

EH Bildu, Geroa Bai eta Euskarabidea

Ikasgelak murrizteko erabakiak kritikak eragin ditu hala oposizioko taldeen artean nola gobernu barruan. EH Bilduko eledun Laura Aznalek atzera egin dezan galdegin dio Hezkuntza Departamentuari, ikastolen «ezaugarri bereziei» erreparatuta: «Eztabaida honetan aintzat hartu beharko litzateke, alde batetik, ikastolek Nafarroan bete duten eta oraindik ere betetzen duten rola, eta, bestetik, zonifikazio linguistikoa». Geroa Baik, bestalde, urtebeteko moratoria eskatu dio Gimeno kontseilariari, «ikasgelak ixteak eragina izanen duelako hezkuntzaren kalitatean». UPN ere murrizketaren aurka azaldu da, baina ez euskararen aurkako neurria delako, baizik eta «familien askatasuna» urratuko duelako.

Antzeko iritzia plazaratu du Jabi Arakamak, Euskarabidea institutuko zuzendari kudeatzaileak. «Ulergaitza» zaio ikasgelak murriztea, aintzat hartuta Nafarroako Gobernuak superabita izan zuela 2024. urtean eta are superabit handiagoa 2025ean: «Egoera horretan, beharrik al dago murrizketak egiteko eta ikasgela bakar bat ere ixteko?», galdetu du. Gogorarazi du neurriaren ondorioetako bat izanen dela «kalean geldituko direla langile batzuk edo langile asko», eta kritiko azaldu da horren inguruan ere: «Eskarmentudun profesionalak dira gehienak. Hezkuntza Departamentuak galtzen utziko al du aktibo hori?». Gelak itxi ordez, ratioak murrizteko aukera hobetsi du Euskarabideko buruak: «Frogatuta dago ondorio nabarmenak izanen lituzkeela horrek hezkuntzaren kalitatean, eta, batez ere, mesede eginen liekeela behar handiena dutenei».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA