Oraingoan ere ez. Gaur berriz atzeratu dute EB Europako Batasunean euskara, katalana eta galegoa ofizial izateko eskabideari buruzko bozketa. EBko Auzi Orokorretarako Kontseiluan aztertu dute gaia, aurretik hainbatetan egin duten eran. Espainiako Gobernuak eraman du orain eskabidea berriro, baina ez duenez lortu gainerako estatuetako ordezkariak alde jartzea, erabaki dute bozketa beste baterako uztea. Izan ere, gehiengoa izatea ez da aski aitortza lortzeko: aho batez onartu behar dute. Abstentzioak onartzen dira, baina kontrako botoak ez. Kontseiluko auzi orokorrei buruzko bilkura egin dute gaur goizean, eta gai zerrendan sartuta zegoen gaia.
ACN albiste agentziak adierazi duenez, gutxienez bi estatuk eskatu diote Espainiari bozketa atzeratzeko. Aurretik hainbatetan egin duten eran, azaldu dute zalantza juridiko eta ekonomikoak dituztela aitortzaren inguruan. Espainiako Gobernuak 2023ko abuztuaren 16an erregistratu zuen euskara, galegoa eta katalana EBren hizkuntza erregimenean sartzeko eskabidea. Espainiako Gobernuak Kataluniako indar politikoekin izandako negoziazioen ondorio izan zen urrats hori; hain justu ere, Junts Per Catalunya taldeak egin zion eskaria, eta baldintza gisa jarri negoziazioetan, besteak beste.
Gaur berriz ikusi den moduan, ordea, ez da erraza izango hori lortzea. Zenbait estatuk aitortzaren aurkako argudioak eman dituzte, eta oztopoak jarri. Haien arabera, euskarari, katalanari eta galizierari ofizialtasuna emateak mugarri bat ezarriko luke, eta eredu izango litzateke beste hizkuntza minorizatu batzuentzat. Egunotan ere ozen zabaldu da hainbat estatuk zalantzak dituztelako albistea. Espainiako Gobernuak negoziatzeko egindako ahaleginen berri ere izan da. Europa Press agentziak jakinarazi du, adibidez, Espainiako Gobernua akordio bat egiten saiatu dela euskararen, galegoaren eta katalanaren ofizialtasun «partzialaren» inguruan. Baina negoziazio horiekin ere ez dute lortu gainerako estatu guztien babesa.
Eragileak, ofizialtasun eske
Berehala erantzun du euskalgintzak. Euskalgintzaren Kontseiluak gaitzetsi egin du bozketa atzeratu izana: «Hizkuntza gutxituen normalizazioan eta biziberritzean aurrera egiteko aukera galdu bat da». Hain esanetan, erabakiaren atzean «arrazoi tekniko» gehiago daude, «argudio eta oztopo politikoak» eta «egiazko ezintasunak» baino: «Euskarari, katalanari eta galizierari ofizialtasuna aitortzea bide bat da Europako beste hizkuntza gutxituei ere aitortza bera egiteko. Funtsean, bide bat da herritarren berdintasunean, gizarte kohesioan, justizia sozialean eta bizikidetzan sakontzeko. Balio horiei arrazoi teknikoak kontrajartzea hautu politiko bat da».
Kontseiluaren irudiko, horren «adierazgarri argia» da PPk aspalditxoan izan duen joera: «Presio egin die Europako eskuineko eta eskuin muturreko gobernuei, botazioa oztopa dezaten». Eta «gogor» salatu dute alderdi horren «jarrera euskarafoboa eta atzerakoia».
Kontrara, Kontseiluak uste du ofizialtasunerako bidea urratzen jarraitu beharra dagoela. Bi onura nagusi ikusten dizkio Europan babes hori izateari. Bat: «Produktuen etiketak, sendagaien erabilera orria,k eta hainbat jakinarazpen eta iragarki ofizial euskaraz ere egin beharra ekarriko luke; Europako Batzordetik bideratzen diren hainbat hezkuntza eta kultura programatan euskarazko proiektuak bultzatu ahalko lirateke, eta haren irakaskuntza bultzatu, esaterako; edota modua emango luke administrazio eta erakundeen arteko harremana euskaraz izateko, bai Euskal Herrian, baita Europako Batasuneko zenbait erakunderekin ere». Eta bi: «Arlo politikoan, euskararen ofizialtasunaren aldeko aldarria indartuko litzateke, eta agerian utziko lituzke euskara oraindik ofiziala ez den eremuetako hainbat kontraesan. Esaterako, edozein herritar, erakunde zein enpresak euskaraz jardun ahalko luke Europako instituzioekin; ez, ordea, bere herriko udalarekin». Baina, gertuagora begira jarrita, Kontseiluak gogorarazi du Euskal Herriko zenbait lekutan ere oraindik euskara ez dela ofiziala, eta aurrerapausoak galdegin ditu hori lortzeko bidean.
EAJren salaketa gogorra
Eusko Jaurlaritzaren izenean, Ibone Bengoetxea lehen lehendakariordeak hartu du hitza. «Euskara Europako hizkuntza ofizial gisa aitortzeko gure lana eta borondatea inoiz baino biziago daude». Eta ziurtatu du ez dutela etsiko hori lortu arte: «Eusko Jaurlaritzak bide guztietatik eta gure eragileen eskutik jarraituko du lanean, maila gorenean, euskara Europako hizkuntza ofizial gisa onar dadin». Halaber, Espainiako Gobernuari eskerrak emateko ere probestu du, «diplomazia lanak» egin baititu, eta eskatu dio ez uko egiteko euskara Europako hizkuntza ofizial izateko aukerari.
Alderdi batzuek ere erantzun dute. EAJk sare sozialen bidez azaldu du asmoa duela ofizialtasunaren aldeko lanean jarraitzeko. «Euskarak merezi duen tokia izango du Europan, nazio bat baikara», azaldu du. Salatu du PPk «maniobra zikinak» egin dituela akordioaren kontra. Espainiako Kongresuko EAJko eledun Maribel Vaquerok ziurtatu du azalpenak eman behar dituena PP dela, «bere makineria guztia martxan jartzeagatik gure hizkuntzaren kontra, euskararen kontra». Erantsi du Euskara Europako hizkuntza dela, «Europako hizkuntzarik zaharrena», eta PPri aurpegiratu dio ofizialtasuna eragozten saiatu izana. «Ekinean jarraituko dugu errealitate izan dadin», amaitu du.
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia ere sare sozialetan mintzatu da. Bide bertsutik, ziurtatu du ekinean segituko dutela euskararen ofizialtasuna lortzeko: «Europako hizkuntzarik zaharrenak lortuko du merezi duen tokia Europako Batasunean. Lanean jarraitzen dugu, lan asko eta zarata gutxi. Gure herri estrategia arnasa luzekoa da. Harro herri, lortuko dugu!».
Gaur egun, Europako Batasunak 24 hizkuntza ditu ofizialtzat hartuak. Bakar bat da gutxitua: Irlandak lortu zuen 2022an gaelikoa onestea. Aldaketa onartzen bada, ez da automatikoa izango, eta era progresiboan ezarriko da datozen urteetan, Irlandako gaelikoa bezala. Aitortza gauzatzeko, EBko 1/1958 araudian egin beharko da moldaketa. Araudi horrek baldintza bakarra ezartzen du hizkuntza bat ofizialtzat jotzeko: Europako Batasuneko estatu kideren batean ofiziala izatea. Baldintza hori betetzen dute euskarak, katalanak eta galegoak.