Astrid Lejueeren semea senar ohiarengana bidali dute, Eskoziara, ama atxilotu ondotik

Senarraren tratu txarrak zirela eta, Euskal Herrira ihes egin zuen Lejueek, baina Paueko Dei Auzitegiak mehatxu egin zion semearen zaintza kenduko ziola. Atzo atxilotu zuten ama, eta gaur atera denerako, semea jadanik Eskoziarako bidean zen.

Astrid Lejuee sostengatzeko elkarretaratzea, urri hasieran, Baionan. Lejuee, erdian. PATXI BELTZAIZ
Astrid Lejuee sostengatzeko elkarretaratzea, urri hasieran, Baionan. Lejuee, erdian. PATXI BELTZAIZ
Leire Casamajou Elkegarai.
2025eko urriaren 28a
12:46
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mehatxua bete du Paueko prokuradoreak. Astrid Lejuee atxilotu zuten atzo, eta haren bost urteko semea Eskoziara bidali, Lejueeren senar ohiarengana. Libre geratu bada ere, bere semeaz berezia da orain, ezin jakin zenbat denborarako.

«Sorpresa ez izanik ere, atxiloketaren manera» salatu du Bernard-Frank Macera Lejueeren abokatuak: «Harrituak egon gara. Bidetik autoan zihoazela oztopatu zituzten atzo, eremu publikoan»; eskapatzen arituko balira, hots. Hiru ziren autoan: Astrid Lejuee, bere ama eta bere semea. Bi emazteak atxiloaldian sartu eta semea haur zerbitzuaren eskuetan utzi zuten, Eskoziara itzul dadin amak bortizkeria leporatzen dion aitarengana. Maceraren arabera, zehazki ez dakite ibilbidearen zer etapatan dagoen semea orain, baina bai Eskoziara bidean dela, komunikatu zaienaz.

Senar ohiaren tratu txarrengatik, semearekin Eskoziatik ihesi egin zuen Lejueek otsailean, eta Euskal Herrira itzuli, Angelukoa baita sortzez (Lapurdi). Iritsi bezain laster, Macera abokatuarekin bildu zen, eta familia aferez arduratzen den epaile batekin hitzordua finkatu, azaroaren 6rako, Baionan. «Haurraren zaintza eredua eta ongizatea antolatzea» zen Lejueeren helburua, betiere aitarekin harremanean. Baina senarrak Frantziako Justiziari dei egin zion, «sorlekuaren araberako herritartasun eskubidea» aplika zezan. Urri hasieran iragan zen dei auzia, Pauen, eta Lejueeri eta haren semeari lehenbailehen Eskoziara itzultzeko agindu zien epaileak.

Erabakiari muzin egin, eta kosta ahala kosta Euskal Herrian semearekin egoteko borondatea agertu zuen Lejueek. Baina Paueko prokuradoreak bestela erabaki du, eta berezirik daude orain ama-semeak.

«Haur baten legez kontrako lekualdatzea» egozten zioten Lejueeri, baina atxiloaldiko agiriak zehazten duenaz, maila bat gorago egin dute orain: haurra kendu edo bahitzea leporatzen diote; eta konplizitatea Lejueeren amari.

Macera abokatuak hobeki azaldu du zer baldintzatan iragan den atxiloketa eta delituaren karakterearen aldaketa: «Frantzia iparraldera joanak ziren hilzorian dagoen osaba batengana, Lejuee, bere ama eta bere semea. Orduan, justiziak kontsideratu du arriskua bazegoela ihesi egin zezan haurrarekin. Niri bitxia iruditzen zait argudiaketa hori, zeren Baionara itzultzen ari zirela harrapatu dituzte».

Kasaziora hel egitea

Alde batetik badago atxiloaldiarena, eta bestetik haurraren zaintzarena, funtsean horregatik ihesi joan zelako Eskoziatik Lejuee, urte hasieran. Ofizialki 2023ko urrian dibortziatu ziren Lejuee eta haren senar ohia, baina 2021eko abendutik ziren bereziak; Lejueek Eskoziako Poliziaren, gizarte zerbitzuen eta tokiko herriko etxearen laguntza jasotzen zuen, bikotekide ohiaren indarkeriagatik. Ordea, haurraren zaintza eztabaidatzeko momentua iritsi zelarik, senar ohiaren tratu txarrak ez zituzten kontuan hartu, justizia prozedura guziak egin izanik ere segidarik gabe geratu baitziren.

Eta 2024ko urrian baizik ez zitzaion jakinarazi dibortzioak trenkatzen zituen zaintzarako baldintzak: ama eta haurra gizonaren ondoan egotera behartzen dituzte alde batetik, eta, bestetik, debekatzen diote Lejueeri bere familiako ospakizunetara semearekin hurbiltzea. Orduan Euskal Herrira itzuli zen semearekin, aurtengo otsailean. Espero izan zuen Frantziako justiziak pixka bat gehiago babestuko zuela, baina ez da hala izan, senar ohiari arrazoia eman baitzioten. Abokatuak erran du «justizia bide guziak» aztertu dituztela, eta kasaziora hel egitea baizik ez zaiela geratzen.

Hain zuzen, argi dute Kasazio Auzitegira joko dutela, baina gisa horretako prozedurak biziki luzeak dira, eta ez dute dei auzitegiaren erabakia bertan behera ezartzen; prokuradoreak baizik ez lezake kanporaketa agindua berrikusi. BERRIA harekin harremanetan jartzen entseatu da, baina erantzunik ez du eman.

Macerak azaldu du aztertuko dutela lanjeros ote litzatekeen Lejueerendako Eskoziara itzultzea, bere semearengana: alde batetik, argitu behar dute ea senar ohiak prozedura berririk abiarazi ote duen Eskozian, haurraren «legez kontrako lekualdatzeari» dagokionez —hots, Frantzian abiarazi zuen berdina—, eta, bestalde, segurtatu behar dute zer ekar dezakeen Lejueerendako bere senar ohi «bortitzaren» herrialdera itzultzeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.