Hego Euskal Herriko medikuek greba mugagabea hastekoa zuten urriaren 28an; alta, Greba Batzordeak atzeratzea erabaki du, Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek azaroaren 29rako hauteskundeetara deitu duela eta. Ikusi nahi dute gobernu berriaren jarrera zer-nolakoa den, eta horregatik hartu dute erabakia. Dena den, ohartarazpena egin dute: greba deialdiak «indarrean» jarraitzen du, eta berriro mobilizatzen hasiko dira beren aldarrikapenak eta eskariak kontuan hartu ezean.
Medikuen irudiko, bozetara deitzeak «erabat» aldatu du jokalekua, eta, gobernu berria osatu bitartean, ez dute norekin eztabaidatu; hortaz, ez dute modurik ikusten helburuak lortzeko: osasun zerbitzu publikoetako medikuek estatutu propio bat ontzea, negoziazio mahai propioa izatea, derrigorrezko guardiak bertan behera uztea, «lan kargaren araberako» erretiroa...
Greba Batzordeak ziurtatu duenez, hori guztia eskatuko diote gobernu berriari ere, eta, aurrerapausorik ikusi ezean, berriro ekingo diete grebei: «Greba mugagabea atzeratzea erabaki estrategiko bat da, ez atzerapauso bat: greba deialdiak aurrera jarraitzen du». Halaber, hauteskundeei begira jarrita, alderdi guztiei galdegin diete beren eskaerak hauteskunde programetan sartzeko, eta ziurtatu dute lanean jarraituko dutela, medikuen lan baldintzak hobetzeko «konpromiso zehatzak» erdiesteko.