Atzerritarren Legearen argi-ilunak hizpide

Hego Euskal Herrian bizi diren migratzaileen eta atzerritarren eskubideak zehazten ditu 1155/2024 Errege Dekretuak, eta horren onurez eta gabeziez jardun dute egunotan Bilbon, Atzerritartasun Zuzenbideari buruzko kongresuan.

Calzada eta Albizua abokatuak, atzo, mahai inguruan, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Calzada eta Albizua abokatuak, atzo, mahai inguruan, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
maddi iztueta olano
Bilbo
2026ko azaroaren 27a
12:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eskuin zein ezker, migrazioa hizketagai nagusi bilakatu da azken hilabeteotan; are gehiago, eskuin muturrak bere diskurtsoaren erdigunean jarri duenetik. Halere, inor gutxik ezagutzen du Espainiako Estatuko Atzerritarren Legea, baita migranteek bizileku eta lan baimenak lortzeko bete beharreko irizpideak eta egin beharreko urratsak ere. Horren inguruan jardun dute Bilbon bi egunotan, Bizkaiko Abokatuen Elkargoak antolatutako Atzerritartasun Zuzenbideari buruzko Kongresuan, eta argitara atera dituzte legearen argi-ilunak. 

2024ko azaroaren 19an onartu zuten 1155/2024 Errege Dekretua, zeinak 2011ko Atzerritarren Legea ordezkatu zuen, eta iazko maiatzaren 20an sartu zen indarrean. Lege erreformak ezarritako aldaketei eta zirrikituei erreparatu zieten atzo Carmen Rodriguez Torre, Estibaliz Albizua Madariaga eta Telmo Javier Calzada Peña abokatuek, Hiru begirada 1155/2024 Errege Dekretuari: Zorroztasun administratiboa, eskumen autonomikoak eta migratzailearen eskubideen defentsa izeneko mahai-inguruan. Rodriguezek argi esan zuen: «Eromena izan da. Erreformen eta kontraerreformen zurrunbilo batean murgilduta gaude 2024tik». 

Erreformak zuzenean eragiten die Hego Euskal Herrian bizi diren migratzaileei, Eusko Jaurlaritzak ez baitu eskumen osorik migrazioari dagokionean, eta Madrilen hartzen dituzte zenbait erabaki. Rodriguezen arabera, aspalditik «ez aurrera eta ez atzera» zegoen neurri bat «azkartu» nahi izan zuten, aintzat hartu gabe migrazioaren aferak hainbat ministeriori eragiten diola, eta, horrenbestez, «baditu zenbait hutsune». Halere, iritzi dio sustraitzeko irizpideen alorrean «onura handiak» ekar ditzakeela.

«Administrazioek ezin dute esku hartu jatorrizko herrialdeetako organismoetan»

CARMEN RODRIGUEZ TORRE Abokatua

Gaur egun, Hego Euskal Herrian bizi diren migratzaileek sustraitzeko bost aukera dituzte: gizarteari lotutakoa, familiari dagokiona, sozio-laborala, gizarte eta heziketari lotua eta bigarren aukerarena. Erreforma indarrean sartu aurretik, migratzaileek hiru urte itxaron behar zituzten sustraitzeko —familiaren bidezko sustraitzearen kasuan izan ezik—; orain, nahikoa da eskaera egin aurretik bi urtez bertan bizitzea. «Finean, irizpideak bateratu dira», nabarmendu zuen Rodriguezek. Bada lotu gabeko zirrikitu bat, ordea. Abokatuak azaldu zuenez, 1155/2024 legean ez dago zehaztuta eskaera egiten dutenak denbora batez Hego Euskal Herritik edo Espainiako Estatutik irten ote daitezkeen, ezta horrek eskaeran eraginik izan dezakeen ere. 

Aurtengo uztailaren 8an Atzerritarren Legearekin lotutako ebazpen bat eman du Espainiako Auzitegi Gorenak, eta eragina izan du, besteak beste, familiari dagokion sustraitzearen bidean, ebatzi baitu ezein egoeraren gainetik «familian bizitzeko eskubidea» lehenetsi behar dela. Rodriguezek adierazi zuenez, baina, sustraitze mota hori aurrera eramateko «arazo handi bat» egoten da sarri; hots, eskatzailearen jatorrizko herrialdeko kontsulatuak eskaera baimentzea. «Administrazioek ezin dute esku hartu jatorrizko herrialdeetako organismoetan», gehitu zuen.

Lan arloko trabak

Eusko Jaurlaritzako zerbitzu juridikoko abokatuak dira Albizua eta Calzada, eta Europako Batasunetik kanpoko migratzaileek lan arloan pairatzen dituzten traba nagusien berri eman zuten. Indarrean dauden legediak eskuetan, Albizuak azpimarratu zuen hirugarren herrialdeko langile batek eta Hego Euskal Herriko edo EBko langile batek lan baldintza berak izan behar dituztela. «Ez da legezkoa EBtik kanpoko norbait kontratatzea hari gutxiago ordaintzeko asmoz», esan zuen.

«Ez da legezkoa EBtik kanpoko norbait kontratatzea hari gutxiago ordaintzeko asmoz»

ESTIBALIZ ALBIZUA Abokatua

Arlo horretan Eusko Jaurlaritzak dituen eskumenak azaldu zituen xehe-xehe. EBko 1233/2024 legeak prozesu administratibo bakar bat zehazten du EBko herrialde batean lan egin nahi duten atzerritarrentzat. Espainiako Estatuak eta Eusko Jaurlaritzak banatuta daukate izapide horren ardura: Espainiako Estatuari dagokio bizileku baimena onartzea edo ukatzea; Eusko Jaurlaritzari, aldiz, atzerritarrak lortutako lan kontratua legezkoa dela egiaztatzea. Ezin da baimen bat lortu bestea gabe, hau da, bizileku baimena ukatuz gero, ezin da lan egiteko baimenik izan; eta alderantziz. Izan ere, Albizuak ohartarazi zuen atzerritarrekin hitzartutako kontratuek EBko eta Espainiako Estatuko zuzenbideak bete behar dituztela, baita egin asmo den lan arloko hitzarmena ere. 

Horrekin lotuta, 2025eko uztailetik hona esku artean izandako zenbait kasuren berri eman zuen Calzadak. Gaurdaino, hamabi kasu jaso dituzte, eta horietatik zortzik hasi dute prozesu judizial edo administratibo bat. Oro har, lan eskaintzak tentuz aztertzeko deia egin zuen: «Ez da onargarria lan eskaintza baten baldintzen artean 'lana egiteko gogoa' edo 'adeitsua izatea' eskatzea, eta hori baliatuta Hego Euskal Herrian edo Espainian bizileku eta lan baimena duten hautagaiak baztertzea, eta atzerriko herrialde batetik langile bat ekartzea». 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA