Zigor Garro euskal presoa baldintzapean aske geratu da gaur goizean. Parisko Dei Auzitegiak joan den ostiralean onartu zuen bere eskaera, eta, fiskalak 24 orduko epean ez zuenez helegiterik jarri horren aurka, espetxetik atera da presoa. Ondorioz, Mont-de-Marsango (Okzitania) espetxetik atera da, eta eskumuturreko elektronikoa erabiliz bukatuko du zigorra, datorren udaberrian. Garro (Errenteria, Gipuzkoa, 1975) da Frantziak baldintzapeko askatasuna emandako Hegoaldeko lehen presoa.
2006an atzeman zuten, Quezac herrian (Lozere, Frantzia), ETArekin lotuta. Iazko otsailetik dago Mont-de-Marsanen; harena eta Julen Mendizabalena izan ziren Frantziako Gobernuak euskal ordezkaritzarekin osatutako mahaiko elkarrizketen ondorioz egindako lehen gerturatzeak.
Zigor Garro kalean da @berriapic.twitter.com/KLfuNSi1Vj
— Amagoia Gurrutxaga (@AmagoiaGu) November 28, 2019
Zigor egokitzapena termino juridikoa erabili du Zigorrak Ezartzeko Dei Auzitegiak Garro baldintzapean aske uzteko. Urriaren 23an egin zuten baldintzapean aske uzteari buruzko auzi saioa, eta, ohi ez bezala, prokuradorea ez zen agertu presoa askatzearen kontra. Azken hilabeteetan behin baino gehiagotan eman diote presondegitik ateratzeko baimena: iazko otsailean, amaren ehorzketan izan zen, Zokoan (Lapurdi), eta, geroztik, lanari lotutako zenbait hitzordu izan ditu aurtengo udan eta ikasturte hasieran.
Haren abokatu Maritxu Paulus Basurcok urriko auzian esan zuenez, Garrok Lapurdin etxea eta familia ditu, baita lan proiektu bat ere, eta, beraz, baldintza zehatzak betetzen ditu baldintzapean aske geratzeko.
Hegoaldeko preso gehiago bide bera urratzen
Garro da Frantziak baldintzapekoa eman dion Hego Euskal Herriko lehen presoa. Frantziako Kontseilu Konstituzionalaren ebazpen baten ondorioz —duela bi hilabete eta erdi jakin zen—, Hegoaldeko euskal presoak ere hasi dira baldintzapean askatzeko eskatzen. Garrok ez ezik, Alaitz Areitiok ere eskatu zuen, orain aste batzuk. Zigor Merodiok ere galdegin zuen, baina aske geratu zen gero, zigorra beteta. Garroz eta Areitioz gain, Hegoaldeko beste hamar preso bide bera jorratzeko moduan dira, bakoitza bere garaian, eta batzuk hasi dira horretan.