Atzerako kontua martxan: Sarek «eskailerako azken maila igotzera» deitu du Iruñean

Sare Herritarrak manifestazioa egin du gaur arratsaldean euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea eskatzeko. Helmuga «ikusmenean» du, «urratsez urrats» urratutako bidearen ostean.

Sarek antolatuta egindako manifestazioa, gaur arratsaldean, Iruñean. SARE
Sarek antolatuta egindako manifestazioa, gaur arratsaldean, Iruñean. SARE
2026ko uztailaren 3a
20:42
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Urtarrilak 1, otsailak 2, martxoak 3, [...], uztailak 7...». Sanferminetarako atzerako kontua kantatuz abiatu du Mikel Mundiñano Sare Herritarreko kideak manifestazioaren osteko mezuaren irakurketa. Iruñean elkartu dira gaur arratsaldean. Iruindarrek jaietako txupinazoa espero duten bezalaxe espero du Sarek euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea.

Plataformaren ibilbidea islatu nahi izan dute egunez egun borrokatutako atzerako kontuarekin. Atzerako kontaketaz dihardute, bi arrazoi nagusirengatik. Batetik, «urratsez urrats» urratu duelako bidea Sarek, eta «maila bakoitzera iristeak luze jotzen duela» iruditu arren, helmuga orduan eta gertuago sumatzen dutelako. Bestetik, atzerako kontu gisara, «unetxoetan unetxorik bereziena helmuga duelako». Helmuga argia dute «ikusmenean», txupinazoa: euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea. 

Sareren ustez, gogoratu beharra dago «indar guztia nondik etorri den»: hain zuzen ere, «jendeak izan duen erresilientziarako, antolaketarako eta mobilizaziorako gaitasunetik». Horixe aldarrikatuko dute uztailaren 8an. Sarek Etxera Eguna ospatuko du sanferminetako egitarauaren barruan. Herri bazkaria, bazkaloste musikatua eta kontzertuak antolatu dituzte asteazkenerako, eta «festa eta pozez lehertzeko garaia» ezin daitekeela gehiago «atzeratu» aldarrikatuko dute.

Eskaileraz eskailera

Mundiñanok zera aipatu du lehen lorpen gisa: «espetxe barruko espetxea bukatu» izana. Alegia, «motibazio politikoko presoei orokorrean ezartzen zitzaizkien bakartze erregimenak» amaitzea; izan ere, erregimen horiek zigorrak betetzeko beste eskubide batzuk urratzen zituen. 

Borroka prozesuak ekarritako bigarren eskailera maila urruntze eta sakabanatze politikaren hondarrean kokatu du plataformak. «Zigor Kodeak jasotzen ez duen zigor» horrek zuzenean jotzen zituen preso eta haien senitartekoak, baita haien «osasuna, bizi baldintzak, ekonomia eta  bizitza ere». 

Bozeramailearen hitzetan, espetxe politikaren arloko eskumena eskualdatzea «igo beharreko beste eskailera maila bat» izan da, nahiz eta maila horretan «hanka bat airean» eduki. Izan ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kartzelen kudeaketarako eskumena Espainiako Gobernutik Eusko Jaurlaritzara transferitu arren, Iruñeko espetxean Madrilek agintzen du oraindik. 

Azkenik, bozeramaileak ohartarazi duenez, «baten bat txupinazoa ahalik eta gehien atzeratu nahian dabil». Sarek salatu du oraindik ere ez zaiela preso guztiei espetxe legedi arrunta ezartzen: «gorabeherak etengabeak dira». Gorabeheren artean, salatu dute fiskaltzak, akusaziorako beste entitate batzuek eta epaitegiek presoen «ohiko» etxeratze prozesua oztopatzen dutela.

«Baten bat txupinazoa ahalik eta gehien atzeratu nahian dabil». Sarek salatu du oraindik ere ez zaiela preso guztiei espetxe legedi arrunta ezartzen: «gorabeherak etengabeak dira»

Eskailera «exijente» horretako azken mailei heltzeko garaia dela dio Mundiñanok. Bozeramaileak azaldu duenez, Europako beste estatu batzuetan presoek betetako zigor urteak kontuan hartu behar dira, baina Frantziako kartzeletan egindako urte horiek aintzat hartzeko prozesua «asko luzatzen ari da». Era berean, Sarek 7/2003 legea seinalatu du, Jose Maria Aznar Espainiako gobernuburuaren agintaldian indarrean jarritakoa. Legeak «motibazio politikoko presoentzat» 40 urteko gehienezko zigorra ezarri zuen, eragilearen ustez «euskal lurretan zigorrak eta gatazka politiko bortitza iraunarazteko» asmoz.

Hori guztia salatu eta presoen eskubideak aldarrikatzeko deitu du Sarek manifestaziora, 2027ko urtarrilaren 9rako, «azkena izango denaren desioan». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA