Errioxan piztutako sute bat Bastidaraino zabaldu da, baina kontrolpean dute

Eraikin bat edo beste erre da Errioxako Gimileo herriko alde zaharrean, baina suak ez du kalte handirik eragin Araban.

Gimileon piztutako sutea, atzo. ERRIOXAKO GOBERNUA
Gimileon piztutako sutea, atzo. ERRIOXAKO GOBERNUA
2025eko abuztuaren 13a
08:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atzo Gimileoko San Pelayo mendian (Errioxa, Espainia) piztu zen sutea Araba hegoaldera iritsi zen, baina, gaueko hamarrak alderako, kontrolatzea lortu zuten. Sua arratsaldeko seiak inguru zirela piztu zen, Gimileon; haizeak zabaldu egin zuen, eta, Ebro ibaia zeharkatuta, Bastida inguruko zuhaizti batera iritsi zen. 

Orduan, eten egin behar izan zuten Harotik Brioneserako (Errioxa) tren zerbitzua. Guardia eta Ganboako (Araba) suhiltzaileak ere  aritu dira sua itzaltzeko lanetan, eta oraindik ere horretan dihardute, garrak ez daitezen berriz piztu. Zortzi hektarea inguru erre dira guztira, eta eraikin bat edo beste ere bai Gimileoko alde zaharrean. Araban, ordea, suteak ez du kalte handirik sortu.

Arabara heldu den hori atzo Errioxan piztu ziren zortzi suteetako bat da. Gutxi gorabehera 38-39 gradu izan zituzten atzo inguru horretan; badira egun batzuk bero handia hasi zela, lurra lehorra dago, eta sute arriskua handia da.

Nafarroan, Zarrakazteluko sua kontrolpean dute, baina oraindik ez dute itzali. 220 hektarea erre dira oraingoz, horietatik gehienak pinudi eremuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.