Analista politikoak esan eta esan ari dira azken asteetan. Sare sozialetarako klip laburren kanpaina da Espainiako Gorteetarako hauteskundeena. Eta alderdietako hautagai zein gainerako ordezkari politikoak mezu labur eta zuzenak txertatu nahian ari dira elkarrizketa, debate eta mitinetan. Joera horretan beste urrats bat ere egin du Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. EAJk Barakaldon (Bizkaia) egindako ekitaldian, Athleticen ereserkia moldatu, eta kantuan eskatu zien herritarrei jeltzaleen aldeko botoa: «Zabaldu daigun guztiok, irrintzi alaia: Euskadi Euskadi, zu zara nagusia».
A veces toca dar el do de pecho 🎶 Piensa en tu vida. Piensa en tu casa y en los de casa. Piensa quién te va a defender a partir del día 30. Gure Alderdia Herria eraikitzen egon da beti. Herritik sortu ginelako, maite gaitu Herriak! Igandean @eajpnv! https://t.co/RgIEV5izNC
— Imanol Pradales (@Imanol_Pradales) November 24, 2026
Pradalesek 2024ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak ekarri zituen gogora bere hitzartzearen amaieran, esanez aurreikuspenak onak ez baziren ere, «buelta» eman zietela horiei, lehen indarra izateko. Eta emaitza hura Athleticek lortutako Espainiako Koparekin lotu zuen: «Baten batek titulatu zuen EAJk irabazi zituela hauteskundeak Euskadin Gabarrak igaro zituen udalerriei esker».
Hain zuzen, hitz horiek egin eta irribarrea atera zitzaion lehendakariari, egitear zenaren aurrerapen gisa. Kantuan ekin baitzion, talde zuri-gorriaren ereserkia EAJren aldeko abesti bihurtuta: «Alderdi zahar eta gaztea, denontzat zara zu geurea. Herritik sortu zinelako, maite zaitu herriak. Alderdi berri betea, gure iturria, Euskal Herriaren erakusgarria. Zabaldu daigun guztiok, irrintzi alaia: Euskadi Euskadi, zu zara nagusia», abestu zuen lehendakariak, bertaratutakoek txaloz laguntzen zioten bitartean.
Hala, goraldi betean amaitu zuen bere hitzartzea, igandean EAJren alde bozkatzeko eskatuz, eta mitin amaieretako ohiko oihuarekin: «Gora Euskadi askatuta!»
Ez da Eusko Jaurlaritzako lehendakari bat mitin batean kantuan jartzen den lehen aldia. Sei urte atzera eginda, 2020ko Eusko Legebiltzarrerako bozetan, Iñigo Urkullu orduko lehendakari eta EAJren lehendakarigaia izan zen Gogoa nun dugu abestia kantatzera animatu zena.