Ekainaren 15ean urte bat beteko da Bilbon EGE emisio gutxiko eremua indarrean sartu zenetik, eta Bilboko Udalak bi eratara ospatu du urteurrena: alde batetik, urtebete honetan lortutakoaren balantzea eginez; eta, beste aldetik, neurri gehiago iragarriz. Izan ere, astelehenetik aurrera B motako ibilgailuak ezin izango dira emisio gutxiko eremura sartu, eta orain arte A etiketako ibilgailuei ezarri zaien debekuak haiei ere eragingo die. C sailekoek eta Eco eta 0 motakoek sarrera libre izango dute, orain arte bezala.
Salbuespen batzuk egongo dira, hala ere. Emisio gutxiko eremuan erroldatuta dauden bizilagunek, elbarriek eta ibiltzeko zailtasunak dituztenek aukera izango dute autoa eremura sartzeko. Halaber, B motako ibilgailuak sartu ahal izango dira, baldin eta eremuan dauden txandakako aparkaleku batera joateko bada. Bestalde, C, Eco edo 0 motako auto bat erostekotan dabiltzan bizilagunek ere auto zaharra eremura sartzeko baimena izango dute, auto berria erosi bitartean. Horretarako, frogatu beharko dute hasi dutela kutsatzen ez duen auto bat erosteko prozesua.
Beste neurri bat ere iragarri du Bilboko Udalak: bilbotarrek, ibilgailua txatar bihurtzea erabakitzen badute eta hurrengo bi urteetan beste bat erosten ez badute, doako abonu bat jasoko dute Bilbobusen eta Bilbaobiziren zerbitzuak bi urtez erabiltzeko. Beraz, autobusa eta udal bizikletak doan erabili ahal izango dituzte.
Auto gutxiago
Abando eta Indautxu barrutiak hartzen ditu Bilboko emisio gutxiko eremuak, eta han, gehien kutsatzen duten ibilgailuek debekatua dute sartzea astelehenetik ostiralera eta 07:00etatik 20:00etara. Neurria indarrean egon den urtebete honetan, eragina nabaria izan da erdigunera sartu diren autoen kopuruan eta airearen kalitatean, Bilboko Udalak emandako datuen arabera.
Maiatzean, esaterako, 50.819 ibilgailu sartu ziren egunero, batez beste, emisio gutxiko eremuan. Iaz, neurria indarrean sartu zenean, ekainetik irailera arteko egokitzapen aldi bat ezarri zuen udalak, eta denbora horretan isunik jartzen ez zuten arren, neurtu egin zuten zenbat auto sartzen ziren eremura; batez beste, egunero 53.709 izaten ziren. Horrek esan nahi du tarte harekin alderatuta orain 3.000 ibilgailu gutxiago sartzen direla egunero, eta murrizketa %5ekoa izan dela.
Pentsatzekoa da astelehenean indarrean sartuko den neurri berriak are gehiago murriztuko duela kopuru hori. Izan ere, maiatzean emisio gutxiko eremuan sartu ziren autoetatik %18,72 B etiketadunak ziren; ia hamarretik bi. Auto horiek izango dira, hain zuzen ere, astelehenetik aurrera erdigunera sartzea galarazia izango dutenak.
Auto kopuruari ez ezik, airearen kalitateari ere eragin dio emisio gutxiko eremua indarrean sartzeak. Bilboko Udalak emandako datuen arabera, trafikoarekin lotutako agente kutsatzaile nagusiek «joera positiboa» izan dute azken urtebetean. 2025ean, NO2aren urteko batez besteko kontzentrazioa 17,6koa izan da Bilbon, eta 2023an 20koa izan zen; PM10arena 13,7koa izan da (2023an, 15,3koa), eta PM2,5arena, berriz, 8,6koa (2023an, 9,4koa).
Datu horiek kontuan hartuta, Bilboko Udalak uste du Bizkaiko hiriburua Europako Batasunak 2030erako ezarri dituen ingurumen helburuak lortzeko moduan egongo dela. «Emisio gutxiko eremua indarrean sartzeak ekarri du osasun publikoa eta airearen kalitatea hobetzea, bai eta hiribilduan batetik bestera ibiltzeko modu jasangarriak sustatzea ere», esan du Nora Abete alkateordeak.
Bilbora sartzen diren autoek ez dute inolako bereizgarririk eraman behar autoa zer motatakoa den adierazteko. Bilboko Udalak kamerak ezarri ditu emisio gutxiko eremuaren sarbide guztietan, kamera horiek ibilgailuen matrikulak irakurtzen dituzte, eta, Bilboko Udalaren eta DGT Espainiako Trafiko Zuzendaritzaren datu baseekin lotuta daudenez, automatikoki atzematen dute autoa zer motatakoa den eta eremuan ibiltzeko baimenik ba ote duen. Baimenik gabe emisio gutxiko eremuan sartzen diren A eta B autoen gidariei 200 eurorainoko isunak jartzen dizkiete.