Madrilgo Auzitegi Nagusiak atzera bota du Ekologistak Martxan taldeak Muga meatoki egitasmoaren kontzesioetako baten aurka aurkeztu zuen helegitea. Geoalcali enpresa da egitasmoaren sustatzailea, eta berak eman du ebazpen judizialaren berri, pozik, uste baitu egitasmoa sustatzeko erabili duten «lege prozeduraren legezkotasuna» berretsi dela erabaki horren bidez. Nabarmendu du auzitegiak osorik bota duela atzera ekologisten helegitea, eta kostuak ordaintzera ere kondenatu dituela.
Ez da enpresak auzitegietan berriki bere alde jasotako ebazpen bakarra. 2024ko urrian, esaterako, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetu eta indarrik gabe utzi zuen Nafarroako Gobernuak Goyo kontzesioa ustiatzeko emandako baimena, baina aurtengo maiatzean Espainiako Auzitegi Gorenak onartu egin ditu epai horren kontrako helegiteak, eta ebazteko dago oraindik auzia. Espedientea tramitatzen ari diren hiru gobernuek eta Geoalcalik kasazio helegiteak jarri zituzten epaiaren kontra.
Egitasmo «konplexua» dela gogoratu dute gaur Geoalcali enpresako arduradunek. Izan ere, Euskal Herriko mugak gainditzen dituen egitasmo handi bat da. Nafarroako eta Aragoiko lurretan zabaltzea da asmoa, eta, ondorioz, Espainiako Gobernuak, Nafarroako Gobernuak eta Aragoikoak eskumenak dituzte egitasmoan. Lantegia Zangoza ondoan jartzea da asmoa; meatze ahoa, berriz, Aragoiko Undues de Lerga herrian egotea nahi dute. 1.700 hektarea izango ditu meategiak, eta 600 metro sakon diren tunel batzuk zabalduko dituzte lur azpian.
Haizea alde sentitu dute azken ebazpenetan Geoalcali enpresako buruek, eta egitasmoa irmo defendatzeko baliatu dute abagunea. «Proiektuaren sendotasun juridikoa berretsi dute», azaldu du gaur enpresako arduradun nagusi Carles Alemanek. Esan du orain Gorenaren epaia ere egitasmoaren aldekoa izatea espero dutela eta erabakigarria izango dela enpresaren planak martxan jartzeko.
Elkarte ekologistek maiz salatu dute nolako ondorioak izango dituen egitasmoak: geologia eta ingurumen arriskuez ohartarazi dute, besteak beste. Garraioari dagozkion ingurumen kalteez ere maiz jardun dute, meategiak 500 kamioi baino gehiago mugituko lituzkeelako egunean.