Jakina zen Osakidetzako eta Osasunbideko medikuak greba mugagabea egitera deituko zituztela, jakina zen greba mugagabea uda igaro eta gero hasiko zela, baina noiz ekingo zioten zehaztea falta. Zehaztu dute: urriaren 28tik aurrera izango da. Bai SME Euskadiko Sendagileen Sindikatuak bai SMN Nafarroako Sindikatu Medikoak greba mugagabea babestu dute. Grebaren nondik norakoak zehazteko bilera egin zuten atzo Madrilen, eta gaur jakinarazi dute noiz hasiko duten.
1
Zergatik egingo dute greba mugagabea?
Osasun zerbitzu publikoetako medikuek estatutu propio bat eskatzen dute beren oinarrizko lan baldintzak ezartzeko, osasun zerbitzu publikoetako langile guztien oinarrizko lan baldintzak arautzen dituen esparru estatututik aparte.
Urrats logikoa da medikuen mobilizazioetan: aurrena egun bateko grebak eta mobilizazioak egin zituzten; gero astebeteko grebak, hilero, otsailetik ekainera; eta orain greba mugagabea.
2
Zer da esparru estatutua?
Osasun zerbitzu publikoetako langile guztien oinarrizko lan baldintzak arautzen dituen estatutua da. Gutxieneko lan baldintzak arautzen ditu. Hortik abiatuta, autonomia erkidego bakoitzak dagozkion medikuen lan baldintzak hobetu ditzake.
Gaur egun indarrean dagoen esparru estatutua 2003an onartu zuten. Ordutik asko aldatu da osasun zerbitzu publikoen funtzionamendua, baita hartako langileen lan karga. Espainiako Gobernuak iaz abiatu zuen beste esparru estatutu bat onartzeko prozesua eta negoziazioa. Urtarrilaren amaieran esparru estatutu bat hitzartu zuen CCOO, UGT, SATSE —erizainak— eta CSIF —funtzionarioak— sindikatuekin. Hitzartutakoa lege aurreproiektu bat da, eta Espainiako Senatuan eta Kongresuan onartu behar da.
3
Zergatik nahi dute medikuek estatutu propio bat?
Batetik, Espainiako Osasun Ministerioarekin zuzenean negoziatzeko. Medikuen sindikatuek salatu dute esparru estatutuaren negoziazioan ordezkari bakarra izan dutela, eta ordezkari horrek hitz egiteko aukera bai, baina botoa emateko aukerarik ez duela izan. Osasun Ministerioaren arabera, medikuen ordezkaritza izan da negoziazioetan, baina ez medikuen sindikatuen bidez, baizik eta sindikatu orokorren bidez: CCOO, UGT...
Bestetik, medikuek nahi dute beren lanaren ezaugarriak eta berezitasunak estatutu batean jasotzea. Ezaugarrien eta berezitasunen artean sartzen dituzte prestakuntza —hamar urtetik gorakoa, gainerako langileena baino luzeagoa—, ardura, guardiak...
4
Zer erantzun die Osasun ministroak medikuei?
Monica Garcia Espainiako Osasun ministroak behin eta berriro esan die osasun langile publiko guztien oinarrizko lan baldintzak arautzea dagokiola. Eta, gutxieneko baldintza horiek arautu eta gero, autonomia erkidegoek aukera dutela osasun langileen askotariko sektoreen baldintzak hobetzeko.
Hala ere, herenegun Garciak medikuentzat estatutu propio bat osatzeko aukera onartu zuen lehen aldiz. Hori bai, esparru estatutua onartu eta gero.
5
Nork babesten du greba mugagabea?
Greba batzordea hauek osatzen dute: CESM Espainiako Medikuen Sindikatuen Konfederazioak, SME Euskadiko Sendagileen Sindikatuak, SMA Andaluziako Sendagileen Sindikatuak eta Umyfek. Aste honetan aurkeztu dute Umyf, Medikuen eta Fakultatiboen Batasuna. Hartako kidea da SMN. Baita MC Kataluniako Medikuak, O'Mega Galiziako Mediku Independenteen Sindikatua, Amyts Madrilgo Medikuen eta Goi Mailako Tituludunen elkartea, Simega Galiziako Sendagileen Sindikatua, Avanza Valencia eta Semca Kanarietako Medikuen Sindikatua ere. Haien esanetan, 97.000 mediku ordezkatzen dituzte.
6
Baina medikuek ez al dute lortu beren lan baldintzak hobetzea?
Bai, Eusko Jaurlaritzak medikuen lan baldintzak hobetzea hitzartu zuen SME Euskadiko Sendagileen Sindikatuekin: soldatak hobetzea, guardien eredua berrikustea —halakoak egiteari uzteko adina jaistea eta horiek egiteagatik diru gehiago jasotzea—, librantza sistema hobetzea...
7
Eta hala ere greba egingo dute?
Bai, lan baldintzak hobetzea lortu dute —beste autonomia erkidego batzuetan ere hala egin dute—, baina greba egingo dute, estatutu propio bat eskatzeko, gainerako sindikatuekin eta elkarteekin batera.
8
Eta Nafarroan?
SMNk esan du greba mugagabea babestuko duela. Nafarroako medikuen egoera berezia da, salbuespena baita Nafarroa. Osasunbideko profesional guztiak Nafarroako Gobernuaren funtzionarioak dira, eta hari dagokio medikuen lan baldintza gehienak arautzea, ez esparru estatutuari. Osasunbideko langileen lanaldiak soilik daude esparru estatutuaren mende.
9
Onartuko al da esparru estatutua?
Zaila izango da. Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak onartu zuen lege aurreproiektua, baina Senatuan eta Kongresuan onartzea falta da. Oraingoz ez du beharrezko babesik. Monica Garcia Osasun ministroak kontra ditu autonomia erkidego gehienak eta haietan agintzen duten alderdiak —EAJ eta PP, nagusiki—, esparru estatutua Osasun Ministerioak negoziatu eta hitzartzen duelako, baina medikuen greben ondorioak autonomia erkidegoetako osasun zerbitzu publikoek —eta herritarrek— jasaten dituztelako: hitzorduak bertan behera geratzea, itxaron-zerrendak luzatzea... Kasu honetan, bitxia bada ere, Osasun sailburu eta kontseilari asko medikuen aliatuak dira, eta ezinegona eta haserrea helarazi diote Garciari, esparru estatutuaren lege aurreproiektuak ez duelako medikuen babesik. Negoziazioak hutsetik hasteko eskatu diote ministroari.
Gainera, 2027ko hauteskunde egutegian daude Espainiako hauteskundeak eta Madrilgo autonomia erkidegokoak. Monica Garcia izango da Mas Madriden hautagaia Madrilgo hauteskundeetan, eta ministerioa utzi beharko du.
10
Osakidetzako langileek ere greba egingo dute?
Bai. Eusko Jaurlaritzak SMErekin lortutako akordioak Osakidetzako gainerako sindikatuen eta langileen haserrea piztu du. Eusko Jaurlaritzari eskatu diote langile guztien lan baldintzak hobetzeko, ez medikuenak bakarrik. Horrez gain, uste dute lan baldintzak mahai sektorialean negoziatu behar direla, ez aldebiko negoziazioetan. Bost greba egun egingo dituzte: urriaren 30ean eta abenduaren 14an Osakidetza osoan, abenduaren 9an Araban, abenduaren 10ean Bizkaian, eta abenduaren 11n Gipuzkoan.