Atherbea elkarteko langileek zuzendaritzaren «kudeaketa autoritarioa» salatu dute

Azaroaren 18an egin zuten biltzar nagusiaren harira, elkarteko administrazio kontseiluarekin biltzea galdegin zuten, baina erantzunik ez dute jaso. Orduan, elkartearen egoitza aitzinean bildu dira LAB sindikatuko kideak, eguerdiko pausa denboran.

Atherbea elkarteko langileak, gaur, elkartearen egoitza nagusiaren aitzinean protestan, Baionan. FRANÇOIS BERLAND
Atherbea elkarteko langileak, gaur, elkartearen egoitza nagusiaren aitzinean protestan, Baionan. FRANÇOIS BERLAND
Leire Casamajou Elkegarai
ANGELU
2025eko abenduaren 18a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azaroaren 18an biltzar nagusi bat egin zuten, eta Atherbea elkarteko langileek abertitu zuten elkarteko administrazio kontseilua: abenduaren 12a aitzin horiekin biltzen ez baziren eta haien eskakizunak betetzen ez bazituzten, orduan mobilizatuko ziren. Hala gertatu da. Atherbea elkarteko gizarte langileak bi orduz elkarretaratu dira LAB eta Solidaires sindikatuen babespean, elkartearen egoitza nagusiaren aitzinean, Baionan: Mespretxua aski da, zioen banderolak.

Gizarte laguntza bideratzen duen egitura da Atherbea, baina, azkenaldian, gaizki doa barne mailako antolakuntza. «Hor gara kudeaketa bortitzaren salatzeko. 2024ko udan zuzendaria joan eta zuzendari berria aurtengo martxotik postuan denez geroztik, ohartu gara autoritarismora lerratzen dela kudeaketa. Elkarrizketak ukaitea zaila da, eta zigorrak, aldiz, errazegi jarriak; intimidazioak ere bai». Langileetarik bat mintzatu da, baina izenik ez du eman nahi izan, «kanporatzeko mehatxua» egin baitiote jadanik. «Ez dut beste istoriorik nahi...».

Halere, azaldu du hasieratik galdegin dutela administrazio kontseiluarekin biltzea, baina, aldiro-aldiro, zuzendaritzara edo elkartearen bulegora bideratzen dituztela. Hainbat zerbitzu kudeatzen ditu Atherbea elkarteak, eta denetan da egoera antzekoa: leku batetik bestera, erabateko kudeaketa bertikala salatzen dute, eta baita hierarkiak aplikatzen duen presioa ere. «Guk giro sano eta egoki bat berriz plantan jartzeko asmoa genuke».

Gertakari bat azpimarratu dute bereziki, Atherbea elkarteko gizarte langile baten kanporaketa: «Joan den ekainean iragan zen: zerbitzuburu bat kaleratu zuten. Sei hilabeteko opor baimena bete berri zuen, eta lanera itzultzen ere ez zioten utzi: bulegora deitu zuten, eta lansari etetea iragarri zioten. Ustez hutsegite larri bat egin zuelakoan. Baina azalpenik ez diote eman, eta frogarik ez da izan; beraz, lan auzitegira jo du».

Beste arazorik ere izan zen duela zenbait hilabete Atherbeak kudeatzen duen Maison de Gilles aterpetxearekin. Azaroaren 3an berriz ireki zuten Miarritzeko urgentziazko aterpetxea, zenbait hilabetez hetsia egon ondotik. Hauturik ez zuten izan zerratzeko, aurtengo martxoan langileek lanetik aldi baterako erretiratzeko baimena baliatu baitzuten, egoiliarretarik bat haietariko bati zintzurra egiten entseatu ondotik. Lan giroa lanjerosegia bilakatua zitzaien, eta Gilles etxea langilerik gabe baratu zen. Lanera itzuli dira geroztik, baina egoera ez da aldatu: Frantziako Gobernuaren eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren diru laguntzek etenik jarraikitzen dute, eta zuzendaritzak hitzeman zizkien baldintzak ez dira bermatuak. Gilles etxearen kasua egoera orokortu baten adierazlea da: geroz eta murrizketa gehiago egin dira jadanik biziki baldintza prekarioetan ari ziren arloetan, gizarte lanetan honako honetan.

Aterpetxea berriz ireki zutelarik, langile batek BERRIAri kontatu zion zuzendaritzak ez dituela langileak «behar bezala kontsideratzen, martxoan bezalako gertakari bat iragaten den arte».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.