Atsekabe eta dolumin mezu erreskada eragin du Garaikoetxearen heriotzak

Eusko Alkartasuna izan da lehenbizikoa doluminak ematen: «Eskerrik asko emandako guztiagatik. Adiorik ez». Eusko Jaurlaritzak hiru dolu egun ezarri ditu, ostegunera arte.

Ardanza, Lopez, Urkullu, Ibarretxe eta Garaikoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. ARGAZKI PRESS
Ardanza, Lopez, Urkullu, Ibarretxe eta Garaikoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. FOKU
aitor biain
2026ko maiatzaren 4a
17:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Carlos Garaikoetxearen heriotzak erreakzio soka luzea ekarri du. Eusko Alkartasuna izan da lehenbizikoa doluminak ematen, EAJrekin hautsi ostean sortu zuen alderdia, hain zuzen ere. X sare sozialean argitaratu du mezua. «Lehendakaria» hitza nabarmendu du, letra larriz, eta honako esaldi hau erantsi dio: «Eskerrik asko emandako guztiagatik. Adiorik ez». Bideo bat ere argitaratu du alderdiak, haren ibilbideko une azpimarragarrienak erakusten dituena. 

Lehendakariaren heriotzak utzitako «hutsune humano eta politiko izugarria» nabarmendu du Eusko Alkartasunak, ohar batean. Itzal luzeko politikaria eta «euskararen defendatzaile sutsua» izan zela adierazi du alderdiak, «baina, batez ere, herri honek bizi izan dituen erronka erraldoien aurrean beti tinko azaldu den abertzale petoa eta estatu politikaria». Garaikoetxearen «ekarpen historikoaz» ere mintzatu da Eba Blanco idazkari nagusia: «Nazioa, herria eta herritarren beharrak beste edozein interesen aurretik eta edozein esanahi politikoren gainetik beti lehenetsi dituen herri gizona izan da».

Iruñeko beilatokian egongo da asteartean frankismo osteko lehen Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izan zenaren gorpua. Biharamunean Ajurianean jarriko dute haren hil kapera. Hala egin zuten, hain justu ere, Jose Antonio Ardanza lehendakaria hil zenean, duela bi urte. Nolanahi ere, ekitaldi horien atariko, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak adierazpen instituzional bat irakurriko du bihar goizean. Jaurlaritzak hiru eguneko dolua ezarri du, gaurtik hasita.

Imanol Pradales: «Euskal autogobernuaren eta ongizatearen arkitektoa»

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek eskerrak eman dizkio Garaikoetxeari mezu baten bidez, «herriaren eta askatasunaren alde onena emateagatik eta utzitako ikasbideengatik». Honela definitu du Pradalesek frankismoaren osteko lehen lehendakaria: «Nafarra, euskalduna eta abertzalea, demokrata, giza eskubide guztien eta justizia sozialaren defendatzaile sutsua, pragmatikoa eta ameslaria, zentzuduna eta ausarta, karismatikoa eta talde gizona». Pradalesen iritziz, Garaikoetxea «euskal autogobernuaren eta ongizatearen arkitektoa» izan zen, eta garai zailetan «ezina ekinez» gainditu zuen; «ohorea izan da zu ezagutzea; ez dizugu hutsik egingo».

EAJ: «Autogobernuaren oinarriak jarri zituen»

EAJk ere bere atsekabea adierazi du. «Euzkadiren alde une oso erabakiorretan lan egin» zuela adierazi du. Eta nabarmendu du bere gidaritzapeko Eusko Jaurlaritzak autogobernuaren eta erakundeen «oinarriak» jarri zituela. Hain justu ere, EBBko presidente Aitor Estebanek haren «lan nekaezina» gogoratu du, eta «doluminik sentikorrenak» helarazi ditu jeltzale guztien izenean: «Agur eta ohore, Garaikoetxea Lehendakaria». 

