Euskalmetek abisu horia ezarri du larunbaterako eta iganderako, bero handiagatik. Larunbatean, Ebroren ibarreko eremuan izango da indarrean, Arabako Errioxan, 13:00etatik 20:00etara. Agentziaren esanetan, baliteke gehieneko tenperaturak 35 gradu ingurukoak izatea inguru horretan. Giro freskoagoa egongo da kostaldean, 26 gradu inguru izango baitira gehienez.
Igandean, berriz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoa osora hedatuko da abisu horia, eta egun guztirako izango da. Euskalmetek azaldu duenez, tenperaturarik beroenak 28 gradu ingurukoak izango dira kostaldean, eta Ebroren ibarraren eremuan baliteke 37 gradura iristea. Bestalde, espero da hala Bizkai eta Gipuzkoa barnealdean nola Araba erdialdean eta iparraldean 31-34 gradu izatea gehienez.
Nafarroan ere abisu eman dute, beroagatik. Larunbatean, Aemet Espainiako meteorologia agentziak 13:00etatik 20:00etara bitartean ezarriko du abisu horia, Erriberan. 38 gradurainoko tenperaturak espero dira.
Igandean, are bero handiagoa izango dela eta, abisu laranja izango da Erriberan bertan. Ohartarazi dute balitekeela tenperaturarik beroenak 39 gradukoak ere izatea. Ez dira askoz ere arinagoak izango Nafarroaren gainerako eremuetan. Pirinioetan eta Nafarroa erdialdean abisu horia ezarriko dute. Iragarri dute 34 gradu ere izango direla mendialdean, eta 36 inguru lurraldearen erdialdean.
Giro egonkorra iragarri dute astebururako. Oskarbi egongo da, eta haizeak ipar-ekialdetik joko du.