AstraZenecaren txertoa 60 eta 69 urte artekoei jarriko diete Hegoaldean

Jaurlaritzak ez daki zer gertatuko den AstraZenecaren bigarren dosia jarri behar zaienekin. Osasun Sailak ez die jarriko txerto hori 60 urtetik beherakoei. Hala ere, kexu da, Sendagaien Europako Agentziaren aholkua ez delako aintzat hartu.

AstraZenecaren txerto batzuk. LESZEK SZYMANSKI / EFE
Edurne Begiristain - Mikel P. Ansa
2021eko apirilaren 8a
12:51
Entzun

Beste aldaketa bat. Oraingoz, azkeneko erabakien arabera, onartua zeukaten 60 eta 65 urte arteko herritarrei jarriko zietela AstraZenecaren txertoa. Espainiako Osasun Ministerioak eta erkidegoek ostegun arratsalde honetan egin duten bileran erabaki dute 66 eta 69 urte artekoei ere txerto hori ematea, 60-65 adin tartean daudenak txertatzen bukatutakoan. 66 eta 69 urte artean dituztenei beste txerto batzuk ere eman ahalko zaizkiela ñabartu dute, hala ere.

Lehentasunezko zerrendetan jarriak zeuden eta 60 urtez azpitik dutenei ez diete Erresuma Batuko txerto hori jarriko, ez oraingoz behintzat. Lista horretan dauden eta lehen dosia jaso dutenek, berriz, itxaron egin beharko dute, ez baitute gaur erabakirik hartu. Ebidentzia zientifiko gehiago eta EMA Europako Sendagaien Agentziaren ebaluazio gehiago behar dira, «Europako herrialdeekin komunikatuta», bigarren dosia AstraZenecarekin eman edo ez erabakitzeko.

AstraZenecaren txertoari izena aldatu zioten, eta Vaxzevria deitzen da orain. Zenbait sektoretako langileei ematen hasi ziren txerto hori, aurrena 55 urtez azpikoei, eta gero 65 urtez azpikoei ere bai. Irakasleak, poliziak eta suhiltzaileak zeuden horien artean. Tronbosiak eragiten ote dituen edo ez iskanbila sortu eta gero, eten egin zen txerto horren erabilera, baina EMAk txertatzen jarraitzeko aholkatu zuen, kalte baino onura gehiago eragiten dituelakoan.

Egunotan, ordea, atzera egin da berriro. Asteazken gauean, EMAk onartu zuen egon litekeela lotura bat txerto hori jasotzearen eta tronbosi kasu ezohiko batzuen artean. Kopuruak oso txikiak izan arren, kezka eragin du ikerketa horrek ostera, eta Espainiako Osasun Ministerioak, erkidegoekin bilduta, 60 urtez azpikoei txerto hori ez ematea erabaki zuen atzo; 60 eta 65 urte artekoei ematea onetsi zuten. Eusko Jaurlaritza abstenitu egin zen bozketa horretan, eta Nafarroako Gobernuak aldeko botoa eman zuen.

EMAk berak emandako datuen arabera, martxoaren 22 arte jasotako 86 odolbildu eta tronbo kasu aztertu dituzte, eta hemezortzitan izan dira kasuak hilgarriak. Europan 25 milioi herritarrek jaso dute txerto hori —horietatik hamar milioi bizi dira Europako Batasuneko herrialdeetan—. 60 urtetik beherako emakumeetan atzeman dituzte kasu gehienak, txertoa hartu eta hurrengo bi asteetan, baina ez dute arrisku faktore jakin bat detektatu. Nolanahi ere, zehaztu dute kasuak «oso-oso arraroak» direla, gutxitan gertatzen direla: «Bat 100.000ren artean».

Jaurlaritzak ez daki zer gertatuko den bigarren dosiarekin

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ostegun honetan jakinarazi du Vaxzevria txertoa jartzeko estrategia eguneratuko duela, eta 60 eta 65 urte arteko pertsonei soilik emango dizkiela dosiak. Beraz, bertan behera utzi du 60 urtetik beherakoei AstraZenecaren txertoa jartzeko prozesua.

Gaur eten egin dituzte txertatze batzuk, Donostiako Anoetako eremuan diputazioak kudeatzen duena, adibidez. Gaur Bilbon txertoa hartzeko txanda zuten 250 bat laguni, berriz, Pfizerrena jarri diete, AstraZenecarena jarri beharrean. Nafarroako Gobernuak jakinarazi du 60 urtez azpikoei txerto hori jartzeari utziko diola.

Maiatzean, AstraZenecaren bigarren dosiak jartzen hasi beharko luke Osasun Sailak. Horri dagokionez, bigarren dosi hori komenigarria den, edo, beste herrialde batzuetan egin den bezala, lehenengoarekin nahikotzat jotzen den galdetu du Osasun Sailak, baina argitu du gaur egun ez dela horri buruzko erabakirik hartu. Eusko Jaurlaritzak nabarmendu du gai horri buruzko informazioa emango duela aurrerantzean ere, txertaketa estrategiari eta bigarren dosiari buruzko berritasunak dauden neurrian.

Atzo, asteazkena, Madrilen egindako bileran, Eusko Jaurlaritza abstenitu egin zen bozketan, eta horren arrazoia azaldu du Osasun Sailak ohar batean, gaur: kritikatu du hartutako erabakiak ez duela kontuan hartu Sendagaien Europako Agentziak (EMA) txerto hori erabiltzen jarraitzeko emandako aholkua, eta ez zaiola itxaron auziari buruz Osasun Publikoko Batzordeak emango duen gomendioari. Osasun Sailaren ustez, «eztabaidarako eta erabakitzeko» organo tekniko horiek ez dira alde batera utzi behar, herritarrei «ziurtasuna» ematen baitiete. Hala ere, akordiorako eta lankidetzarako konpromisoa agertu du, eta Osasunerako Lurraldearteko Batzordeak hartutako erabakia beteko duela esan du.

Osasun Sailak gogoratu du EMAk esan duela odolbilduak agertzea «albo kalte oso arraroa» dela. «Agentziak esan du, halaber, txertoaren onurak lehenetsi behar direla gaixotasuna, ospitaleratzea eta hilkortasuna saihesteko eraginkorra delako». Aipatu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jarri diren AstraZenecako dosietatik ez dela atzeman txertoari lotutako albo kalte larririk. Ohar berean, adierazi du sentitzen duela AstraZenecaren inguruko erabakiek herritarrei «nahasmena» sortu izana, bereziki lehen dosia jarria dutenei eta laster jartzekoak zirenei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.