Joseba Diez Antxustegi jeltzaleek Eusko Legebiltzarrean duten bozeramaileak ere «autogobernua defendatu eta erakundeak martxan jarri izana» eskertu dio. Geroa Bai koalizioak, berriz, «bere lurraldearekin konprometitutako abertzale nafar» gisa oroitu du Garaikoetxea. «Haren konpromisoak eta ikuspegiak arrasto sakona utzi dute. Goian bego», adierazi dute.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak EITBri egindako adierazpenetan, lehen oroitzapen gisa, azpimarratu du Garaikoetxeak protagonismo handia izan zuela «Euskadi-Euskal Herriaren instituzionalizazioan». Demokraziarako trantsizio hartan, Urkulluk goraipatu du duela 47 lortu zela Gernikako Estatutua, eta haren ondotik osatutako lehen Eusko Jaurlaritzaren esku izan zela Kontzertu Ekonomikoari buruzko akordio politikoa. «Beharrezkoa da atzera begiratzea eta esker ona adieraztea belaunaldi oso batek konpromisoa azaldu zuelako Euskadiren sentipena berreskuratu eta hura Euskadiren instituzionalizazioan gauzatu ahal izateko». Juan Joxe Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak ere sare sozialen bidez eman ditu doluminak: «Garaikoetxea lehendakaria, demokrata, abertzale eta gure herriaren 'eraikitzailea'. Agur eta Ohore».

Sabino Arana fundazioak gogora ekarri du esker ona adierazi nahi izan ziotela 2004an, eta Sabino Arana saria jaso zuela Garaikoetxeak, «1980an sortutako Eusko Jaurlaritzako lehendakari zereginetan EAJren eskutik egindako lanagatik». Fundazioak nabarmendu duenez, diktadura luzearen ostean, «burujabetasunaren bideari ekin zion lantaldearen buruzagi» izan zen, eta haren lehen gobernu hark «erakundeak eta zerbitzuak abiarazi zituen».

EH Bildu: «Instituziogintza modernoaren aktore nagusia»

EH Bilduk ere sare sozialean argitaratu du dolumin mezua, eta haren profila nabarmendu du. «Nafarra, abertzalea eta Euskal Herriaren semea» izan zela adierazi du, eta «instituziogintza modernoaren aktore nagusietako bat eta burujabetzaren bidean indarrak batzeko konpromisoaren eredu» izan zela azpimarratu. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak ere sare sozialetan eman ditu doluminak: «Eskerrik asko gure aberriaren askatasunaren eta burujabetzaren alde egindako lan izugarriagatik eta uzten diguzun ondare politikoagatik».

Pello Otxandiano EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak ere Garaikoetxearen «ondare politiko mamitsua» nabarmendu du, eta hari segida emateko deia egin: «Gure erantzukizuna da ondare politiko mamitsu horren gainean euskal herritarren ongizatea bermatzea eta herri honen etorkizuna eraikitzen jarraitzea». EH Baik ere «urte luzez Euskal Herriaren eraikuntzan eta autodeterminazioaren zein abertzaletasunaren alde» egindako lana aitortu dio Garaikoetxeari.

PSE-EE: «Errespetua, lurralde honi eskaini zion dedikazioagatik»

PSE-EEk ere Garaikoetxearen familiari eta lagunei helarazi die mezua, eta doluminak eman. «Hainbatetan banandu gintuen desadostasun politikotik errespetua adierazi nahi diot bere zeregin instituzionalagatik eta lurralde honi eskaini zion dedikazioagatik», esan du Eneko Andueza sozialisten idazkari nagusiak. Doluminak eman dizkie haren senide eta lagunei, baita Eusko Alkartasunako kideei ere.  

Patxi Lopez lehendakari ohi eta PSOEko diputatuak ere atsekabea agertu du Garaikoetxearen heriotzagatik. Gernikako Estatutuaren bultzatzaile nagusietako bat izan zela nabarmendu du, eta, horrekin batera, gaur egungo «Euskadiren parte handi baten egile» dela azpimarratu: «Haren figura errespetu instituzionalaren eta pentsamendu eraikitzailearen sinonimoa zen».

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak ere azpimarratu du «Euskadi demokratikorako trantsizioa kudeatzen jakin zuen nafarra» izan zela Garaikoetxea, eta azpimarratu du Nafarroarekiko konpromiso politikoari «amaierara arte» eutsi ziola. 

PP: «Lehenbiziko lehendakaria. Agur eta ohore»

Alderdi Popularrak euskaraz eman dio azken agurra Garaikoetxeari: «Agur eta ohore». Sare sozialetan zabaldu dute mezua: «Gernikako Estatutuaren lehenbiziko lehendakaria izan zen, goian bego». Alderdiaren mezu hori zabaldu du Javier de Andres EAEko PPko presidenteak; Carlos Iturgaiz alderdiko presidente ohiak, berriz, bere atsekabea agertu du, eta azpimarratu gertuko tratuan beti «adeitsua» eta «dotorea» izan zela.

Beste hainbatek ere adierazi dute samina. Ahal Dugu-k, esaterako, doluminak helarazi dizkio Eusko Alkartasunako familia politikoari eta Garaikoetxea sendiari. Eta nabarmendu du «Euskadin trantsizioaren ondoren demokraziaren lehen urratsetan giltzarri» izan zela.

Euskal Herritik kanpora ere izan dira Garaikoetxearen heriotzaren inguruko erreakzioak. Carles Puigdemont JxC Junts Per Catalunyako buruzagia eta Kataluniako Generalitateko presidente ohia izan da horietako bat. «Abertzale bat, erreferente bat» izan zela esan du. «Doluminak eman nahi dizkiet haren senideei, kideei eta lagunei. Eta Euskal Herriari, zeina hain ohoretsu zerbitzatu baitzuen. Goian bego». Oriol Junqueras ERC Esquerra Republicana de Catalunyako buruak ere atsekabea adierazi du, eta gogora ekarri du ERCren eta EH Bilduren arteko ahaidetza politikoa.

Espainiako Gobernuaren izenean, Marisol Garmendiak helarazi du dolumin mezua; «Euskal autogobernuaren eraikuntzaren erreferente eztabaidaezina» izan zela adierazi du. Angel Victor Torres Espainiako Gobernuko Lurralde Politika eta Memoria Demokratikoko ministroak, berriz, azpimarratu du EAEko autogobernua eraikitzeko orduan «giltzarri» izan zela Garaikoetxea: «Askotariko Espainia demokratikoaren historiaren parte da haren ibilbidea».

Euskal Herriko Unibertsitateak ohar bidez egin ditu adierazpenak: «Euskal unibertsitate publikoa zorretan dago berarekin». Hain justu, Garaikoetxeak unibertsitate publikoa sortzeko izan zuen erabakimena nabarmendu dute, eta esan urrezko domina aitortu ziotela, «bere ibilbide politikoan islatutako herri honekiko konpromisoaren erakusgarri». Bide beretik egin ditu adierazpenak Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak ere: «Gure autogobernuaren arkitekto nagusia izan zen. Garaikoetxeak Euskal Herri libre eta bateratu baten aldeko lana eta borroka egin zuen irmoki eta beti biolentzia mota guztien kontra egin ere. Zorretan gaude EHUn berarekin».

Sare Herritarrak ere egin ditu adierazpenak. «Sareren sorreratik, gure ondoan egon da euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen defentsan. 2023ko urrian, Konponbiderako Giltzak manifestuaren sinatzaileetako bat izan zen», adierazi du sare sozialetan argitaratutako mezuan, eta besarkada bat igorri die Garaikoetxearen senide eta lagunei. 

ELA sindikatuak ere atsekabea agertu du Garaikoetxearen heriotzagatik, eta doluminak igorri dizkie haren senideei eta Eusko Alkartasuna alderdiari.

Athleticek ere mezu bat zabaldu du sare sozialetan, eta gogorarazi du Eusko Jaurlaritzako lehendakaria zela zuri-gorriek azkeneko bi ligak irabazi zituztenean. «Besarkada handia» igorri die senide eta lagunei. Alavesek eta Baskonia taldeek ere atsekabea azaldu dute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA